Lurdes Imaz. EHIGEko koordinatzailea

«Aniztasunak balioa ematen dio ereduari»

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Gustura zegoen atzo Lurdes Imaz Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko (EHIGE) koordinatzailea. Lekeition (Bizkaia) egin zuten Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia, eta pozik dago jasotako erantzunarekin.

Zer balorazio egiten duzue igandeko egunaz?

Oso positiboa; espero baino jende gehiago etorri zen, eta eguraldiakere arratsaldera arte eutsi zion. Jendetza ibili zen, eta giro lasaia eduki genuen egun osoan. Lekukoa eman genien Errenteriako ordezkariei.

Zer ekarriko du jaia datorren urtean Errenterian egiteak?

Aniztasuna erakusten du, jaia hainbat lekutan egitea gustatzen baitzaigu, herri zein hiri, eskola publikoak leku guztietan egon behar duelako. Makina bat taupada jarri diote lema.

Jaia hasi aurreko ekitaldian ikastetxe heterogeneoak aldarrikatu zenituzten. Zergatik?

Ikastetxeetako aniztasunak balioa ematen dio sare publikoaren ereduari. Egoera sozioekonomiko txarrean daudenei laguntzen zaie, eta horrek gainerakoak aberasten ditu. Azpimarratu nahi genuen hori zelako aberastasuna den, eta, horregatik, mezu positiboa ematen saiatu ginen: segregazioaz aritzea gauza txarra dela, baina ikastetxe heterogeneoek daukaten balioa nabarmendu nahi genuen.

Horrekin, mezu bat bidali nahi izan al zenieten itunpeko eskolei?

Bai; azkenean, hezkuntza sistema sare publiko eta pribatuaz osatua badago, guztiek daukagu ikasleei hezkuntza emateko eskakizuna, eta hor argi ikusten da sare baten eta bestearen arteko aldea. Publikoa ezin da izan ikasle denak hartzen dituena.

Hizkuntza ereduaren inguruan ere gogoeta, ghettoak sortzen ari direla esan zenuten...

Ezberdintasun handia dago sare publiko eta pribatuen arteko A ereduetan. Sare publikoan, maila sozioekonomiko baxuko jendea da, eta pribatuan aurkakoa gertatzen da. Garbi daukagu hizkuntza ereduak aldatu behar direla, egoera sozioekonomiko baxuan daudenei ezin diegulako desabantaila gehiago eman.

Eusko Jaurlaritzari eskaera egin zenioten hezkuntza lege berri baterako oinarriak jar ditzan. Aurrerapausorik sumatu duzue?

Ez. Hezkuntza sailak eztabaida bat jarri zuen mahai gainean, baina lau puntukoa, eta ez dira beharrezkoak diren puntuak; beste batzuk dira. Hori aldarrikatu nahi genuen, egungo egoera aztertu behar baita; hau da, ikasleen erdia sare pribatuan dago, eta beste erdia publikoan. Ikusi behar da zer ondorio daukan horrek, eta hortik abiatu behar dugu. Eta hori ez da aipatzen. Finantzazioaz hitz egin behar dugu, lehenbizi eskola publikoak finantzatu behar baitira, eta horretarako diagnostiko oso bat behar da. Hori aldarrikatu genuen igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.