Albistea entzun

Ukraina ekialdeko gatazka. Urtebete gerran

Vostok, ekialdeko haizea

Igitaia, mailua eta bandera gorria. 1945eko maiatzaren 9an Armada Gorriak Berlingo Reichstag eraikina okupatu eta naziekiko garaipena aldarrikatu zuen. Donetsken, 70 urte geroago, sobietar «heroiek» erabilitako bandera erakusgarri da Vostok batailoiaren kuartel nagusiaren sarreran.
Vostok batailoiko kideak tanke baten gainean, Donetskeko aireportuaren inguruan.
Vostok batailoiko kideak tanke baten gainean, Donetskeko aireportuaren inguruan. IBAI TREBIÑO

Ibai Trebiño -

2015eko apirilak 16

Vostok-ek ekialdea esan nahi du: ekialdeko haizea. Hori da, behintzat, Spetsnaz deritzen indar berezietako soldadu batek esandakoa. «Sobietarzale amorratua» dela aitortu du orain dela 40 urte Donetsken jaiotako Ukrainako indar berezietako militar ohiak. Maidaneko estatu kolpeak bizitza guztiz aldatu zion, eta Alexandr Khodakovski komandanteak bezala, Ukrainako armadatik desertatu zuen herri miliziaren parte izateko. Herria, bere hiria defendatu behar zuela eman du aditzera, Errusiara ihes egindako emaztearen eta alabaren argazkia harro erakusten duen bitartean.

Vostok batailoiaren Estatu Nagusian, hogei gazte inguru herri milizietan sartzeko ilaran daude, pazientzia handiz, muturren aurrean aparkatuta eta bandera gorri batekin apainduta dagoen BTR ibilgailu militarra kuriositatez begiratzen duten bitartean. Donetskekoak dira guztiak.

Vostok batailoiaren eremua da Donetsk, eta milizietan izena emateko kanpainaren kartelez josita dago hiria. Deialdia arrakastatsua izan dela diote Estatu Nagusian, eta emaitzak ere hala erakusten du: batailoi izaten hasi, eta brigada bihurtu da Vostok, duela hilabete batzuk errekrutatze kanpaina hasi zutenetik.

Zapad eta Vostok. Mendebaldea eta ekialdea. Txetxeniako bigarren gerran Errusiako Defentsa Ministerioak sortutako batailoian du jatorria Vostokek. Libanoko gerran ere izan ziren, 2006an; baita Georgia eta Hego-Osetiako independentisten arteko gudan ere, 2008an. Orduko batailoitik ez da ezer geratzen, izena soilik.

Ramzan Kadirov Txetxeniako buruzagi errusiazalearen ehunka zale ari dira parte hartzen Donbasseko borroketan, baina gerra bere kabuz ari dira egiten. Aireportuko borroken hasieran Vostok batailoian zeuden hamalau spetsnazen heriotzak Txetxeniako gudaren mamua ekarri zuen Donbassera, Khodakovski komandanteak txetxeniarren parte hartzea moztea erabaki zuen arte.

Nazioarteko boluntarioak

Donbassen borrokan dauden boluntarioen artean, errusiarrez landa, serbiarrek eta kaukasoarrek osatzen dute kopururik handiena. Spetsnaz txetxeniarrak Vostoketik at badaude ere, Kaukasotik etorritako musulman gutxi batzuk badaude. Baita osetiar edo abkhaziarrak ere, Georgiarekin gerran izandako independentistak. Badira Europatik zein Amerika, Afrika eta munduko beste txokoetatik heldutako boluntarioak ere, Angolatik, Israeldik edo AEBetatik Donbassera borrokan etorritakoak.

Javier Casado Toro. 58 urteko madrildarra, azaroan heldu zen Donetskera, eta Vostok batailoian izena eman zuen. Bi asteko entrenamendu militarra egin ostean, «borrokan hasteko prest» dagoela dio. Bizitza gehiena atzerrian egin du Casadok, eta izpiritu internazionalista handiko pertsona dela dio. «Ukrainar armadaren sarraskiak ikusita, bi aste eman nituen ia lo egin ezinean, artean Madrilen nengoela; eta Donetskera borrokan etortzea erabaki nuen». Zuzen dagoela uste du Casadok, eta Espainiak duen egoera sozioekonomikoa gogor salatu eta borrokaren beharra azpimarratzen du une oro.

