Gertutik gerturako akordeak

Bihar hasiko da Beratu musika jaialdia, Oñatin, Maria Arnal i Marcel Begesen kontzertuarekin
Maria Arnal i Marcel Beges Kataluniako bikoteak folk eta pop oihartzunez zabalduko du lehenengo Beratu jaialdia, bihar Oñatin.
Maria Arnal i Marcel Beges Kataluniako bikoteak folk eta pop oihartzunez zabalduko du lehenengo Beratu jaialdia, bihar Oñatin. BERRIA

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko martxoak 17
Musika zaintzeko, musikariak zein hartzaileak zaintzea ezinbestekoa da. «Mimatzea, gertutik gerturako harremana izatea». Musika zaintzea, eta hurbileko harremanez beratzea, alegia. Asmo horrekin sortu du Oñatiko (Gipuzkoa) musikazale talde batek Beratu jaialdia. «Musika jaialdien ekosisteman bere bidea egin nahi duen jaialdi jasangarria izan nahi du Beratu jaialdiak», Arkaitz Villar antolatzaile taldeko kidearen hitzetan. «Musikariak gertutik ezagutzeko, eta haren egoeraz eta etorkizunaz eztabaidatzeko lekua izango da jaialdia». Kontzertuak, musikarien eta profesionalen arteko topaketa, mahai inguruak eta beste antolatu dituzte horretarako. «Jaialdi transbertsala da, sortzaileak eta eragileak batuko dituena».

Jaialdiaren egitaraua ere mimoz antolatu dute, kontzertuak eta ekitaldi osagarriak tartekatuz. Antolatzaileen hitzetan, «euskal musika eszena garaikidearen nondik norakoak ezagutzeko aukera eskainiko du». Euskal Herriko taldeei erreparatuko diete, batez ere; «saiatuko gara proposamenek halako ukitu berezi bat izan dezaten». Lehen edizioa zabaltzeko, ordea, Kataluniako bikote batengana jo dute. Maria Arnal i Marcel Begesek oihartzuna lortu dute 45 cerebros y 1 corazón (2017) lehen disko luzearekin. Ahozko tradiziotik eta folkloretik abiatuta, memoriaz, 1936ko gerrako hobi komunez eta transmisioaz dihardute disko horretan. Oñatiko Santa Ana antzokian aritu aurretik, Euskal Herrian beste bi kontzertu emanak izango dituzte, Bizkaian biak. Atzo Leioako Auditorimean aritu ziren, eta gaur Berrizko kultur etxean ariko dira, 11:30ean.

Datorren ostiralean, martxoaren 23an, Lukiek hirukoa ariko da gaztetxean. Aurten plazaratuko du lehen lana Iosu Ximun Billelabeitiak (ahotsa eta gitarra), Antton Goikoetxeak (baxua) eta Christian Rodriguezek (bateria) osaturiko taldeak. Rock alternatiboa lantzen dute, eta zuzenekoetan azaltzen dute indarra bereziki. Egun berean, Musik Fem solasaldia egingo dute. Zuzeneko musikan emakumeak duen presentziaz hitz egingo dute Lorea Argarate (Las Tea Party), La Basu eta Ines Osinaga musikariek eta Amaia Ispizua EHMBE Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko zuzendaritza batzordeko kide eta horren baitako MIE Musika Industriaren Elkarteko lehendakariordeak.

Deloreanek (Mikel Laboaren lanean oinarrituriko proposamena aurkeztuzko dute), eta Lumik pop elektronikoaren aldaera desberdinak agertuko dituzte martxoaren 24an, eta Audience taldeak itxiko du jaialdia, martxoaren 25ean, Isla diskoa aurkeztuz.

Ahotsenearekin elkarlana

Tartean, Beratu jaialdiak Ahotsenearekin elkarlanean egun berezi bat antolatu du. Ahotsenean elkartuko gara jardunaldiak egingo dituzte hilaren 24an, egun osoko egitaraua osatuz. «Autogestioak, digitalizazioak eta belaunaldi aldaketak, besteak beste, euskal eszena berri baten aurrean kokatu gaituzte. Eszena berri horretan sortzen diren galdera eta zalantzen inguruan aritzea da helburua», argitu du Villarrek.