Astelehenean egitea, ia ezinezkoa

Sanchez askatu edo kartzelan mantendu erabaki aurretik, Llarena epaileak bost egun eman dizkie aldeei haien iritziak azaltzeko. JxC: «Goizegi da inbestidura saioa atzeratzeko»

Bi xingola hori erraldoi Jordi Sanchez eta Oriol Junqueras diputatuen aulkietan, joan den ostegunean Kataluniako Parlamentuan. TONI ALBIR / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Sekulako ezustekorik gertatu ezean, datorren astelehenean, behintzat, ez dute egingo Jordi Sanchez JxC Junts Per Catalunyaren zerrendako bigarrena Kataluniako Generalitateko presidente inbestitzeko osoko bilkura. Izan ere, behin-behinean kartzelatutako hautagaia saiora joateko aske utzi ala ez deliberatu aurretik, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak erabaki du bost eguneko epea ematea akusazioko eta defentsako abokatuei Sanchezen eskaerari buruzko haien iritziak azaldu ditzaten. Epe hori gaur aktibatuko du epaileak, eta kontuan hartuta instrukzio fasean asteburuetan ere aurkeztu daitezkeela alegazioak, astelehena bera litzateke horretarako azken eguna. Ondoren erabakiko du Llarenak.

JxCko diputatuek atzo jendaurrean plazaratu zuten, ordea, espero dutela Llarenak astelehena baino lehenago egitea auziari buruzko hautu bat. «Astelehenera begira berak [Sanchezek] jarraitzen du izaten inbestidurarako JxCren hautagaia», esan zuen Eduard Pujolek. Asteleheneko 10:00etarako jarri du hitzordua Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak (ERC), eta Josep Costak (JxC) adierazi zuen ez dagoela hitzordua atzeratzeko arrazoirik: «Goizegi da inbestidura saioa atzeratzeko».

Kataluniako prozesu subiranistaren harira matxinada delitua leporatuta, Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohia joan den urriaren 16tik dago espetxeratuta Soto del Realean (Espainia). Espetxean mantenduz haren oinarrizko eskubideak eta eta demokratikoki aukeratutako legebiltzarraren borondatea urratzen direla argudiatuta, aske utz dezala eskatu zioten, herenegun, Gorenari.

Beste aldetik, Auzitegi Konstituzionalak Sanchez kartzelan mantentzea erabaki zuen atzo, aho batez. Auzitegi Nazionalak espetxeratua izan eta gero, Sanchezek haren behin-behineko espetxealdia bertan behera uzteko babes helegitea jarri zuen Konstituzionalean joan den azaroaren 22an. Auzitegiak inpugnazioa tramiterako onartu zuen otsailaren 5ean, baina, horri buruz ebatzi bitartean, askatasuna ukatu dio. Ebazpenak dioenez, «jurisprudentzia konstituzionalaren» arabera ez da adosten askatasuna ukatzen duten neurriak bertan behera uztea, nahiz eta horrek zuzenean eragin askatasun pertsonalaren oinarrizko eskubideari. «Behin-behineko neurria bertan behera uztea eta eskatzaileari aldez aurretik babesa eskaintzea gauza bera lirateke. Kasu horretan edukirik gabe geratuko litzateke helegitea».

NBEren ohartarazpena

Katalunian gertatzen ari denaren harira, NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazpen bat egin dio Espainiako Estatuari. Zeid Ra'ad al-Hussein NBEren Giza Eskubideen goi mandatariak txosten batean adierazi du behin-behineko kartzelaldiak «azkeneko baliabidea» izan beharko lukeela. Jakinarazi du, gainera, «atsekabetuta» dagoela Espainiako Poliziak U-1ean erabili zuen «biolentziarengatik».

Bestetik, Agusti Alcoberrok ANCko presidenteordeak eskatu die alderdi subiranistei eraiki dezatela «zin egindako errepublika»; gainera, herritarren lana nabarmendu du. Elkarte zibilak manifestazioa egingo du datorren igandean Bartzelonan, eta Errepublika orain izango da mobilizazioaren leloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.