Katalunia

Alemanian botere banaketa «argia» da, Puigdemonten abokatuaren ustez

Alonso Cuevillasen esanetan, «elementu sendoak» daude pentsatzeko Espainiak eginiko estradizio eskaera ukatuko dutela. Auzia «kontu diplomatiko gisa» interpretatzea aurpegiratu dio Madrili

Jaume Alonso Cuevillas Carles Puigdemonten abokatua, herenegun parlamentuan egindako saioan. QUIQUE GARCIA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
«Zuhurki», baina baikorra da Jaume Alonso Cuevillas Carles Puigdemonten abokatua. Joan den igandean, Alemaniako Poliziak Kataluniako presidente ohia eta JxC Junts Per Catalunyako diputatua atxilotu zuenean, iragarri zuen bere bezeroak bizpahiru hilabete igaro beharko zituela Alemanian, Espainiako Estatuak haren kontra agindutako euroaginduaren ondorioz. Astelehenetik behin-behineko atxiloaldian dago Neumuensterreko kartzelan, Alemania iparraldean, eta lander hartako fiskaltza datorren astean da erabakitzekoa estradizioa onartzen duen ala ez. Kataluniako prozesu subiranistaren harira auzipetuta dago, matxinada eta diru publikoaren erabilera okerra egotzita. Igaro dira egun batzuk, ordea, eta iruditzen zaio Alemaniako Justiziak Puigdemont estraditatzeko eskaera ukatu dezakeela, hala izateko «elementu sendoak» daudela. Horixe jakinarazi zuen, atzo, RAC1 irratian.

Bide batez, Espainiako Estatua kritikatu zuen abokatuak, iritzita CNI Espainiako Inteligentzia Zentroak Puigdemont Alemaniara heldu arte itxaron zuela atxilotzeko. CNIk Puigdemonten autoari geobilatzaile bat jarri ziola «frogatuta» dagoela, eta jokabide hori «irregularra» dela nabarmendu zuen, gainera. Horrek atxiloketa «legez kanpokoa» bihur dezakeelakoan dago, eta Danimarkaren «ezinegona» azpimarratu zuen bide batez, CNIkoek ez zietelako jakinarazi han jardutekoak zirenik. Cuevillasek ondorioztatu du, beraz, zerbitzu sekretuek Alemanian atxilotua izatea hauspotu zutela, pentsatuz Alemaniako jurisdikzioa egokiagoa izan zitekeela estradizioa gauzatzeko.

Cuevillasen ustez, Espainiako Estatuak justiziaren funtzionamenduaz duen «kontzepzio hispanikoarekin» zerikusi zuzena du jokamolde horrek. «Uste dutekontu diplomatiko bat izango dela, eta zera arrazoitzen da: 'Gu Merkelen lagunak garenez, epaile alemanek esango dute Merkelek esaten duena'». Alonso Cuevillasek gehitu zuen botere banaketa «argia» dela Alemanian, eta ondokoa ohartarazi: «Puigdemontentzako Alemaniako jurisdikzioa Belgikakoa baino kaltegarriagoa izango dela pentsatzen duenak ez du nahikoa informaziorik».

Defentsarako diru bilketa

Puigdemonten eta Antoni Comin, Lluis Puig eta Meritxell Serret Kataluniako kontseilari ohien defentsarako gastuak estaltzeko, diru bilketa bat hasi dute www.defensaexili.org webgunearen bidez. Clara Ponsati kontseilari ohiak antzeko kanpaina bat abiatu zuen herenegun, eta ordu bakan batzuetan 228.000 euro bildu zituen. Horien denen kontrako euroagindua ezarrita dauka Espainiak.

Bestetik, Italiako eta Frantziakohainbat intelektualek, tartean Erri de Lucak eta Roberto Savianok, manifestu bat kaleratu dute Le Monde egunkarian, Espainiako Estatuari eskatuz aska ditzala preso dauden politikariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.