Ehun urte izatea erraldoia da

Uztailaren 30ean ehun urte beteko ditu Gasteizko erraldoien eta buruhandien konpartsak. Erraldoiek 1917an hartu zuten estreinakoz Gasteiz; harrezkero, ia urtero alaitu dituzte Arabako hiriburuko jaiak. Bai haurrak liluratu ditzaten, baina baita helduek goza dezaten ere.

Gasteiz
2017ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Gasteizko jaiak, goizeko hamarrak. Testuinguruan jarrita, makina bat egongo dira erretiratu gabe. Auskalo txosnako musika kendu duten oraindik. Baina prest daude erraldoi eta buru handien konpartsako kideak hiriko kaleak alaitzeko. Egunero elkartzen dira jaietan San Anton kaleko biltegian, han gordetzen dituzte-eta tramankulu guztiak. Kide askoren buruan biharamuna, edo ea zergatik ez ziren aurreko egunean lehenago erretiratu. Kanpoan haur asko zain; oraindik hasi gabe dagoen arren, hasieratik gozatu nahi dutelako kalejira.

Ez da aurten jazo den egoera baten deskribapena. Oraindik ez dira-eta Gasteizko jaiak iritsi. Hala ere, azken urteetan gertatutako egoera bat da; segur aski, aurten ere pasatuko dena. Beste zentzu batekin, ordea: aurten, ehun urte beteko ditu erraldoi eta buru handien konpartsak. Ehungarren urtez jaietako goizak alaituko dituzte.

Uztailaren 30ean ospatuko dute ehungarren urteurrena. Horretarako, erraldoi topaketa antolatu dute. Besteak beste, Iruñeko, Donostiako zein Bilboko erraldoi konpartsak bilduko dira Gasteizera; baita Arabako beste herri batzuetakoak ere. Guztira 50 bat erraldoi batzea espero dute konpartsako kideek. Gasteizkoentzat, ordea, topaketa ez da kontu bakarra izango. Izan ere, duela ehun urte, konpartsaren lehen urtean, atera zuten argazkia errepikatzen saiatuko dira.

Konpartsaren hasierak

«Duela ehun urte erosi zituzten lehenengo erraldoiak», azaldu du Joseba Perea konpartsaren arduradunak. Hala ere, nabarmendu du hirikoak erosi aurretik hainbat erraldoi konpartsak bisitatu zutela Gasteiz, esaterako, Iruñeko konpartsak. «Gustatu egingo zitzaien, eta erosteko kanpaina egiten hasi ziren». Izan ere, erraldoiak izateko diruz laguntzeko eskatu zioten herriari. Hiriko hainbat elkartek sosak jarri zituzten, Circulo Vitoriano elkarteak besteak beste, baina boletoak salduta zein bestelako ekintzekin batu zuten erraldoiak eskuratzeko behar adina diru. Lau erosi zituzten, bi bikote: Aramaioko baserritarrak eta Araba mendialdeko baserritarrak.

Laurekin hasi zuen bere ibilbidea konpartsak; gaur egun, gehiago dira: «Erraldoiak guztira hamar dira. Hiru baserritar bikote eta erregeak», argitu du Pereak. Aramaioko eta mendialdeko baserritarrei Regüeveros bikotea gehitu zitzaien lanean hasi eta gutxira. Erregeak 1990eko hamarkadan batu ziren: «Heraclio Fournier enpresak oparitu zizkion udalari karta saileko lau erregeak», azaldu du konpartsaren arduradunak. «Oso astunak ziren, eta eramateko zailak. Ez zuten asko iraun oparitutakoek». Berritu egin zituzten, ordea, eta gaur egun konpartsako protagonista nagusi dira lau erregeak.

«Ahalegin bat eskatzen dizu erraldoiak eramateak, baina bere fruituak ematen ditu. Jende asko pozten da», esan du Jorge Revilla erraldoi eramaileak. 21 lagun ateratzen dira kalejira bakoitzean, hamar erraldoiak eramateko. Binaka hartzen dute ardura erraldoi bat eramateko, eta hogeitabatgarrena erreserban uzten dute, badaezpada. Revillak nabarmendu du hiritarrek argazkiak ateratzea eskatzen dietela, baita erraldoien barrura sartzea ere, batez ere umeek: «Ezohiko zerbait da eurentza. Kuriositatea dute». Egunero ia ehun aldiz gerturatzen zaizkiela azaldu du, besteak beste, nekatuta dauden galdetzeko. Hala ere, gainontzeko kalejirako kideekin alderatuta, aldeak ikusten ditu: «Erraldoiek gehiago ikaratzen dute jendea. Gutxiago hurbiltzen dira. Argazkia eskatzeko bada bai, baina inork ez ditu ukitzen».

Konpartsa osotasunean

Erraldoiak dira protagonista nagusi konpartsan. Hala ere, gainontzeko kideek ere badaukate euren garrantzia. Lau erraldoi erosi zituzten konpartsaren hasieran, baina baita lau buru handi ere: Escachapobres, Cachan, El Pintor eta Zeledon.

Egun ere, lehenengo erositako buru handiek parte hartzen dute jaietan, txupinazo egunean. «Nahiko handiak dira, eta asko pisatzen dute», azaldu du Julen Diaz de Rote buru handi janzten denak. «Besteen laguntza behar izaten dugu ez erortzeko. Gainera, ez dugu ezer ikusten». Historikoak deitzen dituzte aipatutako buru handiak. Tamaina eta pisua kontuan hartuta, ez dute beraien funtzioa betetzeko balio: umeak jarraitu eta, aukera izanez gero, jo. Erreleboa eman dute historikoek, dena den. Zortzi dira belaunaldi berri edo haurren amesgaizto, eta launakako bi talde osatzen dituzte. Konpartsakoentzat ere badauka bere grazia sortzen duten beldurrak: «Haurren izu aurpegiak badu bere morboa», azaldu du irribarretsu Diaz de Rotek.

Konpartsara batzen azkenak txotak eta zaldiak izan dira. Horiek ere karta sortako sailak ordezkatzen dituzte; lau eta lau dira. Euren lana ez da haurrak jotzea, agurtzea eta eurekin egotea baizik. «Gustuko ditut haurrak eta eurekin egotea. Eurak pozik ikusteak, azkenean, ni ere poztu egiten nau», nabarmendu du Maria Viñas Urrezko Txotak. Iritzi berekoa da Gonzalo Jausoro karta saileko zaldia, eta publikoaren duten harremana «atsegina» izaten dela gehitu du: «Beti dauka publikoko norbaitek zerbait esateko, adarra jotzeko ez bada ere. Azkenean, barregarria izaten da».

Jaiei ekarpena

Gasteizko jaiei egiten dioten ekarpena berezia da konpartsako kide guztientzat, egunerokotik kanpoko zerbait eskaintzen dutelako. «Gaur egun, haur guztiak sakelakoarekin edo teknologiaren batekin daude denbora guztian», argitu du Pereak. «Ume asko liluratuta gelditzen dira erraldoiekin, ordea. Erraldoiak panpinak dira. Duela ehun urte ondo pasatzen zuten eurekin, eta gaur egun ere ondo pasatzen dute». Haurrengan erraldoiek duten eragina nabarmendu du Revillak: «Atera aurretik biltegiko atarian izaten ditugu zain. Gero, hiru ordu pasatzen dituzte gure atzetik. Gurasoei ez diete uzten pintxo bat jaten ere». Askok dantzak dakizkitela azaldu du Viñasek, eta erraldoiekin batera dantzatzen dituztela. «Eurentzako ez da eguneroko zerbait. Gogoz hartzen dute».

Erraldoiak daude hierarkian lehenengo. Baina eskatzen duten lana ere bestelakoa da. Izan ere, erraldoiek dantzak dituzte; buru handiek, txotek eta zaldiek, ez. «Jaien aurretik entseguak izaten ditugu, hamar bat edo», argitu du Pereak. «Aurten, gehiago beharko ditugu, urteurrenaz dantza guztiak aldatu nahi ditugu eta». Revilla erraldoi eramailearentzat, «tramite» bat izaten da entseguena: «Lehenengo dantza ikasten duzu, eta, gero, erraldoiarekin frogatu. Eskua hartzea da kontua. Ez da zaila».

Gasteizko jaietatik kanpo, hainbat ekintza egiten ditu erraldoi eta buru handien konpartsak. Hasteko, Arabako hiriburuko beste hainbat festatan parte hartzen dute, hala nola, Olarizuko jaietan, Olentzeroren etorreran, eta San Anton Egunean. Hiritik kanpo ere jasotzen dituzte gonbidapenak festetan parte hartzeko. Duela gutxi Lazkaon (Gipuzkoa) izan ziren konpartsakoak, eta Donostian, iaz. Halakoetan jasotzen du saria erraldoien lan eskergak, oro har erraldoi topaketak izaten dira eta.

«Konpartsan ere kasta sistema bat dago», esan du Jausorok. «Oro har, herrietako jai batzordeek deitzen dituzte erraldoiak, eta egun berezienetan ere eurek parte hartzen dute». Izan ere, saskibaloiko Final Four-ean erraldoiak egon ziren Berlinen, Baskonia animatzen, eta larunbat honetan ere Madrilera joango dira Alaves animatzera, Errege Kopako finalean.

Ehun urte beteko dituzten arren, begi onez ikusten dituzte datozen ehun urteak ere: «Nik uste tradizioa dela galduko den azkena», azaldu du Revillak, batez ere jaietan goizetako festa euren inguruan antolatzen delako. «Terraza batean daudenek ere eskertzen dute gu ikustea, eguna alaitzen diegu. Etorkizuneko belaunaldiek ere nahiko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.