Ezustean, Vallteri

Bottasek Errusian irabazi izanak eta Hamiltonek emaniko maila eskasak zalantza sortu dute Mercedesen: nor da benetako liderra?

Vallteri Botas, atzo Kataluniako zirkuituan eginiko entrenamendu saioan. ALEJANDRO GARCÍA / EFE.
Laurentzi Garmendia
2017ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Max Verstappenek (Red Bull) duela urtebete balentria egiteko hautatu zuen zirkuitura itzuliko da bihar 1 Formula. Gidari baten lehen garaipena beti da berezia, baina Verstappenek Espainiako Sari Nagusian iaz lorturikoa are bereziagoa izan zen. Red Bullekin jokaturiko lehen lasterketan, inork espero ez zuenean, podiumaren gorenera igo zen. Maila berera igo zen Valtteri Bottas (Mercedes) duela bi aste Errusian, hura ere lehen aldiz. Lewis Hamiltonen (Marcedes) laguntzaile fidel izan behar zuenak lider rola hartu zuen.

Bottasen garaipena garai ezin garrantzitsuagoan iritsi zen. Aurreko lasterketan, Bahrainen, Lewis Hamiltoni bere tokia utzi behar izan ziolako taldeak hala eskatuta. Ordura arte, Mercedesek bi gidarien arteko lehia babesten zuen, eta haiei ez zien agindurik ematen. Noski, taldeko bi gidariak beste guztien aurretik dabiltzanean ez da taldeko agindurik eman behar. Baina taldeko bi oilarrak elkarri mokoka ari direlako Ferrariko deabruek alde egiten dietenean, egoera oso bestelakoa da.

Lasterketa hark mugarri bat ezarri zuen, eta Mercedesek talde aginduak emango zituela azaldu zion Bottasi. Vettelek (Ferrari) irabazi zuen Bahrainen, eta Errusian pole-a eskuratu; Mercedesen bertute nagusiari kolpea eman zion. Lehen lerroa Ferrarik osatu zuen, bederatzi urtetan gertatu gabekoa. Arriskutsua zen oso egoera, Ferrariren beste garaipen baten bezperan zeudela baitzirudien.

Hurrengo egunean, bi Ferrari autoek Hamiltonen aurretik amaitu zuten. Gidari ingelesa iparra galduta ibili zen, noraezean. Autoa ez da iaz bezain ondo egokitzen pneumatikoetara. Baldintza guztiak bete behar dira Mercedes autoak bere etekin guztia eman dezan, eta Hamiltonek ez du autoa egoera horretara eraman. Harengatik bakarrik balitz, Ferrarik urteko hirugarren garaipena poltsikoan zukeen. Orduan agertu zen Bottas, taldeak bizkar eman zion asteburu berean, lasterketa hasieratik Ferrariri atzealdea erakutsiz, eta Mercedesi «hemen nago» esanez.

Pertsona lasaia

Bottasen garaipenak ezegonkortasuna eragin du Mercedesen. Nico Rosberg joan ondoren, liderra Hamilton zen. Taldekidea aukeratzeko orduan oso kontuan izan zuten arazorik emango ez zuen norbait izatea. Bottas finlandiarra da, baina, horrez gain, finlandiarren artean egon daitekeen lasaiena da. Kostako da hura haserre ikustea, baita garaipena oihukatuz ospatzea ere. Espero ez zutena lasterketa batean Hamiltoni horrela nagusitzea zen.

Itxuraz, Hamiltonek identifikatu ditu Errusian bere onena ematea eragotzi zioten arazoak. Inork ez daki ondo zergatik aritu zen Bottasengandik hain urrun, eta baliteke Hamiltonek berakarrazoia jakinda ere nola konpondu ez jakitea. Hori erantzuteko aukera berri bat du bihar Bartzelonan, historikoki Mercedesentzat egokia izan den zirkuituan. Iaz lehen itzulian tupust egin zuten Hamiltonek eta Rosbergek, eta Verstappenen ezusteko garaipenari bidea egin, baina, baldintza normaletan, zilarrezko autoak ondo moldatzen dira.

Ukaezina da Mercedesen zalantzak dituztela ustezko liderraren inguruan. Behera egin al du haren mailak? Iaz sei sari nagusi behar izan zituen Hamiltonek bere lehen lasterketa irabazteko. Sasoi hasierak lokartuta harrapatzen du azkenaldian, eta erreakzioa beranduegi hasi zuen Rosbergen aldean. Hori kasurik onena litzateke, alegia, Hamiltonen txakalaldia behin-behinekoa balitz. Baina askok uste dute Hamilton bere onenak emanda dagoela eta taldeak ordezkoa bilatzen hasi beharko lukeela.

Mercedesek goizegi ohartarazi zuen Bottas aginduak betetzearen inguruan. Errusiakoa beste inon errepikatuz gero, Hamiltoni agindu berbera eman beharko lioke. Izan ere, Hamilton, Alonso, Vettel eta antzeko izaera indartsuek tratu berezia eskatu ohi dute. Bottasek inoiz ez du lehen gidari postuaz gozatu, eta ez du posizio hori eskatzeko itxurarik ere. Nahiago du zirkuituan bakoitzaren balioa erakutsi, eta taldeari mezuak podiumetik bidali.

Lider argia behar du Mercedesek, dena alde izan arren lehia galtzen ari baita Ferrarirekin. Orain arte argi zuten Hamilton zela, baina Errusiak zalantza eta galdera asko eragin ditu. Finlandiarrek emaitza onak lortu dituzte Bartzelonan, Hakkinen eta Raikkonen irabazle izan baitira bertan. Bottasek bihar jaso dezake Hamiltonen mesedetan mantsotzeko agindua, baina gaur guztia eman dezake pole-a irabazteko. Nork aginduko dio mantsotzeko lehen itzulia buruan ematen badu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.