Eskoziako Gobernuak ofizialki eskatu dio Londresi galdeketa egitea

Adrian Garcia.
2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak eskutitz bidez ofizialki eskatu dio Erresuma Batuko Gobernuari independentzia erreferenduma egiteko baimena, brexit-a dela-eta eskoziarrek «beren etorkizuna» aukeratzeko. Donwing Streeteko 10. zenbakian jaso dute mezua, eta adierazi dute «bere garaian» erantzungo diotela. Halere, orain arte Theresa May lehen ministroa baimena ematearen aurka agertu da, «une egokia» ez delakoan. Brexit-aren emaitza jakina denean nahi du Edinburgok erreferenduma egin, baina egutegia atzeratu beharko du, ziurrenik. Izan ere, Europar Kontseiluak ez du etorkizuneko harremanei buruz hitz egin nahi haustura adostu arte.

Oraingoan, malguago mintzatu da Sturgeon epeei buruz; 2018ko udazkenaren eta 2019ko udaberriaren artean egiteko eskatua du Eskoziako Parlamentuak. «Aldaketak baleude gure egutegian izango lituzkeen eraginak kontuan hartuko ditugu».

Hurrengo urratsak

Sturgeonek espero du Londresek ez duela Eskoziako Parlamentuaren borondatea blokeatuko. «Ez dago horretarako arrazoizko motiborik». Edonola ere, Sturgeonek adierazi du Mayk ezezkoari eutsiko balio estrategia aldatuko lukeela Pazko atsedenaldiaren ondoren. «Eskoziako Parlamentuaren mandatua errespetatu egin behar da. Galdera ez da egingo ote den, noiz baizik».

Eskoziako Gobernuak Londresileporatu dio nazioen ikuspegia ez kontuan hartzea. «Konpromiso bat lortzeko gure saialdi guztiak baztertuak izan dira». Eskozian gehienek EB Europako Batasunean geratzearen alde egin zuten. «Testuinguru honetan, eskoziarrek autodeterminazio eskubidea izan beharko lukete».

Haatik, azken inkesten arabera, soilik %35 daude ados brexit-aren aurretik beste erreferendum bat egitearekin. Independentziaren aldeko babesa, berriz, egonkortu egin da, %45 inguruan. %50era irits daitekeela ere erakutsi dute zundaketa batzuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.