Atentatua Parisen. 'Charlie Hebdo'-ren aurkako erasoa

Kamerak, sirenak, egonezina

Tristura eta haserrearekin batera, egonezina adierazi du 'Charlie Hebdo' aldizkari satirikoaren egoitzara hurbildu den jendeak, ia jasangaitza egin den tentsio giro batean.

Nicolas Appert kalean dago Charli Hebdo-ren egoitza. PERU IPARRAGIRRE.
Paris
2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Charlie Hebdo astekari satirikoaren egoitzara gerturatu ahala, gero eta jende gehiago nabari da kalean, gehienbat poliziak —uniformea soinean batzuk, kaleko jantzita beste batzuk—, kazetari saldo bat —mundu osoko irrati eta telebista kateen izenak dituzten mikrofonoak eskuetan batzuk, kamera esku batean eta libreta bestean dutenak beste batzuk—, propio erasoaren tokira gerturatu den jendea ere bai, ikusminak, tristurak edo haserreak bultzaturik. Baita besterik gabe bertatik igarotzen ari direnak ere, kamerek, sirenek eta ohiz kanpoko mugimenduak erakarritakoak.

Egoitzara ahalik eta gehien gerturatuta, negarrez ikusten dira bertaratutako batzuk: aurpegi ilunak dira nagusi, eta airean halako egonezin bat, kasik jasangaitza den tentsioa. Hangoak eta hemengoak asaldatu ditu erasoak; egonezina dela eta, alde batera eta bestera dabil jendea; ezezagunekin hizketan beste batzuk. Jendeak hitz egin nahi du. Asko dira gaitzespena adierazten dutenak. «Giza eskubideen herrialdean kazetariak horrela akabatzea» onartezina dela dio poliziak ezarritako hesien aurrean jarritako gizon batek. «Adierazpen askatasunaren aurkako gerra deklarazioa» dela beste batek, «demokraziaren aurkako erasoa». Balkoira atera da emakume bat, eta han zebilen kazetari bati galdezka hasi zaio. Erasoak ez duela harritzen esanez hasi da, halako zerbait gertatuko zela aspalditik usaintzen zela. Nahiz eta azkenaldian Charlie Hebdo-ren eta hango langileen aurkako mehatxuak gutxitu ziren.

Etengabea da anbulantzia, suhiltzaile kamioi eta polizia ibilgailuen joan-etorria. Denetariko iritziak entzuten dira oraindik, baina ia guztiak gaitzespenekoak, ez bada koadernoan hara eta hona dabilen boligrafoari erasoa kontu garbiketa besterik ez dela irmoki dioenarena.

Apur bat aurrerago jende multzo bat pilatu da ozen hizketan ari den Front National alderdikoa ei den gazte baten inguruan, segituan entzun dira erantzunak eta oihuak. Kasik ezinezkoa da zer dioen entzutea. Kanpoaldean ezetz egiten du buruarekin jendeak, eta kaleko jantzitako polizia batek egoeraren berri ematen du telefonotik. Tentsioa goraka doa, eskuin muturreko hizlaria polizia artean desagertu den arte.

Jendeak hizketan jarraitzen du, bareago. Beldurra, haserrea eta tristura nahasten dira airean dabilen egonezinean. Leihoan adineko emakume bat atera da begiak malkotan, eta eskuak ahora eraman ditu telebistako kamera batek fokuan jarri duenean. Charlie Hebdo-koak ezagun zituen lagun batek deitu dit idazten ari nintzela, eta hunkituta esan dit eta ez zaiola inoiz utzi behar umorea egiteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.