Gola letren arteei

Letrak eta futbola jaialdiaren eskutik, kirol horrek literaturan, komikigintzan eta kazetaritzan duen presentzia aztertzen ari dira egunotan Bilbon zenbait idazle, kazetari, narratzaile, gidoigile eta futbolari. Horretarako, topaketak, tailerrak eta komiki erakusketa bat antolatu dituzte.

BERRIA.
Bilbo
2014ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Amaitu da partida. Emaitza: 1 eta 0. Gol bat sartu eta emaitza soil bat idazteaz haratago joan daiteke? Garaipena eta porrota adierazten duten zenbaki horien atzean istorio bat dago. Jokalariek eta ikusleek badute zer kontatu: bizipenak, kezkak, emozioak... Literatura eta kirola uztartzea posiblea da. Halaxe erakutsi dute Bilbon, asteon antolatzen ari diren Letrak eta Futbolajardunaldietan. Mahai inguruak, umeentzako tailerrak, komiki erakusketa bat eta literatura sustatzeko hainbat ekintza antolatu ditu Athletic Club Fundazioak hiriburuko BBK aretoan.

Futbola eta literatura lotzen dituzten hainbat esparru jorratzen ari dira jardunaldian. Egundaino, kirol horren eta sormenaren inguruko lotura, kirol erreportajearen egoera eta komikiaren eta futbolaren arteko harremana izan dituzte aztergai. Gaur, futbola oinarri duen literatura izango da protagonista. Hiru idazlek —Argentinatik etorritako Eduardo Sacherik, Santiago Roncagliolo perutarrak eta Ignacio Martinez de Pison zaragozarrak— mahai ingurua egingo dute 20:00etan.

«Literatura eta bizitza, biak material berdinez osatuta daude niretzat. Bizitzan, aukera gutxi ditugu epopeia bat bizitzeko, eta futbolaren eskutik, astebururo batean parte hartzeko abagunea daukagu», dio Ignacio Martinez de Pison idazle eta narratzaileak. Jardunaldiak proposatzen duen ildoari jarraituz, Martinez de Pisonen ustez, bizitza eta literaturaren artean harreman bat dago, eta erlazio horrek norbanakoaren identitatea definitzen laguntzen du: «Bizitzako pasarteek definituko dute zein futbol talderen jarraitzaile bihurtuko zaren. Hori norbanakoaren identitatearekin lotuta dago».

Idazleak futbolaren gaiari buruz idaztean, batez ere, garaipenaren eta porrotaren arteko muga izan du aztergai. Hau da, kirolarekin goia jo duena egun batetik bestera hondoratu daiteke. Duela bi urte bere talde gogokoena den Zaragoza aukeratu zuen. Fortuna txarrarekin, lana argitaratu zuenean, taldea partida guztiak galtzen hasi eta Bigarren Mailara jaitsi zen. Taldearen azkeneko garaipena Athleticen aurka izan zen, Bilbon, San Mamesen. Futbolari buruz idazteko, haurtzaroko esperientziak oso garrantzitsuak direla aipatu du. «Gehienok baloiarekin jolastu gara umeak ginenean. Era berean, idoloak izan ditugu, jokalarien kromoak bildu eta lagunekin aldatu ditugu, eta taldeari garaipena emango dion gola sartzen dugula amestu izan dugu noizbait». Martinez de Pisonen arabera, haurtzaroan izandako amets horien zati bat berreskuratzen dute idazleek helduak direnean. «Futbola jorratzen duen Ramiro Pinilla idazle bizkaitarraren Aquella edad inolvidable (Garai ahaztezin hura) liburua asko gustatu zitzaidan. Athletic taldeari buruz hitz egiten zuen, eta goi mailan egon ondoren amildegiaren ertzean geratzen da protagonista lesio baten ondorioz. Garaipenaren eta porrotaren arteko alde estua kontatzen du Pinillak».

Baina liburu bat idaztea ez da lan erraza, eta sormena izatea funtsezkoa da. Sorkuntzaren eta literaturaren arteko zubia egon behar da. «Berezko sormena duten pertsonak daude, eta futbolean ere abilidade hori daukan jendea badago, oso denbora gutxian jokaldi bat pentsatzen duena edo segundo gutxi batzuetan baloia nondik pasatu erabakitzen duena», dio Zuhaitz Gurrutxagak, Lemoa taldeko futbolari ohiak. Kirolaria izateaz gain, musika talde batean abesten du eta antzerkia eta bakarrizketak egiten ditu. Hala, batzuetan, kirolean antzerki pixka bat egin behar izaten dela aipatu du: «Txirrindularitzan nekatuta edo erdi gaixorik dagoen bat Tourreko etapa batean ondo dagoela erakutsi behar du. Aldi berean, futbolari batek partidan erakutsi behar du ez dagoela nekatuta, nahiz eta horrela sentitzen den. Hori dela eta, badago antzerki pitin bat».

Abestiak konposatzeko orduan, kirolarekiko zaletasuna musikaren arlora ekartzen du. «Askotan gaiak nire bizitzaren ingurukoak, futbolari buruzkoak, izaten dira, eta futbola sartzen dut nolabait hitzetan». Izan ere, futbolak indar handia dauka gizartean, «batzuetan gehiegi». Atzean, giza ikuspegia jorratzen duten istorioak daude. «Telebistan ikusten dugunaz aparte, partidetan istorioak daude, eta horien bidez, futbolaren alde interesgarri bat aurki daiteke. Ohiko esparrutik kanpo kokatzen den alde hori gustatzen zait bereziki, pertsonen bizipenak kontatzen dituen aldea».

