Joxean Fernandez. Euskadiko Filmategiko zuzendaria

«'Savoir faire' izugarri bat eraikitzen ari gara Tabakaleran»

Efemeride bikoitz baten ospakizun dantzan dabil azken asteotan Joxean Fernandez. Filmategiak 40 urte egin ditu, eta hark kudeatzen duen Kimuak programa laudatuak hogei urte. Duela zazpi urte jarri zen bera ontziaren gidari.
GORKA RUBIO / FOKU

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko apirilak 21
Hain ondo ezagutzen duen hirian egon berri da: Naoneden, Bretainian. Euskal zinemaren inguruko leiho bat dauka Naonedeko zinema jaialdiak, eta aurkezpenak egiten aritu da Joxean Fernandez (Donostia, 1973). «Euskal zinemak atzerrian duen ziklorik garrantzitsuena da ziur aski. Ia film eta sortzaile guztiak pasatu dira handik. Naoneden ezaguna egin da euskal zinema; hori ez da leku askotan gertatzen». Ez alferrik ia 11 urtez irakasle izan zen Naonedeko unibertsitatean [eszedentzian dago egun]. Hango unibertsitatean ikasi zuen. Historia Garaikidean eta Zinemaren Historian da aditua. Cine y Guerra Civil en el País Vasco (Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian) doktore tesia egin zuen. Duela zazpi urte pasa, 2010eko abenduan, Euskadiko Filmategiaren zuzendari izendatu zuten. 40 urte beteko ditu aurten erakundeak, maiatzaren 1ean. Apirilaren 26an ospatuko dute, Tabakaleran (Donostia). Han du egoitza, egun, Filmategiak. «Inoizko unerik onena bizi du».

Erakundearen 40 urteotan, orain ditu aurrenekoz baldintza duinak Filmategiak?

[Asko pentsatu ondoren] Nik esango nuke baldintzak hobetu ditugula, hori zalantzarik gabe. Gure artxiboaren batasuna ere lortu dugu. Oso garrantzitsua zen hori gure ondarea ondo kudeatzeko. Funts guztiak Oñatin edo Urdanibian [Hondarribia] banatuta egoteak zaildu egiten baitzuen kontua; kopiak kontrolatzeko, digitalizatzeko... Artxibo osoa jada Tabakalerako sotoan daukagu. Katalogaziorako ere errazagoa izango da dena. Ikusgaitasunari dagokionez ere gauzak hobetu egin dira izugarri. Hau da, zinemazaleek, orokorrean, badakite non gauden orain, eta badakite Tabakalerako aretoetako batean astero programazio egonkor dugula ere, ostegunero. Gauzak onerako aldatu dira, eta harro egoteko arrazoiak badauzkagu; harro ez dakit, baina pozik behintzat bai.

Kontserbatze eta artxibatze lana behar bezala egiteko beharrezkoa den guztia baduzue?

Nik baietz esango nuke. Lau ganbera dauzkagu, bi handi eta beste bi txikiago. Tenperatura eta hezetasun egonkorrak eta beharrezkoak izango ditugu. Hazteko tartetxo bat ere badaukagu oraindik, baina funts fotokimiko askoz gehiago ere ez zaigu iritsiko. Normalean formatu digitalean jasotzen baitugu materiala. Badago lekua kopia gehiago sartzeko, baina ez da asko aldatuko kontua.

Zergatik kostatu da hainbeste halako gune bat eta halako baliabideak eskuratzea?

[Pentsatu eta irribarre egin ondoren] Galdera ona da, baina akaso beste norbaitek erantzun behar lizuke. Gabeziak izan ditugu, noski, baina badut sentsazioa eta neronek ikusten dut, gauzak hobetu egin direla. 1980ko hamarkadan bi lagun ari ziren lanean Filmategian: Peio Aldazabal eta Mari Carmen Ausan... Orain ez gaude asko ere, baina gauzak aldatu dira [zortzi lagun dira Filmategian, eta beste bi Kimuak programa koordinatzen]. Horrez gain, uste dut ondare zinematografikoari buruz ez dagoela kontzientziarik. «Nola kontserbatzen da hori?». «Zergatik dira hain bereziak guk behar ditugun baldintzak?», galdetzen dute. Pedagogia lan bat ere egin behar da, hori esplikatzea ere badagokigu. Eta ez da hain erraza; tenperatura eta hezetasun maila jakin batzuk behar ditugu, adibidez. Baina, uste dut oso une ilusionagarri batean gaudela. Hori esan beharra dago; gure historian momenturik onenean gaude.

Kargua hartu zenuenean aipatu zenuen Filmategia ez zela mugatu behar «altxorrak berreskuratu eta altxorrak gordetzera», museo ikuspegi batera, alegia. Trantsizio moduko bat egin duzue horretan ere?

Bai, hori da Henri Langlois Frantziako Zinematekaren sortzaileak esaten zuen esaldi bat: «Zertarako azaleratuko ditugu altxorrak, gero berriro lur azpian gordeko baditugu!». Ondo ikasi nuen, eta gaur ere errepikatzen dut. Krisialdi handia igaro genuen ekonomikoki guk ere, eta oso aurrekontu txikia izaten genuen. Baina, hala ere, hiru ziklo antolatu genituen hastapenetan: Alex De La Iglesiari buruzko atzera begirako bat, Ana Diezi buruzko beste bat, baita Zinema eta Gerra Zibilari buruzko ziklo bat ere. Euskal Herri osorako zikloak izan ziren. Entrenamendu gisa-edo egin genuen hori. Gero zer gertatu da? Tabakalerara etorri gara eta dena aldatu da...

Tabakaleran egoteak bultzada handia eman dizue, hortaz, bai zabalkundean, bai ikusgaitasunean?

Programazio egonkor bat garatzeko aukera eman digu Tabakalerak, eta areto bat daukagu. Beti esan izan dut. Altxor bat deskubritzen badugu, guk edo beste edonork, Filmategiak ez du altxor hori gordeko; erakutsi egingo du. Orain badaukagu areto bat hori erakusteko, eta ez, lehen bezala, bakarrik gure egoitzako ikusgelan edo Interneten, baizik eta Tabakalerako zinema aretoan.

Herritarrengana iristea jo zenuen erronkatzat hasieran. Lortu duzue?

Bai, Filmategiak jo behar du herritarrengana. Urtarriletik martxora bitartean egin dugun zikloan hori argi ikusi dugu. Zinema eta zientziari buruzko ziklo bat egin dugu. Sekulako esperientzia izan da. Bilbon ere egin dugu. Ikusleen aldetik sekulako oihartzuna izan du, guk egin dugun ziklorik arrakastatsuena izan da, jendetsuena, zalantzarik gabe. Horrek esan nahi du jendeari interesatzen zaizkiola gure zikloak orokorrean, ziklo hau bereziki. Hor badago bide bat, eta, ziur aski, datorren urtean ere errepikatuko dugu esperientzia. Bilboko Azkuna zentroan erakutsi genituen filmak, eta distopiaren inguruko zikloa Gasteizko Montehermoso kulturunean ere bai. Gu ez gara Gipuzkoako zentro bat, Euskal Herriko filmategia gara. Ez dugu bakarrik ondare zinematografiko osoa kudeatzen, baizik eta Euskal Herri osoan ere erakusten dugu. Hori da gure helburua behintzat.

Zineguneak proiektua bertan behera utzi zenuten. Zergatik?

Bai, gelditu egin genuen. Krisialdia zegoen, batetik, eta, gainera, kosta egiten zen jendea biltzea; zinemagileen eta publikoaren artean harremana estutzea zen asmoa, baina proiekziorik ez zen izaten. Pentsatu genuen molde horretan ez zuela zentzurik, baina niri asko interesatzen zaidan ekimen bat da, zinemagileak eta ikus-entzuleak harremanetan jartzen baitzituen. Orain euskal zinema nola dagoen ikusita...

Berriro planteatzeko modukoa?

Tira, edo beste modu batera, baina... Aterako dira halako aukerak. Ondo zaindu behar dugu gure zinemagileekin dugun harremana; izan dadila harreman estua. Hau haien etxea da. Hala nahi nuke.

Ekosistema hitza asko erabili da Tabakalera barruan ikus-entzunezko erakunde desberdinen arteko sare hori izendatzeko. Zer rol jokatzen du Filmategiak ekosistema horretan, aldamenean Tabakalera bera, Zinemaldia eta Elias Kerejeta Zinema Eskola izanik?

Uste dut zinemari buruzko savoir faire izugarri bat eraikitzen ari garela Tabakaleran. Zinemaldiak daukan gaitasuna programatzeko, guk daukagun gaitasuna kontserbatzeko, baita hedatzeko ere, baina kontserbatzeko batez ere, eta Tabakalerak sorkuntzarako duena... Zinema Eskola sortu berria da, baina badu nondik heldu. Eta denak eraikin berean gaude. Hori harrigarria da; nik ez dut halakorik ezagutu. Zinema Eskolak arlo horiek guztiak aprobetxatuko ditu, eta nik uste dut, orain ikustea zaila izanik ere, epe luzerako zerbait oso handia eraikitzen ari garela. Egunerokotasunean ere elkarrekin egiten dugu lan, elkarren alboan gaude, eta zerbait sortuko da...

Azken ikerketan azaldu dira zinema altxor batzuk, esaterako, Josu Martinezek eta Argibel Eubak egindakoak...

Zorionak haientzat, bene-benetan esaten dut; sekulako lana egiten ari dira. Euskal Herriko unibertsitateetatik etorritako lan horri esker aberastu egin da gure ondarea; zeuden zuloak estaltzen ari dira.

Deigarria da horietako zenbait jendearen etxeetako ganberan topatu direla. Oraindik ganberetan dago gure zinema ondarea?

Auskalo; posible da. Josu Martinezen kasua gertutik ezagutzen dut. Detektibe sen handia dauka, eta eskertzekoa da hori. Andoni Elezkanok ere Sinfonía vasca filma aurkitu zuen. Badaude ikerkuntza proiektuak unibertsitatean, eta emaitzak ematen dituzte. Gure aldetik beti egon da kolaboraziorako jarrera.

Asko hitz egiten da azkenaldi honetan euskal zinemaren loraldiaz, euskaraz egindako horretaz, batik bat. Zer garrantzi du loraldi horretan hogei urte bete dituen Kimuak egitasmoak?

Behar-beharrezkoa dena talentua da. Talentua, bai zinemagileena, baita ekoizleena ere, teknikariena... Hori gabe, ez dago zereginik. Baina talentu hori garatzeko beharrezkoak dira politika publikoak. Talentua bultzatzeko eta indartzeko. Eta, zentzu horretan, Kimuak sekulako tresna izan da hogei urteotan. Zinemagileek esango dute guk baino askoz ere hobeto eta zehatzago, baina... Tresna ezin hobea izan da, eta gure sortzaile guztiak igaro dira hortik. Ez da kasualitatea. Ziur aski, orain ikusten ari gara benetako emaitzak, eta abar. Kontu hauetan pazientziaz jokatu behar dela ulertzeko balio du. Hogei urte pasatu dira. Banbu landareekin gertatzen da halako zerbait. Landatzen duzu banbua, eta ez duzu ezer ikusten lehen sei hilabeteetan, ezta lehen urtean ere, ezta bigarren edo hirugarrenean ere. Zazpigarren urtean hasten da banbua hazten, eta modu geldiezinean hazi ere. Politikaren arlotik pazientzia hori lortzea oso garrantzitsua da. Kimuak da horren adibidea, eta izena ere ondo aukeratutakoa da.

Hala ere, programa berrikusteko asmorik baduzue?

Oso ondo joan da, eta sekulako tresna da euskal zinemagileentzat, baina beti pentsatu behar dugu nola hobetu, eta tresnak eraginkor jarrai dezan gogoeta egiten ari gara. Oso interesgarria izan da, oso erabilgarria; ziur aski, tresnarik ederrena... Ea nola egiten dugun datozen hogei urteotan ere hala izan dadin.

Zein da erronka?

Erronka, orokorrean, ez soilik Kimuak-ena, nazioarteko hedapena da. Filmategiari dagokionez, zaharberritzeko arloan ere aurrerapausoak eman behar ditugu. Zaharberritzea oso garrantzitsua da daukagun materiala ondo kontserbatzeko, eta kontserbazio aktibo bat egiteko. Azken finean, gure funtsak hondatu egiten dira, nahiz eta ondo kontserbatu. Lan hori ez da inoiz bukatuko.

Zein apustu egin beharko lituzkete politika publikoek, ETBk esaterako, zinemagintzaren ondarea zabaltzeko?

Gu Euskal Telebistarekin beti harremanetan gaude; gainerako erakundeekin ere bai. Fundazio bat gara, eta fundazio honen presidentea Eusko Jaurlaritza da. Oso positibotzat jotzen dut lehendakariak oraintsu egin zigun bisita; lehendakari baten lehendabiziko bisita izan da 40 urteotan. Berak esandakoa garrantzitsua izan zen guretzat. Laburbilduz, esan zuen ondare zinematografikoa oso garrantzitsua dela Euskal Herrian, eta hori Euskadiko Filmategiak kudeatzen duela. Eta bere egiten dutela helburu hori ere. Hori, niretzat eta nire lankideentzat, inportantea izan zen, eta aurrerapausoa ere bai. Ez zen izan bisita eta agerraldi labur bat, benetako bilera bat ere izan genuen. Han gai batzuk jorratu genituen. Eta une ilusionagarri hori bizi dugula nabaritu zen...

ETBk ez al du ardura berezia ondarearen zabaltze horretan?

Bai, baina haiek batez ere telebistako ondarea landu eta zaintzen dute, eta gurea ondare zinematografikoa da bereziki.

Urte batzuk egin dituzu Filmategiaren gidari. Zer da zure ibilbidean Filmategia?

Hori besteek esango dute hobeto, baina beti esaten dut niretzat unibertsitatetik etxera itzultzea inflexio puntu bat izan zela. Nire pasioa izan da zinema, euskal zinema bereziki; nire herrian eta nire hirian bizi naiz. Pribilegio hutsa! Gero besteek esango dute ondo ala gaizki egin dugun.

Zerbait geratzen zaizu egiteko?

Erronkak sekulakoak dira; aipatu ditugu. Gure programazioa eraman behar dugu Euskal Herri osora; ikusle gazteak erakarri behar ditugu, asko kostatzen baita. Horrez gain, tamalez, jatorrizko bertsioak euskarazko azpitituluekin ikusteko ohiturarik ez dugu herri honetan, eta guk indartu behar dugu hori. Hor badago bidea egiteko, basamortu bat igaro baitugu.

Zeure burua kargu honetan ikusten duzu denboratxo batean?

Baietz uste dut, baina ikusiko dugu...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna