Pastor
DARWIN ETA GU

Murphy jauna

2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ez dut gogoratzen Elizabeth II.a erreginak goiz hartan zein hormatatik begiratzen zidan. Hor nonbait zegoen, tente, koroa buruan, jantzi dotorea soinean, Windsor familiaren itxurazko zurruntasunean hormatuta.

Ni ere han nengoen, Bilboko kontsulatu britainiarrean. Londrestik Euskal Herrira etorria nintzen astebeteko epean paper burokratiko batzuk konpontzeko asmoz. Kontsulordeak bulegoan hartu ninduen. Ordu laurden batez mintzatu ginen. Murphy jauna atsegina zen tratuan. Gustura zegoen Bizkaian. Jatorri irlandarra izaki, begikoa zuen euskal nazionalismoa eta lagun abertzaleak zituen. Hala eta guztiz ere, gauzak argi utzi nahi izan zizkion aurrean zuen 25 urteko mutilari: indarkeriak ez du lekurik politikan, inondik inora. Agurtzean bisita-txartela eman zidan, Ingalaterran edo handik bueltan inoiz ezer behar izanez gero harekin hitz egiteko: M.S.P. Murphy. Kontsulordea.

Askotan, politika eta gatazkei lotuta agertu dira kontsulen figura eta jarduera. 1970. urteko abenduan ETAk Eugen Beihl kontsul alemaniarra bahitu zuen Donostian. Ondorioz, Burgosko Prozesuak oihartzun handiagoa izan zuen atzerrian, eta Francok kommutatu egin zituen erakundeko kideei ezarritako heriotza zigorrak. Graham Greene idazle ingelesak borroka armatuaren eta bahiketa politikoen gaia jorratu zuen The Honorary Consul eleberrian. AEBetako enbaxadorea bahitzeko asmoa dute gerrillariek. Paraguaiko kartzeletan dauden presoak askatzea nahi dute, diplomazialariaren biziaren truke. Pertsonaz okertu, eta Charles Fortnum ohorezko kontsul britainiarra atzematen dute.

Greeneren eleberria 60-70eko urteetan garatzen da. Ohorezko kontsul britainiarraren istorioa orduko Argentinan girotua dago, baina gaurko Kolonbia izan liteke abiapuntu. FARC, ELN, armada, paramilitarrak, lur-jabeak, txiroak, narkotrafikoa... Biktimarik handienak: pobreak eta babesik gabekoak. Greeneren nobelako pertsonaia batek dioenez, aberatsentzat seguruagoa da herritar pobreak malnutrizioak jota egotea goseak hilda baino. Goseak jendea zora dezake, oldartzera bultza; malnutrizioak, ez. Gaizki elikatuta bazaude, ez duzu ukabila altxatzeko indarrik. «Amerikarrek oso ondo ulertzen dute hori. Gure jendea ez da gosez hiltzen, zimeldu egiten da». Gosea, matxinada ugariren iturria: zer esperantza du jateko ogi gogor-koskorra besterik ez duenak?

«Hemen ez dago gerrarik, hori oihaneko kontua da», esan zidan Bogotako taxi gidari batek. Egia da. Hiriburuko La Calle del Sol delakoan vallenato eta champeta soinuak adi daitezke, Karibe pobre alaitik ekarriak. Hala ere, han ikusten den jendearen janzkera, bizimodua eta pentsaera hurbilago daude Miami aberatsetik Riohachatik baino. Haiek Floridara joaten dira negozioetan eta plazerezko asteburuetan; La Guajirako indigenek nahiko lan dute egunerokoari eustearekin.

Kontsulak albiste iturri izan ditugu berriz. Oraingoan, Katalunian. Asteazkenean, kargua utzi behar izan zuen Finlandiak Bartzelonan zuen ohorezko kontsulak. Madrilek Helsinkiri presio egin dio postutik kentzeko. Albert Ginjaume independentistengandik hurbil omen dago. Hark argi esan du ez dela independentista, baina arazoa modu demokratikoan konpondu behar dela. Hori jakinarazi zion Espainiako gobernuaren ordezkari Enric Millori. Bartzelonan dauden laurogeita hamalau kontsulek elkartasuna adierazi diote Ginjaumeri. Kontsul ohiak azaldu duenez, neurria abisua da beste kontsulentzat. Zer esango diete kontsulek estatu horietako atzerri ministerioetako arduradun eta lankideei? Kataluniako auzia hasi zenetik lau ohorezko kontsul kargugabetzeko eskatu du Espainiak. Kontsul kargua hartzeko Espainiako konstituzioari zin egitea ezinbestekoa izatea baino ez dugu behar.

Ez dut uste Murphy jaunak, dena politikaren bidez konpontzearen alde zegoenak, begi onez ikusiko zuenik Espainiaren jokaera Katalunian. Elizabeth II.aren erretratuak Urkixo Zumardiko bulegoan segitzen du egun. Bera, ez. Murphy jauna aspaldi joan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.