Futbolak esparru berezia dauka komunikabideetan egunero, baina, orokorrean, «literatura alde batera uzten da albisteak ematean», dio Ander Izagirre idazle eta kazetariak. Kirola lehengai literario interesgarria bihurtzen ari da idazle askorentzat, eta futbola oinarri duten liburuak sortu dituzte. «Realari buruz idatzi dudan liburuan, Mi abuela y diez más (Nire amona eta hamar gehiago), nire familia, belaunaldi eta hiriari buruz hitz egiten dut azken finean». Izan ere, kirolak propietate berezi batzuk ditu, jende askoren oroitzapenak eta sentimenduak biltzen ditu. «Txirrindularitzari buruz ere idatzi dut, eta denetariko istorioak eman dizkit, dibertigarriak eta tragikoak. Nahiz eta kirola berez ez gustatu, pasarte humanoak dira, eta jende askorentzat interesgarriak izan daitezke».

Irakurle berriak erakarriz

«Azken urteetan fenomeno bitxi bat gertatu da, eta kirol literaturaren loraldi bat gertatzen ari da». Futbola, txirrindularitza eta atletismoa lantzen duten gero eta liburu gehiago idazten ari dira. «Askotan, kirol baten jarraitzaile den norbaitek badaki istorio onak estimatzen», gaineratu du Izagirrek. Jendeak arrazoi batzuengatik hautatzen ditu mota horretako idazlanak: balioak dituelako, bakoitzaren bizitzarekin harremana duelako edo arreta deitzen dutelako. Izagirreren ustez, literatura mota hori irakurle berriak erakartzeko balio du. «Irakurtzeko ohitura ez daukan jendea erakarri ohi du. Ohitura hori ez zuen jende askok esan dit txirrindularitzari buruzko Beruna poltsikoetan liburua aukeratu zuela kirol hori gustukoa zuelako, eta hori pozgarria da. Kirola ate bat izan daiteke literaturan edo kulturan sartzeko».

Kirola joko bat baino zerbait gehiago da. «Indar handiko istorioak ematen ditu, eta bizitzaren irudikapen horretan, egunerokotasunean dauden gauza asko agertzen dira». Beste eleberri batzuetan gertatzen den moduan, protagonistak edozein motatakoak izan daitezke, pertsona fidelak edo traidoreak. Izan ere, bizitzaren irudikapen bat da kirola, ez da markagailuan ageri den emaitza soila. «Gure taldea ez den beste talde baten istorioak erakartzen gaitu. Orain, jendeari asko gustatzen zaio Eibar lehenengo mailara igotzea, hain taldea xumea izanda. Beharbada, berdin zaizu futbola, eta berdin zaizu Eibar taldea, baina txiki baten arrakasta ikusten duzu handienen artean. Azken batean, kirolak istorio unibertsal asko izaten ditu».

Komikigintzan ere bai

Baina, letrek ez ezik, istorio horiek ilustratzen dituzten irudiek ere egiteko garrantzitsua dute literaturan. Komikigintzaren mundua ez da esparru horretatik at gelditu, eta futbola lantzen duten zenbait adibide daude gaur egun. Esparru horretan futbolak ez du egiteko nagusi bat izan denbora luzean. Abenturak, espioitza eta misterioa izan dira abiapuntu oso erabiliak; futbola, ostera, bigarren toki batean geratu da. Hala ere, Santiago Garcia gidoigileak azaldu duen moduan, Hego Ameriketan, Ingalaterran eta Japonian presentzia handiagoa izan du. «Nobela grafikoaren esparruan ez da gaia sarri lantzen, oihanean gertatzen diren pasadizoak edo polizien misteriozko ikerketek arrakasta handiagoa izan ohi dute».

Egoera hori dela eta, kirola eta marrazkiak uztartzeko apustua egin dute Santiago Garciak eta Pablo Riosek Futbol izena duen nobela grafikoarekin. «Futbol partida bat emozioen mataza da, eta hori paperera eramatea oso lan zaila da». Garciaren arabera, futbolak sortzen duen eskpektakuluarekin lehiatzea eta emozio maila bera lortzea nekeza da. «Japoniarrek, adibidez, egoera asko puzten dute, eta dramatikotasunera jotzen dute». Horri lotuta, Oliver eta Benji marrazki bizidun japoniarrak ekarri ditu gogora. «Ezin dira futbol errealarekin alderatu, baina telesaila benetako partida bat baino interesgarriagoa izatea lortu dute». Garciaren ustez, pauso asko eman behar dira komikigintzaren alorrean. Futbola oinarri hartuta, partidaz harago kokatzen diren beste motatako istorioak kontatzeko aukera dago. «Istorio asko atera daitezke, eta kirol ekitaldi soila kontatu beharrean, sakon azter daiteke giroa». Nahiz eta batzuetan komikiek, pasarteak kontatzeko umorea erabiltzen duten, futbolari buruzko kontakizunak ere ikuspegi serioago batetik landu daitezke: «Geure nobela grafikoan hori egiten saiatu gara. Umorea sartu dugu, hala ere, ez da barre egiteko liburu soila izango, futbola modu serioagoan eta ikuspuntu desberdin batean ikusteko beste aukera bat baizik».

Jaialdia amaitzeko, literatura inprobisatuari buruzko topaketa egingo dute bihar, rap eta bertsoz osatutako emanaldi batean. Bestalde, haurrek ere tokia izango dute jaialdian, eta gaur ipuin kontalarien saio bat izango dute 18:00etan Bilboko Alondegian. Gainera, Rekalde Aretoan, Golak eta bunbuiloak erakusketa ezarri dute. Europako eta Ameriketako 40 lan aukeratu dituzte haurrek komiki eta futbolaren arteko harremana gertutik azter dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.