Bakea eta bizikidetza

Jaurlaritza eta Ipar Irlanda elkarrekin, biktimez eta presoen gizarteratzeaz

Bakegintzarekin lotutako lau egitasmo elkarlanean gauzatuko dituzte IV Peace programan

Harrera elkarteko kideak Bilbon, atzo, SEUPBko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. JON BERNARDEZ.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Euskal Herriak eta Ipar Irlandak oso egoera desberdinak dituzten arren, ezaugarri komun asko dute. Baketze eta elkarbizitza prozesuetan murgilduta daude biak, eta oinarrian eredu bera baliatzen dute: Erakundeak eta herritarrak elkarlanean ari dira nor bere herriko bake prozesuetan. Horixe ondorioztatu dute Eusko Jaurlaritzako eta Ipar Irlandako adituak egunotan Bilbon egiten ari diren topaketetan. Elkarlanean sakontzea erabaki, eta lau lankidetza proiektu partekatzea adostu dute: Biktimei, presoen gizarteratzeari, hezkuntzari eta gazteriari buruz egitasmo komunak abiatuko dituzte, Europak sustatutako Peace IV programaren barruan gauzatzeko asmoarekin.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusiak eta Pat Colgan Europako Batasuneko programa bereziak kudeatzeko ardura duen SEUPB erakundeko kideek eman dute egunotako batzarrek utzi dutenaren berri: lau arlo horietan proiektu zehatzak partekatu eta garatzea erabaki dute. Izan ere, desberdintasunak desberdintasun, bi herriek lau gai horiek landu beharra daukatela ondorioztatu dute: etorkizunari begira jarrita, beharrezkoa dela biktimei, presoei, hezkuntzari eta gazteriari buruzko proiektu zehatzak lantzea. Horietako bakoitza zein edukiz beteko duten datozen asteetan erabakiko dute.

Ipar Irlandako bake prozesuak hogei urte beteko ditu aurki. Dagoeneko lan handia egin dute konponbideari begira, eta Euskal Herriak asko ikas dezakeela uste dute adituek. Baina oraindik egiteko asko dutela diote irlandarrek berek. Are, Euskal Herrian proiektu berritzaile eta aberasgarriak gauzatu direla nabarmendu du Colganek, eta Ipar Irlandari ekarpen handia egin diezaioketela. Ikasi nahi dutela bertatik.

Gauza askotan egoerak ez direla konparagarriak ohartarazi du, halere. Beraz, esperientziak «mimetikoki» baliatzen saiatzea hutsegitea litzatekeela. Presoen egoera jarri du adibide: «470 bat preso dituzue hemen; Ipar Irlandan 40.000 inguru genituen. Eta biztanleria, antzekoa da».

Presoen ekarpenak

Ipar Irlandan presoen auziarekin «arazo handia» zutela azaldu du. Eta oraindik ez dela erabat konpondu. Hala ere, Ipar Irlandan presoek bakegintzari egin dioten ekarpena «oso handia» izan dela esan du. Alde bakoitzeko presoek «beren komunitatean» egin dutela prozesuak aurrera egitearen aldeko lana, eta hori gabe ez litzatekeela, seguruenik, egungo egoeran egongo.

Gabezia komunak ere badituzte bi prozesuek, Fernandezen eta Colganen esanetan. «Nola eragin dezakegu gizartean, eta gazteengan batez ere, gatazkek utzi diguten ondarearen aurrean?», dio Ipar Irlandako adituak. «Guk geuk, konpondu beharreko arazo larriak ditugu oraindik. Zailtasun asko daude. Esaterako, oraindik ez dugu ikasi iraganari buruz hitz egiten». Behar hori euskal herritarrek ere badutela seguru dago Colgan, eta gatazkak gainditzeko lanean galdera bat egiteko gomendatu du: «Nola egin aurrera iragana aitortuta?».

Erronka komunei eusteko deia egin dute Ipar Irlandako ordezkariak eta Jaurlaritzakoak. Nor bere herri eta gizartea «berrasmatzen» saiatu, eta, bide horretan, esperientziak partekatzekoa. Horixe da, hain zuzen, Ipar Irlandako ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzakoek egingo dutena.

Europako egitasmo baten baitan egiteko asmoa dute, gainera; Europako Batasuneko programa bereziak kudeatzeko erakundeak sustatutako Peace programaren barruan. Irlandari begirakoa da proiektua, eta laugarrena da 2014 eta 2020 urte bitartean garatuko dutena. Bake programetako esperientziak trukatzea da laugarren aldiko egitasmoaren helburuetako bat. Horregatik jardungo du elkarlanean Eusko Jaurlaritzarekin. IV. Peace programa hori gauzatzeko, 250 milioi euro emango dizkio Irlandari Europako Batasunak.

Eta ez da bakegintza sustatzeko Ipar Irlandari Europak emandion lehen diru laguntza. Colganek adierazi duenez, aurrez ere «laguntza handia» eman die Europako Batasunak baketzea eta adiskidetzea sustatzeko programak garatzeko. 1995 eta 1999. urtera bitartean, esaterako, 500 milioi euro jaso zituen I. Peace programaren bidez; II. saioan 995 milioi eskuratu zituen, suntsitutako herriak berreraikitzeko; eta III.ean, 2007 eta 2013. urtera bitartekoan, 233 milioi, komunitateen arteko adiskidetzea sustatzeko.

Dirutza eman dio Ipar Irlandari, beraz, Europak. Fernandezen hitzetan, ordea, ez da hori Europari begirako programan elkarlanean aritzearen arrazoia. «Gure helburua ez da fondoak jaso edo dirua erakartzea. Ikuspuntu kualitatibotik ari gara lanean; bi esperientzien artean eta Europan sinergiak sortu nahian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.