Nahia Quincoces. Mendiko eskiatzailea

«Lesioak erakutsi dit borroka eginda lor dezakezula daukazun ametsa»

Otsailaren 27an beteko dira bi urte belauneko aurreko lotailu gurutzatua apurtu zuenetik, Altitoy-Ternua mendiko eskiko lasterketan. Lesioa gainditu du, eta lehiaketetara bueltatu da, maila onean eta lehen baino indartsuago.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Unai Ugartemendia -

2018ko otsailak 13
Irribarretsu iritsi da hitzordura Nahia Quincoces (Lekeitio, Bizkaia, 1983), eskiak bizkar gainean hartuta. Abenduaren 15etik bost egun besterik ez du pasatu etxean, eta berriro ere badoa Frantziara. Horrelakoak izaten dira mendiko eskian punta-puntan ibiltzen direnen egutegiak. Denboraldia bikain hasi du lekeitiarrak, Euskal Herriko txapeldun eta Espainiako txapeldunorde izatea lortu baitu orain gutxi Candanchun (Aragoi, Espainia). Lesionatuta egon den denbora ez du alferrik galdu: suhiltzaile izateko probak gainditu ditu.

Poza ematen du ia bi urteren ostean berriro irribarretsu ikusteak.

Egia da. Hain lesio luzea izan eta gero berriro ere hainbeste maite duzun kirola egiteko moduan egoteak irribarre berezi bat sortzen dit. Nahiko arrazoi da berriro ere pozik eta zoriontsu ikusteko.

Ingurukoek diote nahiko triste ere egon zarela askotan.

Laster egingo ditu bi urte lesioa izan nuela. 2016ko otsailaren hondarrean izan zen, Altitoy-Ternua lasterketan. Kolpe handia jaso nuen albistea eman zidatenean. Lotailu gurutzatua hautsi nuen, eta asko atsekabetzen nintzen hainbeste gozatzen ari nintzen kirola denbora batean ezin izango nuela egin pentsatzen nuen bakoitzean. Horrelako lesio larri bat izan eta gero, gutxienez urte bateko geldialdia egin behar da berriro ere martxan jartzeko.

Nolakoa izan da bi urte hauetako ibilbidea?

Oso gogorra izan da bidea. Altitoyn, lehen egunean eta lasterketaren hasieran erori nintzenean, ez nuen pentsatzen inondik inora horrelako lesio bat izan zitekeenik. Zuntz haustura bat izan nuela pentsatzen nuen. Igandean ez nintzen atera bigarren etapan. Etxera itzuli nintzen, eta ekografia bat egin zidaten. Proba hartu, eta fisioterapeutarengana joan nintzen, baina hark argi esan zidan zerbait gehiago nuela eta erresonantzia magnetiko bat eskatzeko.

Egin zenuen erresonantzia.

Astebetera. Emaitzaren bila oso lasai joan nintzen; pentsa, autoa eskiz beteta neraman, Pierra Menta lasterketara joateko, Frantzian. Ez nekien lehiatuko nintzen edo ez. Badaezpada, Marta Riba bikoteari esana nion beste bikote bat bilatzeko. Familiakoak Frantzian nituen jada; ni, berriz, Iñigo Larizekin eta Igor Alzelairekin geratu nintzen Pierra Mentara joateko. Medikua etorri zenean eta aurreko lotailu gurutzatua hautsia nuela esan zidanean, izugarrizko kolpea izan zen. Itxaron gelan zeuden guztiek pentsatuko zuten minbizia diagnostikatu zidatela! Ez nuen inondik espero horrelako lesio larria izango nuenik.

Altitoyko lehen egunean eta lasterketaren hasieran lesionatu zinen. Hala ere, aurrera jarraitu zenuen, eta lasterketa bukatu. Nola da posible?

Ia bi ordu pasatu nituen lotailua hautsita. Erorketaz gogoratzen naiz, baina egia da gerora beste lau igoera eta lau jaitsiera egin nituela. Lasterketa amaitu eta gero, belauna hazi egin zitzaidan. Ez nuen inoiz pentsatuko horrelako erorketa txiki batekin lotailua hautsi nezakeenik. Orain ikusi dut baietz, ez dela gauza handirik behar lesio larri bat izateko.

Nolakoak izan ziren hurrengo hilabeteak?

Bi hilabetera ebakuntza egin zidaten. Medikuek argi esan zidaten gutxienez sei hilabete beharko nituela berriro abian jartzeko, eta urtebete berriz lehiatzeko.

Eta osatzeko prozesua?

Medikuek esan bezala joan zen. Ez nuen infekziorik izan, eta dena bere denboran osatu zen. Hala ere, nire belaun ahula izango da betiko.

Nola daukazu belauna, zeharo osatuta?

Aurten, hiru lasterketa egin ditut, eta esan dezaket azkeneko honetan bakarrik sentitu naizela nahiko aske. Lehenengo bietan, ez dakit burua den ala ez, baina oraindik ere beldur pixka bat sentitzen nuen. Denek esaten didate lesioa ez dela arazoa, burua dela!

Nola kudeatu duzu bi urte hauetako geldialdia?

Hilabete gogorrenak ebakuntza egin aurreko biak izan ziren. Galdera asko egiten nizkion neure buruari: Ondo aterako al da? Osatuko ote naiz? Oso-oso gogorra izan zen. Gainera, suhiltzaile izateko oposizioak ere tartean nituen, eta banekien denbora aldetik justu samar ibiliko nintzela proba fisikoak egiteko. Traumatologoak esan zidan denak ondo joan beharko zuela probak egiteko. Bidean ezustekoren bat izan banu, ez nukeen denborarik izango. Ikasten hasi nintzen, buru-belarri, baina askotan konturatzen nintzen gorputza ondo ez dagoenean burua ere ez dagoela argi. Ordura arte mendian denbora asko pasatzen nuen, eta bat-batean etxeko egongelan geratzen hasi nintzen, eta hori gogorra da.

Askotan pentsatu al zenuen dena bertan behera uztea?

Uste baino gutxiagotan, baina gehienak ebakuntzaren aurretik.

Horrelako kasuetan, gertuko jendearen laguntza ezinbestekoa izaten omen da.

Bai. Konturatzen zara nor dagoen abagunerik okerrenetan zure ondoan. Familiakoak eta lagunak beti hor izan ditut, eta haiengatik ez balitz, ziur ez nuela horrelako hobekuntzarik izango.

Zer erakutsi dizu lesioak?

Amets bat baduzu eta borrokatuz gero lor daitekeela. Gauza asko gure eskuetan daudela, eta bolada txarretan, zer daukazun ohartzean, balio erantsi bat ematen diozula.

Gauza txikiak gehiago baloratzen dituzu orain?

Bai. Ondo gaudenean kasu egiten ez diegun gauza txikiak baloratzen hasten zara. Niri ere hori gertatu zait, esaterako, berriro ere bizikletaren gainean jarri nintzenean, igerilekura joan nintzen lehen egunean, orpoarekin berriro ere ipurdia ukitzea lortu nuenean...

Gogoan al duzu lesioaren ostean berriro ere eskiak jarri zenituen eguna?

Bai, jakina. 2016ko azaroan izan zen. Suhiltzaile izateko proba fisikoak egin nituen goizean. Arratsaldean Aizkorrira joan nintzen eskiekin. Hura izan zen Euskal Herrian elurra bota zuen lehen eguna. Sei hilabete pasatu ziren ebakuntzatik, eta negar malkoren bat ere isuri nuen. Ez zen izan ibilbide luzea, baina izugarria izan zen.

Argi al zenuen, behin lesiotik osatuta, berriro ere lehiaketetara itzuliko zinela?

Bai. Argi neukan belauna osatzen bazen eta medikuek baimena ematen bazidaten berriro ere lehiara itzuliko nintzela. Banekien lesioak ez ninduela hondoratuko. Egia da hondoa jota egon nintzela eta askotan pentsatzen nuela agian berriro ere ez nintzela itzuliko goi mailara. Baina hori nuen amets, berriro ere onenekin lehiatzea.

Lesiotik osatuta, nola antolatu zenuen 2017-18ko denboraldia?

Entrenatzeko modua aldatu behar izan nuen. Lesioarengatik, korrika gutxiago egin behar izan nuen, eta bizikletan egin nuen oinarria. Lagun batekin Europan zehar ibili nintzen bizikletan hilabete batean, eta asko indartu nuen belauna negurako. Udazkenean korrika gehiago egin nuen. Espainiako selekziokoek taldean leku bat gorde zidaten, eta azaroan Tignesen [Frantzian] egiten duten deialdira gonbidatu ninduten. Gerora egin ditut lasterketak.

Nola ikusi zenuen zeure burua lehen entrenamendu haietan?

Ikusten nuen fisikoki eta indar aldetik ondo nengoela. Beldurra ere sentitzen nuen jaitsieratan. Zaila da azaltzea zer den, baina balazta antzeko bat neramala sentitzen nuen. Banekien zenbat eta gehiago ibili beldurra ere joango zela.

Berriro ere lehian zara. Otsailaren hasieran berriro ere maila gorenean ikusi zaitugu. Nolako asteburua izan zen Candanchukoa?

Borobila. Oso eguraldi txarra izan genuen, baina hori ohikoa da mendiko eskian. Antolatzaileek lortu zuten eguraldi txarrarekin ere oso ibilbide teknikoa eta alpinoa egitea. Igoera gehienak eta jaitsiera gehienak mendian izan ziren, eskiko pistarik zapaldu gabe. Aurten egin dudan lasterketarik politena eta gehien gozatu dudana izan zen.

Euskal Herriko txapeldun eta Espainiako txapeldunorde izatea lortu duzu.

Bai, pozik nago. Amaieran, Mireia Mirok hiru minutuko tartea atera zidan arren, ibilbideko zati askotan harengandik oso gertu joatea lortu nuen. Azken jaitsieran hiru aldiz erori nintzen, eta aldendu egin zen. Oso pozik amaitu dut.

Gustura etorri zineten euskal selekzioko kideok.

Oso gustura, bai emaitzekin, bai bertako bizipenekin. Txapelketa bikaina osatu dugu.

Denbora batean geldirik egonda ere, Euskal Herrian aurkaririk gabe gelditu zara.

Euskal Herrian ere maila igo da, beste leku guztietan bezala, eta horrek ere poza ematen dit. Neska gutxi gabiltza, eta gehiago ikustea gustatuko litzaidake. Gazteak falta dira atzetik.

Mireia Miro aipatu duzu. Ondo dagoenean garaiezina al da?

Ez, ez da garaiezina. Egia da sasoiko dagoenean oso kirolari osoa dela. Gainera, lasterketa zenbat eta teknikoagoa izan, harentzat hobea. Teknika ona dauka, aldaketak ondo egiten ditu, jaitsieratan bikain moldatzen da... Estrategia prestatzen oso ona da, eta esan dezaket koska bat gorago dagoela. Haren alde, aitortu behar dut hark lagundu didala gehien taldean. Bidaietan asko laguntzen eta erakusten dit.

Zure gertuko batzuek diote lesioa izan aurretik baino indartsuago zaudela. Egia al da?

Izan daiteke. Esan dezaket arlo askotan indartsuago nagoela, eta ez kirol mailan bakarrik. Askotan lehiatik kanpo ibili naiz, eta bizitzako gauza askori garrantzia kendu diet. Eskiarekin nuen obsesioa ere gutxitu egin da. Gauzak asko erlatibizatzen hasi naiz.

Munduko Kopan bi proba egin dituzu jada, Suitzan eta Andorran. Nola sentitu zara berriro ere munduko onenekin lehian?

Agian itxaropen handiekin joan nintzen, eta oso-oso urduri nengoen. Uste dut orain ditudan ahalmenetatik haratago atera nintzela. Besteei jarraitu nahian ibili nintzen, eta amaieran ez nintzen oso ondo iritsi. Jendeak esaten zidan maila asko igo dela, eta bertatik bertara ikusi dut baietz, hala dela. Maila horretan ez egoteko beldurra nuen. Lehia asko parekatu da.

Zein izango dira aurtengorako helburu nagusiak?

Lehenik, lesioaz erabat ahaztea eta berriro ere ez lesionatzea. Laster Europako txapelketak jokatuko dira Sizilian [Italia], eta ondo egon nahi dut

Lasterketak irabazten dituztenengandik oso urrun ikusten al duzu zeure burua?

Egia da aurrean bost eskiatzaile handi daudela: Laetitia Roux eta Axelle Moralet frantziarrak, Emelie Forsberg suediarra... Uste dut oraindik koska bat gorago daudela.

Altitoyn oroitzapen asko dituzu. Maitasun berezia diozu lasterketa horri.

Bai. Nire lehen lasterketa izan zen. Oroitzapen asko ditut bertan, eta aurten ere bertan egon nahi nuke. Gainera, han lesionatu nintzen, eta arantza ateratzeko gogoa daukat. Amaitzearekin eta gozatzearekin konformatuko nintzateke. Eguraldi ona izatea espero dut, antolatzaileek izugarrizko ibilbideak prestatu dituztelako. Marta Riba lagun kataluniarrarekin joango naiz berriro ere. Maila handia espero da, eta gu ahal dugun hobekien egiten saiatuko gara.

Orain, Neguko Olinpiar Jokoak jokatzen ari dira Pyeongchangen, Hego Korean. Noizko mendiko eskia Olinpiar Jokoetan?

Gazteen Olinpiar Jokoetan sartu dute, eta uste dut 2026an edo 2030ean sartuko dutela. Gutxiengoen kirola da mendiko eskia, eta oso diru gutxi dago, baina iritsiko da.

Zein izango da zure egutegia denboraldi honetarako?

Orain arte Munduko Kopako bi proba egin ditut, eta egutegi osoa egin nahiko nuke. Helburuetako bat lehen hamarren artean amaitzea izango da. Badakit oso zaila izango dela, kontuan harturik lehen bi probatan 11. eta 13. egin dudala. Bestalde, esan bezala, Europako txapelketak ere hor ditut, ate joka. Gerora, Altitoy-Ternua, Pierra Menta [Frantzia], Tour de Rutor [Italia] eta Patrouille des Glaciers [Suitza].

Udan berriro ere mendian korrika ikusiko al zaitugu?

Lehenik ikusi egin beharko dut ea belaunak nola erantzuten duen. Urte askotan belauna zaindu nahi dut, eta lehentasuna emango diot eskiari. Bizikletan ibiliko naiz gehienbat. Hala ere, lasterketaren batzuk egingo ditut, ziur. Hasteko, Zegama-Aizkorrin izena eman dut zozketarako, baina oso zaila da. Ekainean, agian, T3T Tolosako Hiru Tontorretan izango naiz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria