Bizkaia, prostituzio etxeen zerga iruzurra ikertzen

Jon Fernandez.
2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bizkaiko Foru Ogasunak lurraldeko hainbat prostituzio etxetan miaketak egin ditu zerga iruzurraren kontrako borrokari dagozkien jardueren artean. Europa Pressen arabera, joan den egueneko 17:00etatik 22:00etara bitartean egin zituzten miaketak bi prostituzio etxetan, eta «normaltasunez eta eraginkortasunez» jardun zutela azpimarratu diete ogasuneko iturriek berri agentziari. Bi lokal horien miaketak, nolanahi ere, sektorean lehenago ere egindako beste miaketa batzuei gehitu behar zaizkie. Lokaletan esku-hartzeko, Ertzaintzaren unitate berezien laguntza izan dute ogasuneko ikuskariek.

Ogasuneko ikertzaileek negozio horien kontuak ikertu dituzte, bai paperean dauzkaten kontuak zein sistema informatikoetan dauzkatenak. Jasotako informazio hori guztia ikertzen ari dira orain, «diru beltzaren balizko ordainketak» ote dauden atzemateko.

Bizkaiko Foru Ogasunak hilabeteak eman ditu beharrezko informazioa aztertzen «egin beharreko ekintzak egokiro aukeratu eta planifikatu ahal izateko». Era berean, ogasuneko iturriek azaldu dutenez, lokaletan sartzeko eta erregistroa egiteko baimen judizialak eskatu eta lortu dituzte, «ekintza administratiboen balioa bermatzeko».

Koordinatutako kontrolak

Prostituzio etxeen miaketarena Bizkaiko Foru Ogasunak koordinatutako esku hartzea izan da, eta beste ogasun administrazio batzuk aldi berean egindakoekin bat egin du, beste sektoreetan gertatzen den bezala. Ogasuneko iturriek azpimarratu dute jarduteko modu hori bat datorrela «Bizkaiko Foru Aldundiak zerga irizurraren kontra egiteko sendotu nahi duen administrazio arteko lankidetzaren bidearekin».

Hain zuzen ere, duela bi aste jakinarazi zuen Bizkaiko Ogasunak aurrerantzean nazioarteko beste 54 ogasunekin elkarlanean arituko dela zerga iruzurrari aurre egiteko. 2016an, kasu, Bizkaiak 461,6 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen, aurreko urtean azaleratutakoa baino %3 gehiago.

Lankidetza horri esker, norbanakoek atzerrian eduki dezaketen ondasunaren berri edukiko du ogasunak; horrez gain, Bizkaian aritzen diren multinazionalei euren atzerriko negozioen berri ere eskatuko die. Bizkaian lortutako irabaziak zerga presio maila apalagoko herrialdeetara lekuz aldatzea eragotzi nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.