Ilimane Diop. Laboral Kutxako jokalaria

«Pisuak ez nau itsutzen»

Harrobiko fruitua da Diop: luzea, meharra eta adoretsua. Iragan sasoian taldearen beharragatik egin zuen debuta, eta orain Crespiren konfiantza duela dirudi. Buesako zaleen kutun berria da.
LABORAL KUTXA BASKONIA

Imanol Magro Eizmendi -

2014ko urriak 11
Ez da oso hiztuna, baina bai atsegina. 1995ean irten zen Senegaldik, lehenbizi Tenerifera (Espainia) eta handik Gasteizera. Diopek (Dakar, 1995) bost urte daramatza Euskal Herrian, baina euskararik ez daki: «zaila da» esanez zuritu du bere burua. 19 urte ditu, eta 210 zentimetro luze da, baina ez da 100 kilora iristen. Deigarriena, halere, haren beso amaigabeak: zabalduz gero, 240 zentimetro luze dira.

Zer moduz hasi duzu sasoia?

Orain jokalari bat gehiago naiz, besteen maila berekoa. Konfiantza ematen dit horrek, eta erantzukizun handiagoa ere bai... Tira, taldekide zaharragoek duten erantzukizun bera.

Hori presioa al da?

Ilusioa da gehiago, gauza onak egin eta nire jokoa garatzeko. Ez dut inolako presiorik sumatzen; benetan diot.

Nolakoa da Marco Crespi?

Gogorra da. Oso exijentea da entrenamenduetan, eta hori ona da. Hura ere oso langilea da. Niri gustatzen zait haren izaera.

Harreman ona duzue?

Gizon atsegina da. Noizean behin gogor hartzen nau, baina eskertzen dut; jokoa ulertzen laguntzen dit, jokoan gehiago sar nadin. Nik onera hartzen dut beti.

Bartzelonan, lehen jardunaldian, 18 minutu jokatu zenituen: badu zugan konfiantza.

Pozik nago egun horrekin, jokalariok jokatzea nahi dugulako. Baina, tira, ezin naiz lokartu.

Joan direnen hutsuneak nabarituko al dira?

Tira, normala da nabaritzea. Chapu Nocioni, esaterako: jokalari handia, pertsona bikaina taldean... Baina berriak ere hor daude, eta aurrera begiratu behar dugu.

Nolakoak dira berriak? Bateren batek harritu al zaitu?

Jokalari onak dira. Nik ez dut esperientzia handirik profesionaletan; alderatu ahal izateko diot, baina oso langileak dira denak.

Eta pibotak?

Morroi gogorrak dira. Denok banatzen dugu egurra [barrez]... Aizu, hori ere jokoaren zati bat da.

Ikusi da taldea egiteke dagoela.

Lehen bi partidak Bartzelonaren aurka izan dira... Talde ia guztia berria da, eta horrek denbora eskatzen du. Zenbat? Ez dakit. Ea Unicajaren aurka gauza hobeak ikusten ditugun.

Aurkari gogorra hura ere?

Euroligako talde bat da: horrekin, ia dena esana dago.

Taldeko jokalari asko berriak dira ACB ligan, zu iragan sasoian zinen bezala. Ausartu al zara aholkurik ematen?

Bueno, epaile kontuetan ACBn ezberdina da. Kontu handiz jokatu behar duzu, kontaktuak zigortzen dituztelako, eta hasi berria bazara falta asko egin ditzakezu. Tira, nik oraindik ere baditut arazoak horrekin. Aurkariek ere gazte ikusten naute, eta gogorrago aritzen dira nire aurka. Alde horretatik, esperientzia hartu behar dut. Eta aholkuak... Eskarmentu gutxiegi dut.

Zer moduz udako lana?

Ondo, belaunak eta hankak indartzen bereziki, lesioak eragozteko [babes handiak erabiltzen ditu belaunetan]. Uda ona izan da, familiarekin ere egon naiz eta...

Senegalera joan al zara?

Bai, laguntza handia da: familia ikusi... Urtero joaten naiz, eta berehala itzuli. Maite dut hara joatea, Senegal nire herrialdea baita.

Arroz eta arrain ona duzue han. Hala ere, ez dirudi, bada, pisu askorik hartu duzunik.

Pibota naizenez, pisua oso garrantzitsua da, baina ez naiz itsutzen. Denbora dut aurretik, eta saiatzen naiz indartzen. Lanean ari naiz, eta pisua hartu ahal izango dudala uste dut... Epe motzean izatea espero dut, behintzat.

Ehun kilo bai?

Ez, oraindik ez. Egunaren arabera gora eta behera ibiltzen naiz.

Eskolako atsedenetan makarroiak jatera behartzen zintuzten bere garaian.

Hori bukatu zen, eta orain denetarik jaten dut: arroza, arraina eta beste gauza asko.

Zaleen kutunetako bat zara.

Nabaritzen dut haien babesa, eta oso eskertuta nago.

Gasteizen bost urte daramatzazu; erabat egokituta?

Hiri txikia da, polita, jateko ona du... Pozik nago. Hori bai, hotza... Hori da okerrena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna