Pello Osoro. Triatloilaria

«Neguko triatloia ez da ondo saltzen»

Kirolari osoa da Pello Osoro, udako eta neguko triatloietako kirol guztietarako entrenatzen baita, eta guztiak menderatzen baititu. Neguko triatloietan ari da orain; diziplina ezezaguna da. Espainiako txapeldun izan berria da.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Unai Ugartemendia -

2018ko otsailak 20
Neguko eta udako triatloietan lehiatzen da Pello Osoro (Eibar, Gipuzkoa, 1992). Neguko triatloietako Espainiako txapeldun izan zen duela hiru aste, Anson (Aragoi, Espainia). Euskal Herriko Txapelketa ere poltsikoratu nahi du, datorren astean, Izaban (Nafarroa).

Azken urteetan buru-belarri zabiltza traiatloietan, negukoetan eta udakoetan. Baina zer kirol egindakoa zara aurretik ?

Ni oso gaizki moldatzen nintzen baloi bat tartean zegoen kiroletan. Oso gaztetatik atletismoan ibilitakoa naiz, batez ere zerbait egin beharra zegoelako. Duela sei urtera arte oso serio aritu nintzen lehian, baina atletismoaren barruan ere ez nuke jakingo diziplina bat aukeratzen.

Xabalina jaurtiketako txapeldun ere izan zinen 2010ean.

Bai. Proba konbinatuetan ibili nintzen, ez dekatloian, adinarengatik ezin nuelako, baina bai bost diziplinako probatan. Denetik egiten nuen: xabalina jaurtiketa, pertika jauzia, 110 metroko hesiduna, 100 metroak, luzera jauzia... Azken urteetan zazpi edo zortzi diziplina ezberdin egiten amaitu nuen. Puntuak jasotzeko, derrigortuta geunden proba guztiak egitera.

Proba konbinatuena ez da kirolik ohikoena. Nola hasten da bat horrelako probetan?

Eibarren badago atletismo talde bat, eta txikitan gogo handiarekin joaten nintzen bertara. Ez nuke jakingo esaten pistan zenbat ordu pasa ditudan. Hainbat diziplina probatzen hasi nintzen, eta azkenean denak egiten amaitu nuen. Pertika jauzia nuen gustukoena. Hala ere, hemen oso zaila da pertikarekin entrenatzea. Neguan hotz handia egiten du; Donostiara joan behar izaten nuen, pertikak eraman behar dira...

Zein izan zen pertikarekin egin zenuen markarik onena?

Uste dut 4,35 metro dela. Konbinaturako marka ona zen, nire adina kontuan hartuta.

Zergatik utzi zenuen?

Lesioengatik. Belauneko arazo larriak izaten hasi nintzen, meniskoetan lau aldiz egin dizkidate ebakuntzak. Atletismoa oso kirol agresiboa da, eta konbinatua are gehiago. 19 urterekin utzi nuen.

Atletismoa utzi eta triatloira jo zenuen. Nolatan?

Anaia gaztea ere ibiltzen zen atletismoan, eta berak herrian triatloietan ibiltzen zen bat ezagutu zuen. Anaiari esan zion ea zergatik ez zen duatloietan hasten. Nik orduan ia ez nekien triatloia zer zen ere. Handik urtebetera ni ere hasi nintzen, ikusten nuelako atletismoan onenak emanda nengoela. Banekien igerian eta bizikletan belaunek ez zidatela arazorik emango. Ordura arte ez nintzen ibiltzen ez igerian eta ezta bizikletan ere. Ahal nuen moduan hasi nintzen bietan.

Aurrena duatloietan hasi zinen, hala ere.

Bai, baina argi neukan azkenean triatloiak egiten amaituko nuela.

Gogoan al duzu lehen aldia?

Bilbon izan zen. Lehen behintzat, urtean behin, uzten zuten lasterketa bat egiten triatloiko lizentziarik gabe. Anaiarekin joan nintzen, eta gogoan dut, ni baino lau urte gazteago izan arren, ia hamar minutuko tartea atera zidala. Ikaragarri gaizki ibili nintzen, eta oso gogorra egin zitzaidan.

Ondoren etorri ziren triatloiak.

Urte berean, triatloiko lizentzia atera nuen, eta hasi nintzen: neguan duatloien denboraldia, eta udan triatloiak.

Azkar moldatu al zinen?

Onena zera zen: konturatu nintzela ia ez nintzela lesionatzen. Niretzat oso kirol osoa da. Belauneko minarekin banago, bizikletan ibil naiteke. Eguraldi txarra badago, igerilekura sar naiteke. Aukera asko ematen ditu entrenatzeko.

Mendiko duatloietan ez zara aritzen. Zergatik?

Ez ditut oso gustuko. Mendiko bizikletan ez naiz ia inoiz ibiltzen, eta oso gogorra egiten zait mendian korrika ibiltzea.

Eski lehiaketetan ibilitakoa zara. Noiztik eskiatzen duzu?

Oso umetatik. Freestyle modalitatean ibili nintzen, eskiekin jauziak egiten. Horretan ere lesioek zeresan handia izan zuten, eta atletismoarekin batera hori ere utzi egin nuen.

Neguko triatloietan nola hasi zinen?

Triatloian hasi nintzenean, argi neukan negukoak ere egingo nituela. Hori zen nire kirola! Igerian egin beharrik ez nuen, eta gainera eskia sartzen zuten. Ez nuen gehiago behar. Txikitan iraupen eskian pixka bat ibili nintzen, eta banekien eskien gainean nahiko ondo moldatuko nintzela. Hasi nintzenetik uste dut hemen inguruan egin diren gehienak egin ditudala, denak ez badira.

Gogoan al duzu neguko lehen triatloia?

Vinuesara joan ginen [Soria, Espainia], baina, elurrik ez zegoenez, duatloia egin zuten. Neguko lehen triatloi osoa uste dut Reinosan [Kantabria, Espainia] izan zela. Ondo ikusi nuen neure burua.

Hasiera hartan, zure arazorik handiena proben iraupena izaten omen zen.

Bai [barreak]. Ni atletismotik nentorren arren, niretzat ikaragarria zen zortzi edo hamar kilometro korrika egitea. Triatloietan dagoen esprint modalitatea bera ere oso luzea zen niretzat. Jendeari proba motzak direla iruditzen zaion arren, kontuan hartu behar da askotan ia bi ordu irauten dutela, eta asko erregulatu behar dela. Lehen urteetan asko sufritzen nuen: lasterketa guztiak oso luzeak egiten zitzaizkidan. Gorputza oraindik ere ez zegoen ohituta esfortzu luzeak egitera.

Orain, berriz, ez omen duzu arazo hori.

Orain kontrakoa gertatzen zait: probak zenbat eta luzeagoak izan, niretzat hobe.

Bi denboraldiak egiten dituzu, negukoa eta udakoa. Non ibiltzen zara gusturen?

Gusturen, neguan. Baina arazo bat dago: oso lasterketa gutxi daude, jende gutxiago ibiltzen da, oso jende gutxik ezagutzen du diziplina hau. Espainian, esaterako, lau proba besterik ez dira jokatzen, baina oso zaila izaten da laurak egitea. Azken urteetan proba bat edo bi ez dira jokatu: eta jendeari nola azalduko diot bi lasterketako denboraldia prestatzen ari naizela? Oso zaila da.

Neguko triatloietan oso jende gutxi ari zaretela esan duzu. Zergatik, zuk uste?

Ez dakit, baina egia da agian diziplina hau ez dela ondo saltzen. Neguko triatloietan ibiltzen den jende gehiena triatloietan ibiltzen da; ez dira eskiatzaileak. Askok denboraldi-aurrea egiteko aprobetxatzen dute. Uste dut gehiago bideratu beharko litzatekeela eskiatzaileen mundura. Zirkuituan ibiltzen garenotatik bi edo hiru besterik ez gara eskiaren mundutik datozenak.

Neguko triatloietan Espainiako txapeldun izan zara aurten. Nola gogoratzen duzu lasterketa?

Oso ondo gogoratzen dut. Ansoko ibarrean [Aragoi, Espainia] jokatu zen, eta, neguko beste triatloi askorekin ez bezala, mendiko bizikletarekin aritu ginen. Korrika, bost lagun ibili ginen nor baino nor, bizikleta hartu genuen arte. Bizikletan, Freixa katalanarekin gelditu nintzen. Eskiatzen ere batera hasi ginen. Lasterketa galdutzat ematen nuen, iaz jokatutako hiru probatan irabazi zidalako. Hala ere, azken 500 metroetan zorte txarra izan zuen eskiatzen, beste batekin trabatu baitzen. Behingoz, irabaztea lortu nuen.

Hala ere, Espainiako hau ez da izan zure lehen garaipen handia: 2013an Europako txapeldun izan zinen, 23 urtez azpikoetan. Zer oroitzapen duzu?

Ez pentsa hura gogoratzea asko gustatzen zaidanik. Elur faltagatik duatloia jokatu behar izan genuen Reinosan, eta egoera erabat aldatu zen. Europako txapelketan hiru diziplinak elur gainean jokatu behar izaten dira. Pentsa, bizikleten gurpilek iltze moduko batzuk eramaten dituzte, eta korrika ere elur gainean egiten da. Horrelakoetan lehiatzen ohituta dauden kirolariek ezer gutxi egin zuten. Korrika errepidean egin genuen, eta bizikleta ere errepidekoa erabili genuen. Nik etxean daukat egun hartako, baina ez dakit kontatzekoa den...

Geroztik ez zara Europako Txapelketara joan?

Ez. Horretarako zeharo aldatu beharko nituzke entrenamendu guztiak. Elurretara joan beharko nuke entrenatzera, mendiko bizikleta ere elurretan probatu... Ez nau erakartzen.

Anaia aurkari izaten duzu lehiaketetan. Asko estutzen al zaitu?

Bai. Hala ere, nik orain hark baino askoz ere denbora gehiago daukat entrenatzeko, eta asko nabaritzen da. Orain hiru diziplinetan irabazten diot, baina bizikletan ni baino askoz ere gehiago da. Oso ondo ibiltzen da, baina ez dauka denbora askorik ondo entrenatzeko.

Triatloia oso kirol garestia da, laguntzailerik ez baduzu. Jasotzen al duzu laguntzarik?

Ez nago kexatzeko moduan, ezta gutxiago ere. Nire mailan ibiltzen diren askok ez dute ezer, eta nahikoa dute triatloiko urte batean dirurik ez galtzea. Nik, berriz, Orbearen eta Orcaren laguntza dut. Orbeak urtero bizikletarik onena uzten dit, eta arropa ere bai; Orcak, berriz, neoprenoa. Bestalde, Eibarko Hierros Servando enpresak diru laguntza bat ematen dit, eta baita Eibar futbol taldeko fundazioak eta Ibiliz fundazioak ere.

Hemendik aurrera, nolakoa izango da zure egutegia?

Neguko bi triatloi jokatuko ditut: aurrena Izaban [Nafarroa] eta gero Reinosan. Izabakoa Euskal Herriko Txapelketa da. Reinosakoa atzeratu egin zuten, eta martxoan jokatuko da. Bien tartean, distantzia luzeko duatloiko Espainiako Txapelketara, Orihuelara [Alacant, Herrialde Katalanak]. Pauen [Okzitania] ere egin nahi dut neguko triatloi bat. Ez da neguko ohiko triatloia, eskiko modalitatea, mendiko eskikoa baita. Oso zaila izaten da dortsala lortzea, eta aurten joateko aukera izango dut. Ondoren, udako triatloietan murgilduko naiz buru-belarri. Begiz jota ditut Bilbokoa, Zarauzkoa [Gipuzkoa] eta Gasteizkoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna