Discoa erdigunera

'Saturday Night Fever' estreinatu zutela berrogei urte bete dira asteon; oihartzun itzela izan zuten bai filmak eta bai soinu bandak, eta aupada handia izan zen dantza kultura eta disco musikarentzat, besteak beste.

John Travolta aktorea, Saturday Night Fever filmeko Tony Manero pertsonaiaren rolean. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2017ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Dantzaren aldarria. Gorputz mugimenduarekin ondo pasatzearena. Norbera izatearena. Desira horiek transmititzen zituen, besteak beste,Saturday Night Fever-ek, duela berrogei urte estreinatu zen filmak. John Badhamek zuzendu zuen, eta New York Magazine aldizkariak plazaraturiko artikulu batean oinarritu zen: Larunbat gau berriko erritu tribalak zuen izenburu artikulu hark.

Denbora igaro ondoren aitortu zuen zuzendariak asmatu egin zituela filmeko pertsonaia haiek guztiak; Brooklyngo italiar jatorriko gazte kuadrilla hura, jarrera matxista eta etorkizun eskasa zuena; larunbat gauaren aiduru egoten zena 2001 Odyssey diskotekara joan —benetako diskoteka zen, eta Stanley Kubricki zor zion izena— eta gaua dantzan igarotzen zuen Tony Manero pertsonaiak —John Travoltak gorpuztua— gidaturik. Travolta bera izar mediatiko bilakatu zuen filmak. Ez hori bakarrik; Bee Gees musika hiruko australiarraren antzaldatze estilistikoa gorpuztu zuen, eta disco musikaren fenomenoa erabat indartu ere bai, punk musikaren urgentziazko errebeldiari kontrapuntu eginez.

Filmak arrakasta itzela izan zuen, eta baita soinu bandak ere; plazaratu zenetik 45 milioi ale saldu dituzte. Saturday Night Fever-en eragina ez zen, ordea, komertziala soilik izan, soziologikoki eta kulturalki ere aire berriak ezarri baitzituen 70eko bigarren erdian hasi eta 80ko hamarkada hasiera bitarte. Disco musika, bazterreko izateari utzi, eta erdiguneko bilakatu zen; dantza eta hedonismoa haizatu, eta, besteak beste, LGTB mugimenduaren bidaide bihurtu zen.

Filmaren soinu bandaren zati handiena Bee Gees taldeak sortu zuen; beraienak izan ziren kantuetako sei, gerora ere dantzaleku askotan entzundakoak haietako zenbait. Barry Gibb da bizirik geratzen den taldekide bakarra. Berriki adierazi duenez, «disko hark izan zuen oihartzuna sineskaitza izan zen orduan, eta, egun ere, ezinezkoa egiten da azaltzen».

Filma eta diskoa plazaratu zirela lau hamarkada igaro direla baliatuz, berredizio zabalago bat kaleratu berri dute: disko bikoitzaz gain, Serban Ghenea soinu ingeniariak egindako hainbat remix dakartza. Deluxe kutxak, filma bera, biniloak, 23 orrialdeko liburuxka, parte hartzaileen oharrak eta beste biltzen ditu.

Bee Geesek soinu bandarako sortutako kantuen artean daude Stayin' Alive (soinu oinarri markatuak eta Maurice Gibben falsetto eta baxuarekin) eta Night Fever erabat dantzagarriak, edota How Deep Is Your Love eta More Than a Woman balada leunagoak. Haienak dira Jive Talkin', sintetizadore riff ezagun batekin, eta Yvonne Ellimanek kantatutako If I Can't Have You ere.

Soinu banda osatzen duten gainerako kantuak egile desberdinenak dira, baina nahiko soinu uniformea dute. Tartean dira Kool & The Gangen Open Sesame eta K.C & The Sunshine Banden Boogie Shoes pieza aski dantzagarriak, larunbat gaueko sukarra gogora dakartenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.