Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Naufragoak

Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 23a
00:00
Entzun

'Submergence'



Zuzendaria: Wim Wenders.Aktoreak: James McAvoy, Alicia Vikander. Herrialdea: Alemania-Frantzia-Espainia. Iraupena: 110 min.

Aristotelesen printzipio batek dioenez, hobe dira ezinezko sinesgarriak, posible sineztezinak baino. Win Wendersek gogoan har zezakeen baieztapen hori Submergence zinemarako moldatu zuenean. Tamalez, garai batean kolapso zorian zegoen mundu bateko erretratu egiati eta poetikoekin itsutu gintuen zinemagile hark, bere karrera birflotatzeko gaitasunik gabekoa dirudi. Bere dokumentaletan distira egiten jarraitzen duen arren, oso gutxi geratzen da deserrotutako pertsonaien erretratua egiterakoan oroitarazle eta lirikoa izateko gai zen Wenders hartatik.

Bi pertsonaia bakarti aurkezten ditu oraingoan ere, bi naufrago emozional nor bere buruaren bila, baina oraingoan Wenders itsas azalean geratuko da. Salbuesten badugu bere bi protagonisten artean sortutako kimika ederra—James McAvoy eta Alicia Vikander bikainak—, gainontzekoak fede ekintza handia eskatzen digu ikusleei sinesgarria suertatzeko. Dena dirudi artifiziala eta faltsua folletoi-drama erromantiko eta itxurati honetan. Bere begi-bistako sinbologiatik hasita, diskurtso politiko lausoa —edozein dela ere—, elkarrizketa handinahiak, L'Atalante filmari gainazaleko erreferentzia egiten dion erromantzea, eta apaindura gisa azaldutako interes zientifikora arte. Nolabait, Isabel Coixeten bertsio kafeinagabetu baten aurrean gaudela dirudi.

Wenders bere lanik konbentzional eta komertzialena sinatzera mugatu da, eta zentzu horretan, bidezkoa da aitortzea filma ikuslearen arreta pizteko gauza dela, atsegingarria gertatzeraino. Hain zuzen ere, bere gidoi bihurgunetsua hain arritmikoa ez balitz, itxurazko blockbuster egokia izan zitekeen, bere publikoa aurkitu eta malkoren bat lapur zezakeen. Submergence-k badituelako benetan xurgatzaileak diren —nahiz eta iheskorrak izan— une pare bat, baina Wendersen apatiak jada ezin du gaurko garaiaren erritmoekin konektatu.

Filmaren tonu alegoriko erraz-errazari jarraituz: Submergence-k ur zurrunbilotsuetan murgiltzeko ausardia eta trebezia izan arren, gehiago sakontzeko ezintasunak filma erremediorik gabe ondoratzen du. Wendersen ospearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.