ETA. 1958-2018. Rosa Lluch. Ernest Luchen alaba

«Aitaren manifestazioko 'hitz egin ezazue' hark balio du orain ere»

ETAk 2000. urtean Bartzelonan hil zuen Ernest Lluch Espainiako Osasun ministro ohi sozialistaren alabetako bat da Rosa Lluch. Aita irakasle zen fakultate berean da irakasle, Bartzelonako Unibertsitatean, Erdi Aroko Historiaren atalean berezitua.
FERRAN FORNE

Martxelo Otamendi -

2018ko maiatzak 4
Felipe Gonzalez presidenteak 1982an Osasun ministro izendatu eta gutxira, Mallorcara (Herrialde Katalanak) joan behar izan zuen bisita ofizialean Ernest LLuchek. Mallorcan jarri zizkioten eskolten artean baten aurpegia ezaguna egin zitzaion, baina ezin izan zuen asmatu nondik ezagutzen zuen. Elkarri modu berezian begiratzen zioten, baina ezin asmatu. Irlara egin zuen bigarren bisitan, ostera eskolta bera jarri zioten, eta berriro ohartu zen bien arteko begirada ez zela normala. Egoera horri ezin gehiago eutsi, eta ministroarengana joan zen eskolta egoera argitu nahian: «Ez dakizu nor naizen. Ez zara ohartzen. Frankismoan torturatu zintuen polizia naiz». Lluchek orduan jarri zion azalpena aurpegi hari. «Eta ni zaintzen jarri zaituzte?», erantzun zion harridura gainetik ezin kenduz. «Bai, esan diet arduradunei nik ez nuela nahi, beste bat jartzeko», erantzun zion poliziak. «Eta zer erantzun dizute buruek?», galdetu Lluchek. Poliziaren erantzuna: «Ez duela axola, iraganeko kontuak direla».

Pasadizo argigarria da.

Horrela kontatu zigun aitak bidaia horretatik etxera iritsita. Orduan entzun nion esaten trantsizioan gauzak ez zirela ondo egin, ez zirela garbitu frankismoaren estatu egiturak, polizialak, judizialak...

Nola gogoratzen duzu aita hil zuteneko une hura?

Nik 30 urte neuzkan; 2000ko azaroan hil zuten, eta bi hilabete lehenago bera irakasle zen unibertsitate honetako sail berean hasi nintzen irakasle laguntzaile.

Aitak sumatzen zuen ETAk haren aurka jo zezakeela?

Gauzak gerta zitezkeela esaten zigun; 2000ko uda hartan hasi zen horrekin. Donostiara joan ez joan ibili zen, eta, azkenean, joatea erabaki zuen, ez zuelako nahi inork agenda markatzea.

Segimenduak igarri zituen?

Intuizioa zen, intuizio politikoa. Mugimendu eta aurpegi arraroak ikusi zituen, eta uste dut PSOEko bakarren batek zer edo zer esan ziola. Oso ukituta geratu zen Juan Mari Jauregi hil zutenean.

Zer egin zuen orduan?

Esan zidan bezperan egon zela Espainiako Gobernuaren ordezkari Garcia Valdecasasekin bere kezkak kontatzen, beldurra zeukala, segimenduak ikusten zituela...

Zer esan zion?

Hil baino 24 ordu lehenago esan zion ez zela arriskua eduki zezakeen pertsona, ez izateko maniatikoa.

Zuk nola jaso zenuen albistea?

Nik garai hartan, 2000. urtean, ez neukan sakelako telefonorik. Hil zuten eguneko arratsaldean bizpahiru ordu pasatu genituen hizketan nire ahizpa Mireiak, Felui katedratikoak eta aitak. Eta gauean, etxera iritsi eta gutxira, amak deitu zidan etxeko telefonora esanez aitari zer edo zer gertatu zitzaiola.

Zer egin zenuten?

Orduan egiten zena, irratia jarri. Gaspar Bartzelonako lehendakaria ari zen adierazpenak egiten gure aitari buruz, eta orduan jabetu ginen hura benetan zihoala. Poliziara deitu nuen, 091era; esan nien Lluch alaba nintzela eta informazio zuzena eduki nahi nuela.

Badakizu garai hartan aita bitartekaritzaren bat, elkarrizketa bideren bat zabaltzen ari ote zen?

Nik dakidana da elkarrizketa luzeak eduki zituela ezker abertzaleko buruzagi ezagun batekin, irtenbideren bat topatzeko helburuz.

Harreman zuzena ikusten duzue atentatuaren eta irtenbidea bilatzeko ahalegin horren artean?

Ez derrigorrean. Baina orduan ETAk eman zuen su-etenaren berri publiko egin aurretik bazekien gure aitak, berak jakinarazi ziolako Zapatero presidenteari aurretik.

Egon zara geroztik ezker abertzalearen buruzagiekin?

Bai, modu diskretuan. Aieteko Adierazpena eta gutxira haiek jakinarazi zidaten nirekin egoteko nahia, eta nik hartu egin nituen. Ez zen oso hizketaldi erosoa izan aurrenekoa, denok geunden urduri, baina geroztik behin baino gehiagotan egon gara. Iaz, Nafarroara joan nintzen lanagatik, eta deitu egin nien egoteko. Asko hitz egin nien «isiltasunaz», urteotan ezker abertzaleak eduki duen «isiltasunaz». Geroztik, ezker abertzaleak askotan erabili du kontzeptu hori.

Manifestazio handi bat izan zen Bartzelonan zure aitaren heriotza salatzeko. Bukaeran, Gemma Nierga kazetariak «hitz egin ezazue» esan zien pankartan zeuden arduradun politikoei.

Agintari batzuek ez zuten espero, eta aurpegi txarra jarri zuten, denontzat zelako mezu hori.

Nortzuentzat?

Nire iritziz, haien artean hitz egin nahi ez zuten politikarientzat, eta baita ETArekin hitz egin behar zutenentzat ere.

Gemma Niergak irakurritako mezu hori zuena izan zen?

Ez, Gemmarena izan zen, baina gu erabat ados geunden. Gure aita ere ados egongo zen, horretan ari zelako, alegia, ETArekin hitz egin beharra zegoela.

Zuk eta zure senideek ez duzue sekula biktima rola jokatu.

Aitaren emazteak beste biktima bati erantzun ziona errepikatuko dizut: guri gure lanbidea gustatzen zaigu, niri ere bai nire historiako irakasle lana, ez dut beste lanbide bat nahi. Biktima naiz, noski, baina hori ez da nire jarduna.

Ez zarete izan biktima elkarte bateko kide.

Ez, aitak ez zuen ondo ikusiko. Aita hil baino egun edo aste batzuk lehenago brometan esan nion lasai egoteko, hiltzen bazuten biktima elkarte bateko kide egingo nintzela eta lehendakaria izango nintzela.

Zer esan zuen aitak?

«Ezta okurritu ere». Ordurako oso politizatuta zeuden biktima elkarte batzuk.

Zer geratzen zaizu hemezortzi urteren ondoren atentatu hartatik?

Aitarik ez daukadala. Nik esan ohi dut aita hil egin zitzaidala, oso gutxitan esaten dut aita ETAk hil zidala, nahiz horrela izan zen.

Gorrotoa geratzen zaizu?

Ez. Oso orgullosoa naiz; ez diot ETAri onartuko nire bizitza aldatu nahi izana, aita hil zidalako. Hori ETAri arrazoia ematea litzateke. Eskatu didatenean, saiatu izan naiz nire aletxoa jartzen hau konpon dadin. Aieteko eguna nire erlaxazio eguna izan zen; kito, bukatu da, amesgaizto bat gutxiago.

Omenaldia egiten diozue urtero?

Ez. PsCk egiten dio, baina ni ez naiz inoiz joaten, ez naizelako PsCkoa.

Bukatu da ETA. Zer sentsazio?

Inoiz gertatuko zitzaizun, bat-batean jakin dut norbait hil dela, baina nik uste nuen aspaldi hilda zegoela. Horixe bera gertatu zait niri ETArekin. Aspaldi jo nuen bukatutzat. Ez dut orain eduki Aieteko Adierazpenaren egunean, 2011ko urrian, sentitu nituen lasaitasuna eta bakea.

Zure aitaren manifestazioko «hitz egin» hark balio du orain?

«Hitz egin» hark erabateko balioa dauka orain. Gauza askoz hitz egin beharko du orain euskal gizarteak. Elkarrizketarik gabe, mahaian eseri gabe, onarpen batzuk gabe ezin izango da bakea eraiki. Onarpen horiek handiagoak izan behar dute ETAren eta ezker abertzalearen aldetik. Ondo itxi behar da.

Zer da ondo ixtea?

Ezin dugu gaizki itxi; frankismoa gaizki itxi zen. Eta ondo ixteko onartu beharra dago gauza batzuk gaizki egin zirela; jakinaren gainean egin ziren gaizki, kontzienteki. Gobernuez ari naiz. Odol biktima gehienak ETArenak dira, baina biktima guztiek merezi dute ezagutza.

Zein da orain ETAren biktimen jokabidea?

Nik uste dut biktimok orain eskuzabalak izan behar dugula, ezin dugu irtenbidea baldintzatu. Inork ez digu kenduko pairatu dugun mina, horregatik diot mina jasan duten guztiek, edozein aldetakoak direla, merezi dutela ezagutza.

Eduki duzu harremanik estatuaren biktimekin?

Ez. Galdeanoren alaba Carmenekin behin ekitaldi batean. Zirrara eragin zidaten Asier eta biok filmak, eta Jaso zure gauzak (Recoja sus cosas) liburuak.

Katalunian gatazkarekiko jarrera desberdina daukazue. Zeren ondorio izan liteke?

Gure herria ez da bortxakeria zalea. Katalunia ez da herri biolentoa, eta itunzaletasuna oso errotuta daukagu gure historian, gure DNAn dago. Mendekua ez dago gure hiztegian.

Minak muga eguna dauka?

Ez, iraun egiten du. Baina ezin zaitu baldintzatu, ez zara harekin bizi. Ez mendekurik, ez gorrotorik, baina ezta Stockholmgo sindromea ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna