Lau t'erdiko txapelketako finala

Zahartu nahi ez duen beste bat

Lau t'erdikoan ez du ondo sumatu bere burua, baina, hala ere, finalean da berriz. «Ezingo naiz kexatu, orduan?», galdetu du Aimar Olaizolak. 35 urte izan arren puntan urte batzuk iraun dezakeela uste du, ajerik ez baitu.

Imanol Magro Eizmendi -

2014ko abenduak 11
Nortasun agiriak 35 urte bete berri dituela dio. Eta berak esan du lau t'erdiko txapelketa guztian freskotasunik gabe ibili dela. «Jokorik gabe; pilota ez zait eskutik irteten», azaldu du Aimar Olaizolak (Goizueta, Nafarroa, 1979). Aspaldiko partez partida bat galdu du lau t'erdiko txapelketan —2010ean galdu zuen azkena—, eta zaleak ez du ahaztu aurtengo buruz burukoan Julen Retegiren aurka galdu zuela. Alegia, beherakada iritsi al zaio Olaizolari? Hark ez du uste. «Boladak dira. Harrigarria aurrekoa zen, hiru urtez jarraian oso ondo aritu izana. 32 urterekin hasi nuen nire ibilbideko boladarik onena. Oraingoa? Beste bolada bat. Zergatik pasatu zaidan? Jakingo banu, konponduko nuke».

Lasai mintzo da Olaizola II.a, eta argudio ona du: «Hain gaizki banengo, ez nintzen finalean sartuko. Joko txakalaldiarena gehiago esaten didate kanpotik, baina egia da pilota gurutzatzeko garaian-eta ez nabilela hain fin. Boladaka ari naiz, partida barruan esan nahi dut; tanto batzuk ondo jokatzen ditut, gero beste batzuk ez hain ondo...». Adinaren eragina ote? Ez du uste. «Fisikoki ondo nago; hor ez dut inolako aldaketarik sumatu, orain arte ez behintzat. Defentsan-eta ondo aritu naiz. Jokorik gabe nabilela da kontua. Pilotari guztiei gertatzen zaigu».

Adinari buruzko galderak hasten direnean zerbaitegatik izaten da. «Argi dut jokatu ditudanak baino final gutxiago gelditzen zaizkidala», bota du, umoreko. Finalaren inguruan adinari buruzko galdera asko egin dizkiote Olaizolari, eta barrea azaleratzen zaio gaiarekin. «35 urte ditut oraindik; sasoiko nago. Garai batean, pilotariaren adin onena zela zioten». Garaiak, baina, aldatu egin dira pilotan, eta Olaizolak ere badaki hori. «Ezin da jakin noiz arte jarraituko dudan puntan jokatzen. Agian orain etorriko da behin betirako txakalaldia, edo ez... Gazteak hor datoz, eta nik jada ez dut goraka egingo, baina oraindik gerra emateko gaude». Agurra urrun ikusten du, eta bere emaitzek ere urrun kokatzen dute. Halere, ez daki maila jaitsiz gero bigarren mailako partidak jokatzen jarraituko lukeen. «Benetan diot: inoiz ez du horretan pentsatu».

Igandean 22. finala du debutatu zuenetik. «Sekulako ilusioa egiten dit». Kolpetik ume batek pilotaria irentsi duela dirudi. «Nik ez dut ilusioa inoiz galdu. Pilotan jokatzeak ez nau inoiz aspertu. Egunero jokatuko nuke pilotan, egunero hiru orduz. Ni kantxan zoriontsu naiz. Gehiago nekatzen nau ingurukoak: prestaketak, takoak egiteak, kazetariek...». Zuriz jantzita ondo pasatzen du, eta ondoena, lau t'erdian. «Binaka ere gustatzen zait, baina hor gozatzen dut gehien. Ez da final asko jokatzeko aukera izan dudalako, besterik gabe: zu bakarrik zaude kantxan, denetarik egin behar duzu; nire ezaugarrietara hobekien egokitzen den neurria da...».

Partida arrunta eta finala jokatzea, baina, ez da gauza bera, ezta lau t'erdi maitean izanda ere. Kaiolan, gainera, faborito handia da beti; palmaresean dituen zazpi txapelek pisu handia dute. «Bada, ez dut presio berezirik sumatzen», bota du, sano. «Argi dut beste finalik jokatu gabe ere oso harro egon naitekeela eginikoarekin». Tira, baina, hainbeste final jokatu ondoren, urduritasunak ez du toki handirik izango. «Ez pentsa, egun bereziak dira finalak: jende gehiago, aurreko egunetako eginbeharrak... Txapelketako partidetan zerbait berezia sumatzen dut, eta finaletan are gehiago. Tentsio hori galtzea ez litzateke ona izango».

Finalak mahai gainean jarrita, zenbat jokatu dituen ez daki zehazki. «Igandekoa 22.a dela esan zidaten aurrekoan, baina nik ez nekien kopuru zehatza». Bada, bai, igandekoa 22.a da, partida bateko tantoak adina, eta Irujoren aurkako hamabigarrena. «Askotan jokatu dugu elkarren aurka, eta hala jarrai dezagula. Lehiakortasun horrek mesede egiten digu, eta jendearengan ikusmina sortzen du —150 sarrera eskatu ditu finalerako, azken aldietan adina—. Baina haren aurka jokatzea ez da berezia; beste edozeinen aurka jokatzea bezalakoa da niretzat».

Zaila da, bada, hori sinestea, pilotaren historia liburuan Irujo eta Olaizola II.a argazki berean agertuko direlako. Hori bai: lau t'erdikoaren atalean, oraingoz, ondo aurretik agertuko da Olaizola II.a, aurretik Irujoren aurka jokaturiko hiru finalak irabazi dituelako (2008, 2011 eta 2013). Iganderako, baina, ez du konfiantza berezirik. «Txapelketako jokoa hobetzen ez badut, ez dut zereginik Irujoren aurka». Esaldi borobila, baina Olaizolak badu bere burua animatzeko arrazoi bat: «Finaletan nire onena emateko bertutea dut. Galdu edo irabazi, jokatu ditudan final guztietan ondo jokatu dut. Ea horri eusten diodan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna