Aitzol Doiharzabal eta Julen Reketa. Mendi gidariak

«Askotan zaila izaten da bezeroak ulertzea atzera egin behar dugula»

Euskalduna mendizalea bai, baina mendi-gidari zalea ez da. Askoz ere ohikoagoa da mendira zenbait jarduera egitera norbere kasa joatea, mendi gidariarekin baino. Eskarmentu handiko gidariak daude, Reketa eta Doiharzabal, esaterako.
Aitzol Doiharzabal eta Julen Reketa.
Aitzol Doiharzabal eta Julen Reketa. BERRIA

Unai Ugartemendia -

2018ko apirilak 3
Negua gogorra izan da Julen Reketarentzat (Laudio, Araba, 1967) eta Aitzol Doiharzabalentzat (Ibarra, Gipuzkoa, 1982). Mendizaleak izateaz gain, mendi gidari lanetan ere aritzen dira biak. Goi mendietan pilatutako elurra elur-jausi bihurtu da askotan, eta horrek asko areagotu du arriskua.

Nondik datorkizue mendizaletasuna?

JULEN REKETA: Ni etxekoekin hasi nintzen. Bizkaian martxo deitzen diogu mendira joan eta askari antzeko bat egiteko joerari, eta ni oso txikitatik eramaten ninduten mendira. Lehenik oso ibilbide motzetan ibiltzen nintzen, eta denborarekin luzeagoak egitera eramaten ninduten. Aitarekin hasi nintzen gehienbat, oso kirolaria zen. Bestalde, bi osaba oso kirolari nituen. Kirolean nahiko goi mailan ibilitakoak ziren, eta horiekin ere mendira joaten nintzen noizbehinka.

AITZOL DOIHARZABAL: Nire aita, ama eta osaba-izebak betidanik izan dira mendizaleak, eta txiki-txikitatik egiten genituen txango guztiak mendira ziren. Nora gindoazen galdetzen nuen aldiro, erantzuna bakarra zen: mendira. Bi aukera biano ez nituen, mendia gorrotatu edo mendizale bihurtu, eta bigarrena aukeratu nuen.

Doiharzabal, zure aurrekoek, gainera, iraupen eskia eraman omen zuten Tolosara.

A.D.: Bai. Nire birraitona norvegiarra zen. Tolosara etorri ziren, iltze fabrika bat muntatzera, Mustad izenekoa. Hona iristean, Aralarren elur dezente egiten zuela jabetu ziren. Berriro ere Norvegiara itzuli zirenean, bueltan iraupeneko eskiak ekarri zituzten. Inguruan ibiltzen hasi ziren, eta tolosarrak, haiek ikustean, eurak ere eskiatzen hasi ziren. Hortik dauka Tolosak iraupen eskirako zaletasun hori.

Zuk, Reketa, mendian lanean hasi aurretik, goi mendiak igoak zenituen Errusian, Andeetan eta baita Himalaian ere (Gasherbrum II eta Everest).

J.R.: Nik zorte handia izan nuen Felipe Uriarte ezagutzea. Ikastaro batean ezagutu nuen, eta hor konturatu nintzen benetan nola ibili behar zen mendian, bai kranpoiekin, bai pioletarekin, ibili behar den bezala. Geroztik, hark antolatutako espedizioetara joaten hasi nintzen. Lehena, 1996an izan zen, Pamirko mendikatera. Komunismo [7.495 metro] eta Korzhenevskaya [7.105 metro] igo genituen Tajikistanen. Mendi itzelak dira, Komunismo batez ere. Pamir Himalaiaren oso antzekoa da, glaziarrak erraldoiak eta luzeak dira; bertan ez dago zortzimilakorik, baina ia-ia. Hura izan zen nire lehen esperientzia.

Ondo moldatu al zinen altuerara?

J.R.: Nire lehen esperientzia oso bortitza izan zen. Errusiarrek kontrolatzen zuten orduan dena. Helikopteroan igo ginen beheko kanpalekura, orduan Kirgizistanen eta Tajikistanen gerran zeudelako. Ordu laurden batean 2.000 metrotik 4.400 metrora igo ginen. Hilabete pasatu behar genuen. Altuerara moldatzeko fasean ondo moldatuz gero, ondo, baina, horretarako denbora behar baduzu, oso gaizki pasatzen da. Niri hori pasatu zitzaidan lehen egunetan. Egun batzuetara hobeto sentitzen hasi nintzen, eta Felipek eta biok igo genituen bi mendiak. Oso esperientzia aberasgarria izan zen niretzat.

Nola hasi zineten mendi gidari lanetan?

A.D.: Eskola utzi nuen lehenik, lanean hasi eta dirua behar nuelako Perura joateko. Perutik bueltan, berriro ere lanean hasi behar izan nuen. Kamioi batekin banaketa lanetan hasi nintzen, eta bost urte iraun nuen. Konturatu nintzen lan hori ez zela niretzat egina. Bi urte nituen langabezia probesteko, eta berriro ere ikasten hasi nintzen mendi gidari lanetan aritzeko.

J.R.: Gaur egun askok duten bizitza normala nuen duela hamar urtera arte. Baina neure burua bidegurutze batean ikusi nuen, eta zera mahaigaineratu nuen: ordura arte bezala jarraitzea edo mendi gidari lanetan hastea. Bigarrena aukeratu nuen. Nahiko heldu harrapatu ninduen, 40 urterekin, eta ondokoek ez zuten asko ulertzen. Egia da Euskal Herrian oraindik ere ez dagoela oso onartuta mendi gidarien lana. Ez da oso ondo ulertzen, gehienbat ni bizi naizen inguruan, Laudion eta inguruko herrietan fabrika batean lan egitea delako normalena.

Biok ere hamar urte inguru daramatzazue lanean. Zer behar da mendi gidari on bat izateko?

A.D.: Lehenik eta behin, garrantzitsuena, eskarmentua izatea. Jendearekin enpatizatzen jakitea ere oso garrantzitsua da lanbide honetan, eta hortik aurrera sasoiko egotea eta fisikoki prestatuta egotea.

J.R.: Aitzolek esan duenaz gain, arriskua ondo kudeatzen jakitea ezinbestekoa da. Talde baten segurtasuna bermatu behar izaten dugu, eta askotan oso zaila da. Tartean helburu bat badago, askotan itsutu egiten gara, eta zaila da bezero horri azaltzea gaur ez dela egunik egokiena berak egin nahi duen hori egiteko. Askotan zaila izaten da ulertzea atzera egin behar dugula, eta guretzat ere ez da erraza izaten hori esatea.

Esan al dezakezue hori dela zailena?

J.R.: Bai, zailenetakoa behintzat bai.

A.D.: Pentsa, bezero askok, askotan, beren aurrezki guztiak gastatzen dituzte mendira joateko, eta zure esku uzten dute beren helburua betetzea ala ez. Hori presio handia da.

Gogoan al duzue talde batekin egin zenuten lehenbiziko espedizioa?

A.D.: Uf, egia esan, ez naiz gogoratzen; hainbeste espedizio egin ditut...

J.R.: Uste dut lehena Felipe Uriartek antolatu zuen espedizio bat izan zela, 2009an, Everesten. Oso ederra izan zen, aurretik bidea ezagutzen nuelako. Hala ere, gogoan dut nola bezero batek ez zion kasu handirik egiten esaten zitzaionari. Astiro-astiro joateko esaten genion arren, berea egiten zuen. Aurrena, Island Peak [Nepal, 6.189 metro] igo behar genuen, baina, kasurik egin ez zuenez, ez zuen igotzea lortu.

Askotan tokatu al zaizue bezeroek kasurik ez egitea?

A.D.: Bai, bai, askotan. Niri egoera deserosoak gertatu izan zaizkit. Aurrena, jendeari ohartarazi egin behar zaio, baina, kasurik ez badu egiten, denak behera bidali behar izaten ditugu. Trekking batean zaila izaten da horrelako zerbait gertatzea, baina mendi garaiagoetan gertatzen da, esaterako, Mont Blancen moduko mendietan. Garrantzitsua da gauzak aldez aurretik garbi izatea gaizki ulerturik ez gertatzeko.

Jendeak zer eskatzen dizue normalean?

A.D.: Askok mendi bat dute buruan, helburu jakin bat. Ni ere gaztetan horrelakoa nintzen, baina nik argi esaten diet: mendiak uzten diguna egingo dugu. Esaterako, Alpeetara joatea eta Mont Blanc igo nahi izatea. Nik buelta ematen diot eskaera horri: Alpeetara joango gara, eta ikusiko dugu zer egin dezakegun. Ideia horrekin abiatzen bagara, gehienetan helburua lortzen da, eta askoz ere gehiago gozatzen da, frustraziorik gabe. Nik ditudan bezero gehienek zera galdetzen didate: «Aitzol, nora goaz?». Nik uste dut hori dela egokiena.

J.R.: Nik uste dut mendi gidari batekin joatean perspektiba aldatu egiten dela. Askotan gauzak ez dira ondo ikasten, eta nahiz eta kranpoiak jartzen jakin, mila aldiz gaizki jantz ditzakezu. Horrez gain, kranpoiekin ibiltzen ere ondo ikasi behar da, hanka ondo jartzen, teknika... Nik uste dut goi mendiak bere oinarriak dituela formakuntzan, eta ez dakit arauak ondo betetzen ditugun. Oso garrantzitsua da oso gaztetatik erakustea.

Jendeak ikusten al du benetako arriskua?

A.D.: Ez, askotan ez. Ezjakintasunak eta esperientzia faltak hori ekartzen du. Urte asko daramatzazunean eta esperientzia pilatuz zoazen neurrian, gauza askotaz konturatuz joaten zara, eta arriskua ere askoz lehenago aurreikusten da.

Iritzi berekoa al zara, Reketa?

J.R.: Bai, eta gauzei garrantzia kenduz joaten zara, gailurrera igotzeari, esaterako. Esperientziarekin gauzak askoz ere gehiago baloratzen ikasten da, aurrera noiz joan, atzera noiz egin, beste egun batean egiten saiatu... Askotan, oso garrantzitsua da ezetz esatea.

Besteen helburuak ez betetzeak frustrazioa sortzen al dizue?

J.R.: Denontzat izaten da ona helburuak betetzea. Badirudi askotan horrek bakarrik balio duela, eta askotan hobe izaten da bezeroaren segurtasuna bermatzea, edozein helburu lortzea baino. Mendiak, gainera, askotan ez du bigarren aukerarik ematen, eta gu ere ez gara perfektuak.

Euskal Herria herri mendizalea izan da beti, baina ez omen da mendi gidari zalea. Zuek ere hala uste al duzue? Zergatik?

J.R.: Nik ere uste dut hala dela, bai. Ni ere gaztetan horrela ibiltzen nintzen, neure kasa. Baina guztiz oker nengoela konturatu naiz denborarekin. [Felipe] Uriarte ezagutu nuen arte, pentsatzen nuen ondo nenbilela, baina ez zen horrela. Mendian asko ikasten da besteei begira, eta ni, esaterako, harrituta egoten nintzen hura nolako lasaitasunarekin ibiltzen zen ikusita. Ez zen korrika ibiltzen, ez zen presaka ibiltzen, baina asko aurreratzen zuen bere teknikarekin. Hori da eredua. Bestalde, pentsatu behar da mendian eremu ezberdin askotan ibiltzen garela: eskalatzen, glaziarretan…

A.D.: Euskaldunok harroputz samarrak gara mendian. Nire kasuan, izebak urte askotan Aralar Kirolak denda izan du Tolosan. Behin, mosketoiak erostera joan, eta esan zidan ez zidala bat bera ere salduko ikastaro bat egin arte. Hori betirako iltzatuta geratu zitzaidan, eta asko erakutsi zidan. Julenek esan duen moduan, eremu askotan ibiltzen gara, eta denak menperatzen dituen oso jende gutxi dago.

Lotsa ematen al digu mendirako laguntza eskatzeak?

A.D.: Nik baietz esango nuke, ni ere horrelakoa izan naizelako [barreak]. Frantzian edo Italian, esaterako, askoz ere kultura eta estimazio handiagoa dago mendi gidarien lanaren inguruan. Espainian, azkenaldian, ohitura handiagoa dago, baina Euskal Herrian askoz ere gehiago kostatzen ari da.

Mendi gidari batentzat bezeroren batek istripu bat izatea eta bizitza galtzea da okerrena. Zuk, Reketa, Iñigo de Pineda laguna galdu zenuen espedizio batean. Gogorra izan behar du horrek.

J.R.: 2007an izan zen, eta nire bizitza alpinistikoan izan dudan unerik gogorrena izan zen. Bost lagun ginen, eta lau xerpa sukaldari moduan. Mendian lan handia egitea tokatu zitzaigun. Gailurrera igotzen saiatu ginen bostok, agian oso aukera gutxirekin. Oscar Cadiachek eta Iñigok bibak bat egin zuten 8.100 metroan. Hurrengo egunean, jaisten ari zirela, Iñigo erori egin zen. Han gelditu zen betirako. Orduan mendi gidari izateko ikasten ari nintzen, eta konturatu nintzen mendi garaiek zein muturreraino eramaten gaituzten.

Zu, Doiharzabal, ez zara 8.000 metrotan ibili. Batere inbidiarik ematen al dizu?

A.D.: Egia esan, ez. Exijitzen duen esfortzua, kanpadendan hainbeste denboran zain egon behar hori... Gainera, zortzimilakoena oso eskalada geldoa da, eta ni oso ipurterrea naiz. Nahiago dut Alpeetan edo Andeetan igoera azkarragoak egitea; mugitzeko aukera gehiago izatea ezinbestekoa da niretzat.

Aurtengo negua oso gogorra izaten ari mendi gidarientzat. Jendea hil ere egin da Alpeetan eta Pirinioetan, elur-jausietan. Zer pentsatua ematen al dizue?

J.R.: Negua oso gogorra izan da, agian azken urteetako gogorrena. Baldintzak oso zailak dira, nahiz eta gaur egun informazio handia dugun. Baina mendia mendia da, eta berak jartzen ditu baldintzak. Mendian, bi gehi bi ez dira beti lau izaten.

A.D.: Ematen du zer pentsatua, bai. Etxekoek urduritasun handia pasatzen dute gu etxetik kanpo gaudenean. Betiko hitzak izaten dira «kontuz» eta «deitu». Baina aurrera egin behar da, eta egindako okerretatik ikasiz joan behar da.

Sasi-mendi gidari asko al dabil titulurik eta eskarmenturik gabe lanean?

A.D.: Bai, baina geroz eta gutxiago. Alpeetan, esaterako, izugarrizko kontrola dago. Jendarmeak ibiltzen dira tituluak eskatzen. Espainian ere Guardia Zibila ari da autonomo paperak eskatzen.

J.R.: Geroz eta arautuago dago, baina, bai, asko dabiltza inongo baimenik gabe mendian taldeak eramaten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria