Goi Paleolitoko labar artearen hainbat grabatu aurkitu dituzte Erlaitz leizean

Zortzi animalia irudi topatu dituzte Antxieta elkarteko kideek, duela 22.000 eta 15.000 urte bitartean egindakoak.

Ekaingo margoak baino zaharragoak dira, eta Danbolinzulokoak baino berriagoak
Ezkerreko irudian, uro baten burua; eskuinekoan, orein eme batena. Ikerlariek grabatuak zuriz markatu dituzte argazkietan, animalien irudiak hobeto ikuste aldera.
Ezkerreko irudian, uro baten burua; eskuinekoan, orein eme batena. Ikerlariek grabatuak zuriz markatu dituzte argazkietan, animalien irudiak hobeto ikuste aldera. ANTXIETA ELKARTEA

Ainhoa Sarasola -

2015eko otsailak 26
Historiaurreko altxor ugari gordetzen dituzte Sastarrain bailara inguruko haitzuloek (Gipuzkoa). Ongi gorde ere, leizeen barrunbe ilunetan zaila baita haiek igartzea. Baina tarteka izaten da aurkikuntzarik. Ekain eta bere hormetako zaldiak izan ziren lehenak azaleratzen; Danbolinzuloko haitzuloan ere labar margoak aurkitu zituzten duela hilabete eskas, eta labar artearen beste harribitxi bat topatu dutela jakinarazi dute orain: Erlaitz haitzuloan (Zestoa) hainbat animalia irudi topatu dituzte horman grabatuta.

Lehenago Ekain eta Danbolinzulon bezala, Antxieta Jakintza Taldeko kideek egin dute aurkikuntza. Labar pinturak ez, grabatuak dira, beraz, orain aurkitutakoak —ikusten margolanak baino zailagoak direnak—. Gutxienez, zortzi animaliaren irudiak ikus daitezke; zaldiak, orein emeak eta uroak ageri dira. Hala ere, litekeena da gehiago ere izatea, beste batzuen zantzuak ere ikusi baitituzte. Kareharrizkoak dira leizearen hormak, eta grabatuen egileek ez zituzten haiek aurrez garbitu edo prestatu behar izan, Alvaro Arrizabalaga Aranzadi Zientzia Elkarteko kide eta EHUko irakasleak azaldu duenez. Halaber, adituaren arabera, harrizko tresna batekin egin zituzten grabatuak, gubil batekin ziurrenik. Bertan aurrez topatutako material arkeologikoa gehitu behar zaio aurkikuntzari.

Datazioari dagokionez, halako grabatuen kasuan erabateko adostasunik ez badago ere, ikerlariek uste dute duela 22.000 eta 15.000 urte artean egin zituztela. Hala, Danbolinzulo eta Ekain artean kokatu dute Erlaitzeko aurkikuntza; Danbolinzuloko pinturak zaharragoak dira—orain dela 18.000 urtekoak—, eta berriagoak dira, berriz, Ekaingoak —duela 14.000 urte sortutakoak—.

Bi garaitara zabaltzen da haitzuloaren erabilera: Goi Paleolitoan bizileku gisa baliatu zuten garaiko biztanleek, eta Eneolitoan edo Brontze Garaian, berriz, ehorzketa leku gisa.

Ekaingo kobazulotik oso gertu dago Erlaitz, Zestoa eta Debaren arteko mugatik hurbil. 1978. urtetik da ezaguna, Antxietako hainbat kidek Paleolito garaiko eta osteko material arkeologikoak aurkitu baitzituzten. Talde bereko kideek egin zuten Danbolinzuloko aurkikuntza, eta inguruko leize batzuk berrikusteko grina piztu zitzaien. Erlaitzen sartu, eta hormak sakon miatzeari ekin zioten. Hala topatu dituzte grabatuak.

Kobazuloko goiko aldeko maila batean, sabaian zeuden, iristeko zaila den leku batean, Iñigo Arizaga elkarteko kideak adierazi duenez. «Oso toki polita da, erosoa; kaperatxo moduko bat da, beste aldera balkoi moduko bat du...». «Leku erreserbatu» esaten diete horiei adituek, «santutegi» moduko bat direnei. Beraz, Arizaga izan zen lehena tokira iristen, baina ez zuen deus ikusi, pinturekin alderatuta, grabatuak antzematea zaila baita lehen begiratu batean. Javier Maiz taldekideari deitu zion, eta hark bai, zeharkako argi batzuk baliatuta, grabatuak ikustea lortu zuen. Ostean, Arrizabalaga eta Marcos Garcia zein Mari Jose Iriarte EHUko Historiaurreko Taldeko kideak joan ziren bertara, eta aurkikuntza historiaurrekoa zela egiaztatu zuten.

Kultur paisaia berria osatzen

Danbolinzuloko aurkikuntza jakinarazi zutenean, Marcos Garciak esandakoak gogora ekarri zituen Arrizabalagak atzo, Erlaitzekoaren berri emateko agerraldian. «Hutsune edo logika falta bat betetzera datoz aurkikuntza hauek guztiak». Izan ere, orain arteko topatutakoak ikusita eta Goi Paleolitoko biztanleak ehiztari-biltzaile nomadak zirela kontuan hartuta, pentsatzekoa da inguruetan aztarna gehiago egongo direla, eta «zalantzarik gabe» gehiago azalduko direla uste dute ikerlariek.

Aurkikuntzaren garrantzia nabarmendu zuen Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak ere, eta inguruan «kultur paisaia berria» osatzen ari dela adierazi. «Erlaitzen eginiko aurkikuntzak garbi uzten du Deba, Zestoa… Sastarraingo bailara osoa eta ingurua, aberatsa dela labar artean eta orain arte izan dugun ikuspegia gainditu, eta begirada zabalago bat izan behar dugula». Praileaitzeko eta Astigarragako kobazuloak ere inguruan egonik, «modu bateratu batean lan egiteko beharra agerian geratzen da», Badiolaren ustez. Duela sei urte sortu zenetik, Ekain Fundazioak kudeatu du ingurua, Ekainberriko erreplika ardatz hartuta, eta, «osasuntsu» egon arren, «muga berriak jartzeko ordua» iritsi dela uste du Badiolak. Hala, beste erakunde eta eragile batzuekin elkarlanean aritzeari ateak zabalik utzi dizkio.

Alde horretatik, hitzarmena egin eta Debako Udalak zein Foru Aldundiak Praileaitzi buruzko txosten juridiko bat eskatu dutela jakinarazi du diputatuak, ondare hori guztia zaintzeko gaur egungo «babesgabezia egoera gainditzeko helburuarekin».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna