Gabriel del Rio. Maisu Handia eta Euskadiko txapelduna

«Joko maila handienak ez ditu beti emaitzarik onenak ziurtatzen»

Pozik dago Del Rio Euskadiko Txapelketa irabazi duelako; ez, ordea, jokoarekin. Etorkizunari begira, 2600 elo mugara ailegatu nahi du. Horretarako, psikologikoki gogorrago prestatzeko asmoa dauka.

MANU DE ALBA.
Josu Tornay.
2017ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Argentinan jaio zen, eta 12 urterekin Madrilera joan zen familiarekin Gabriel del Rio. 2010etik Sestaon (Bizkaia) ari da jokatzen. Lehen urtean Euskal Liga irabazi zuen. Hurrengo zazpi denboraldietan beste bost eskuratu ditu, taldeka; aurten, lehen aldiz, Euskadiko banakakoa irabazi du.

Zein azterketa egiten duzu torneoan erakutsi duzun joko mailaren inguruan?

Pozik nago emaitzarekin, baina ez jokoarekin. Hutsegite asko egin nituen partidetan eta posizio txar batzuetan. Prietoren edo Trigoren kontra, adibidez, berdintzea lortu zuen. Nekatuta iritsi nintzen Kanarietan jokatutako torneotik. Han askoz hobeto jokatu nuen, baina emaitza eskasagoa izan zen. Joko maila handiak ez ditu beti emaitzarik onenak ziurtatzen.

Mikel Huerga zure aurkari nagusiak lehen txandan galtzeak lasaitasun apur bat emango zizun, ziur aski. Hori izan al zen zuk irabazteko gakoa?

Gakoa izan zen; bukaeran puntukako berdinketa egonez gero [hala gertatu zen], berdinketa hausteko sistemak niri titulua ematen zidan. Baina beste aurkari batzuk izan nituen torneoan, batez ere, Sergio Trigo. Egunero emaitza onak lortu zituen, eta presio egin zidan. Bestalde, Huergaren kontrako azken-aurreko partidan jokaldi gutxitan egin nuen berdinketa, eta barkamena eskatu nuen sari banaketa ekitaldian. Izan ere, borrokarik gabeko berdinketa ez da polita zaleentzat. Baina, egoera ikusita, eta pieza zuriekin egonda, pentsatu nuen hobe zela berdinketa ziurtatzea eta azken txandan garaipenaren bila joatea.

2009an irabazi zuen azken aldiz Maisu Handi batek torneo hau, Mario Gomezek. Aurten, tituludun gutxiago zeuden, eta jokalari garrantzitsu batzuen falta igarri zen. Torneoaren maila apur bat beherantz joan dela dirudi. Zergatik izan daiteke?

Tituludunen artean Groseko jokalariak [Argandoña, Franco, Gonzalez de la Torre eta Etxegarai] ez dira aritu. Maila ertaineko jokalariak falta izana ez dut ulertzen. Oso torneo polita eta interesgarria da. Jokatzea gehien gustatzen zaidan torneoa da.

Duela hamarkada batzuetatik, jokalari berak daude lehen postuetan Euskal Herriko xakean. Maisu Handi berririk ez dago. Zergatik?

Hori ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen. Hori Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan ere gertatzen da. Nik sentsazioa daukat hemen xakeko Maisu Handia izatea ez dela garrantzitsua. Hori ikusita, logikoa da gazteek beste gauza batzuetan jartzea indarrak, batez ere ikasketetan. Xakea ez dela ogibide serio bat transmititzen da, nolabait. Xakeaz bizitzea ezinezkotzat jotzen da, eta hori ez da egia. Lehen, jende gehiago saiatzen zen xakean profesionalki aritzen. Beste edozein lanbidetan bezala, gogor egin behar da lan hortaz bizi ahal izateko. Euskadiko Txapelketan jokalari oso gazteak aritu dira. Uste dut gazteena Ortin izan dela, 15 urterekin, eta 18 dituzte Buizak eta Ortegak. Duten adinerako oso torneo ona egin dute. Ahaleginduz gero, aukera asko dute gora egiteko.

Uste duzu alor horretan Euskadiko Federazioa lan ona egiten ari dela? Eusko Jaurlaritzaren Kirol Legea oztopo bat dela iruditzen zaizu?

Nik uste dut gaztetxoekin lan ona egiten dela, eremu batzuetan behintzat. Eusko Jaurlaritzaren legea ez da erabakigarria. 11 urtetik behera garrantzitsuena xakearekin ondo pasatzea da, eta horretarako ez da ezinbestekoa federatu gisa lehiatzea.

Nola ikusi zenuen Carlsen-Karjakin norgehiagoka? Luzerako ikusten al duzu Carlsen Munduko Txapeldun?

Titulua erabakitzeko modua ez zait gustatzen, partida bizkorrak erabakigarriak izan ahal dira eta. Baina, orokorrean, nik ez dut uste Carlsen lehengo jokalari batzuk baino hobea denik. Agian, psikologikoki indartsuagoa da, eta lehiakorragoa. Carlsenek irabazi dituen posizio batzuk ezin dira azaldu teknikarekin edo jakintzarekin, baizik eta psikologikoki indartsua eta izaeraz lehiakorra izatearekin.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?

Torneo batzuetan parte hartuko dut udan. Garrantzitsuena Espainiako Txapelketa izango da. Taldekakoa eta banakakoa jokatuko ditut. Baina epe ertainera 2600 elo muga gainditzea gustatuko litzaidake. Orokorrean apur bat desengainatuta nago emaitzekin. Psikologikoa hobeto prestatzen hasi beharko nuke 2600era heldu nahi badut. Bestalde, nik uste dut goitik beste titulu bat sortu beharko litzatekeela; adibidez, Super Maisu Handia edo horrelako zerbait. Nire ustez, ez da serioa Carlsen eta ni, adibidez, teorikoki kategoria berean egotea. Horrek aldatu egin behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.