Caleb Ewan

Ekaitz perfektua

Azken urteotako bilakaera itxaropentsua baieztatuta, Down Under itzuliko lau etapa eta erregulartasunaren maillota eskuratu ditu australiarrak. «Isila eta diziplina handikoa» da, Neil Stephens zuzendariaren hitzetan.

DAN PELED / EFE.
unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Bidea egiten ari da oraindik. 22 urte besterik ez dauka, eta asko dauka ikasteko». Oinak lurrean jartzea gustatzen zaio Neil Stephensi, Oricako zuzendariari (Canberra, Australia, 1963). Baina... Lau esprint eta lau garaipen. Denboraldi honetako World Tourreko lehen lasterketan, Down Under itzulian, Australian. «Azken urteotako bilakaeraren baieztapena izan da Caleb Ewanek egin berri duena». Herrikidearen erradiografia zehatza egin du zuzendariak. «Talentu harrigarria dauka, oso prestaketa zorrotza egin du Australiako uda garaia baliatuta, eta konfiantza handia dauka bere buruarengan. Ekaitz perfektua osatu dute hiru ezaugarri horiek».

Australiarra du aita, korearra ama. «Eta bietatik dezente dauka semeak. Oso barneratuta dauka asiarrek hain ohikoa duten diziplina hori». 2014an iritsi zen Oricara, stagiaire gisa. «Garaipen asko pilatzen ari zen gazte bat bazela entzunda neukan ordurako; 16-17 urterekin ondo irabazten zion Allan Davisi, eta pixkanaka joan da bere nortasuna garatzen». Oricako zuzendariaren hitzetan, egunerokoan «oso pertsona serioa» da Ewan. «Ez dauka beldurrik emaitzak lortu ahal izateko oso gogor lan egiteko».

Ewanen izaera berezia dela azpimarratu du Stephensek. «Oso isila da, gutxi hitz egiten du, baina esateko zerbait izaten du hitz egiten duen bakoitzean. Gaztea da oraindik, eta lotsati samarra ere bai, baina oso pertsona adeitsua da. Errespetu handia die taldekideei, eta ondo barneratzen ditu aholkuak. Badaki non dagoen eta zer lortu nahi duen». Bestela ezin eta, abiadura zainetan sartuta dauka Ewanek. «Autoak eta abiadura gustatzen zaizkio». Eta egungo bizitokia da horren erakusgarri: Monako. «Harropuzkeria berekin izaten du, normalean, abiadura maite duenak, eta, tira, hortik ere pixka bat badauka Ewanek».

1,65 metro besterik ez da luze, eta 61 kilo dauzka. «Ni ere ez naiz jirafa, baina Esteban Chaves bera baino baxuagoa da Ewan». Hori bai, altuerarekin batera, txirrindulari gaztearen izter aldearekin gelditzen dira harrituak gehienak. «Potentzia izugarria dauka izterretan; neurriz kanpokoak dira giharrak». Eta esprinta jotzeko modua bera ere ez da ohikoena. «Makur-makur eginda joaten da, burua aurreko gurpila baino are aurrerago duela. Inoiz ikusi gabe nengoen halakorik».Zuzendariak argitu du gorputzaren jarrera hori Australiako Txirrindularitza Federazioaren lanketa zehatz baten ondorioa dela. «Mark Cavendishen esprinterako joera euren egiten saiatu ziren, baina, kopiatu ez, uste dut are hobea bihurtu dutela. Kasualitatetik ezertxo ere ez dauka Ewanen esprintatzeko moduak. Ordu asko dago atzean».

Cavendish aipatuta, britainiarraren ondoan agertzen hasi da jada Ewanen izena. «Eta egia da, britainiarraren gisan, oso txirrindulari bizia dela australiarra ere; oso maila ona ematen ari da esprint azkarretan». Baina Stephensek uste du oraindik ere esprinterrik onenengandik koskaren bat edo beste behetik dabilela. «Lasterketarik indartsuenetan oso gutxitan iristen da tropel nagusian, eta hori dauka hobetu beharra. Cavendishek Milan-Sanremo irabazita dauka, adibidez; lasterketa zoragarri asko eskuratu ditu. Ewanek bide luzea dauka egiteko oraindik».

Italiako Giroa buruan

Hiruzpalau urteko ikasketa prozesuaren azken fasean sartu da Oricako txirrindularia. «Lasterketen garrantzia kontuan hartu gabe, irabaztea zen helburua lehen urtean, profesionaletara iritsi eta bat-batean garaipenen bidea ez eteteko». Lasterketa garrantzitsuagoetara eraman zuten iaz. «Eta beste pauso bat ematen saiatuko gara aurten, lasterketen garrantziari garaipenak gehituta».

Down Under itzulia amaituta, Hegoafrikan egonaldia egingo du orain, «altueran»; Abu Dhabiko Itzulian lehiatuko da gero, otsailaren 23tik 26ra; Tirreno-Adriatikoa ondoren, martxoaren 8tik 14ra; Belgikan bi klasiko jokatuko ditu martxo amaieran; Yorkshire Itzulia apirilaren 28tik 30era; eta Italiako Giroan amaituko du lehen zikloa, maiatzaren 5etik 28ra. Denbora alde dauka Ewanek; izaera eta konfiantza ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.