Atzerritik etorritako boluntarioen artean Alfonso ere badago. Goitizena Alfonso Cano FARC erakunde marxista iraultzaileko militantearen omenez hartu zuen. Armada ukrainarrak egindako eraso batean zauritu egin zuten gazte kolonbiarra. Eraso berean, bere erakunde iraultzaile komunistako hiru kide hil ziren. Ukrainako armadak «legez kanpoko armak» erabili zituela salatu du boluntarioak, ez eraso hartan bakarrik, baita hemendik gertu dagoen Veselve auzoko populazio zibilaren aurka batean ere. «Garaipenera arte» Donetsken geratzeko intentzioa duela dio.

Ukrainako gerra zibila hasi zenetik, asko izan dira ukrainar armadatik herri milizien bandora pasatu direnak. Donetskeko langile eta meatzariek zein Ukrainako armadako militar ohiek osatzen dute, nagusiki, Vostok brigada. Altai-ren kasua, ordea, guztiz ezberdina da. Kievetik etorritako gazte honek ez du aurpegia agerian utzi nahi, Ukrainako hiriburuan daukan familiaren kontrako errepresalien beldur. «Maidan hasi zenean, naziek boterea hartu zuten Kieven, eta ni, komunista izaki, Donbassera borrokara etorri nintzen». Kieven zegoela heriotza mehatxuak ere egin zizkioten 26 urteko gazteari. Bera bezala Ukraina osotik etorritako gazte anitzek «errusiazaleen bandoan» egiten dute borroka Ukrainako guda zibilean.

Spartak frontea

Aireportuko gerra frontean ez dago su-etenik. Urtarrilean berreskuratutako eremuaren defentsan ari dira Donetskeko herri miliziak. Vostok, Sparta eta Somali batailoiek kontrolatzen duten «eremu askatuan» barrena dago orain dela egun gutxi askatutako Spartak herria. Ukrainarren kontrolpean egon zen eremuan tankeak atzeman zituzten herri miliziek, eta, orain «eskerrak» ematen dizkiote Petro Poroxenkori, «emandako arma guztiengatik».

200 metro eskasera daude ukrainar armadaren posizioak eta frankotiratzaileak, utzita eta suntsituta dagoen industrialde batean. Vostok batailoiaren eremuan, gerrari erabat lotua dago milizianoek egiten duten eguneroko bizitza. Tel Avivetik etorritako miliziano batek Donetskera «faxismoaren aurka borrokatzera» etorri zela dio, «besteak beste, ukrainar armada finantzatzen duen oligarka judu-sionistari aurre egiteko asmoz».

Spartaken borrokan ari diren milizianoen artean, badago estatubatuar bat ere, Russel Boney Bentley Texas. Austinen jaioa eta Mexikon urte askoan bizi izandakoa, «Washingtonek finantzaturiko gobernu kolpistaren armadaren aurka» borrokatzera etorri da estatubatuar hau Donetskera.

Neke aurpegia ezin ezkutatu du Texasek Spartaken, eskua luzatu eta ongietorria egiteko unean: «Dagoen egoera arriskutsuarekin, ni elkarrizketatzeko honaino etortzea meritu handikoa da». Tipo apala eta xelebrea da Texas, Donbassen borrokan dabiltzan nazioarteko boluntariorik karismatikoenetako bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, hauteskundeetako emaitza ospatzen, atzo, Glasgown. ©ROBERT PERRY / EFE

Johnsonek goi bilera batera gonbidatu du Sturgeon, Erresuma Batuaren geroaz aritzeko

Andoni Imaz

Hauteskundeen ondoren, herrialdeen arteko batasuna indartzeko asmoz gonbidatu ditu Johnsonek Eskoziako, Galesko eta Ipar Irlandako aginatariak bilera batera.

ERCko Pere Aragones, gaur, erabakiren berri emateko agerraldian. ©Quique Garcia / EFE

ERC prest dago gutxiengoan gobernatzeko

Berria

Aragonesek bere inbestidura errazteko botoak eskatu dizkio JxCri; adierazpen horrekin, iradoki du bi alderdi politikoen arteko negoziazioek ez dutela arrakastarik izango.

 ©AZIZ ISA ELKUN

«Uigurrok gure herrian askatasunez biziko garela uste dut»

Urtzi Urrutikoetxea

Txinak uigur etnia bere esaneko egiteko haien kultura eta identitatea ezabatu nahi dituela salatu du Isak. Dioenez, egia hori ezkutatzea geroz eta zailagoa egiten ari zaio gobernuari.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.