ETA. 1958-2018. Joxe Mari Olarra. Torturatua eta euskal preso ohia

«Errespetua diet aurrean daudenei, baldintza bat jarriz: haiek gu errespetatzea»

Atxiloketa, tortura, epaiketa, espetxea, urrunketa eta jazarpena. Hori «sufritu» du Olarrak 13 urte zituenetik, 2014 arte.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2018ko maiatzak 4
Ez da Joxe Mari Olarra (Villabona, Gipuzkoa, 1957) elkarrizketa eman zalea. Animatu da orain, «izugarri sufritu» duen euskal herritar moduan «aurrera» begirako mezuak eman nahian.

Zenbat aldiz atxilotu zaituzte?

Hemezortzi aldiz.

Noiz aurreneko aldiz?

1971n. 14 urte nituen. Aurreko urtean, berriz, Burgosko prozesua zela-eta kalean harrapatu eta egundoko egurra eman zidaten; hiru hilabete eta piko pasatu nituen ohean, ezin mugituta.

Azkeneko atxiloketa, noiz?

Operazio batean, 2000n, 18/98 auzian, eta 2007an berriro, auziko epaiagatik, preso sartzeko.

Lehen alditik aurrera hamarkada denetan atxilotu al zaituzte?

Bai. 1970eko hamarkadan hiru aldiz, 1980koan seitan, 1990ekoan zazpitan eta 2000koan bitan.

Polizia indar desberdinek?

Bai. Hiruk: Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak eta Ertzaintzak.

Beti Euskal Herrian?

Bai. Villabonan, Donostian, Tolosan eta Errenterian.

Zenbat aldiz egon zara preso?

Bost aldiz.

Noiz lehen aldiz?

1978an.

Azkena?

2007an. 2014an atera nintzen.

Zenbat urte egin dituzu preso?

Denera, hamalau bat urte.

Iheslari izan al zara sekula?

Bai. 1974an joan nintzen bestaldera.

Zergatik?

[ETA] Erakundeko kidea nintzen. 1977ko Amnistia Legearen ondoren bueltatu nintzen.

Zenbat aldiz epaitu zaituzte?

Normalean, atxiloketen ondoren libre gelditu naiz. Bi kondena jaso ditut: HBren Mahai Nazionalaren auzian, 1997an —gero Konstituzionalak absolbitu egin gintuen— eta 18/98n, 2007an. Epaitu eta libre, hiruzpalau aldiz geratu naiz.

Zenbat kartzelatan egon zara?

Euskal Herrikoak ezagutzen ditut —Basaurikoa kenduta—, Madrilgo guztiak —Estremera izan ezik—, Zaragozako zaharra, Andaluziakoak Jaen eta Granada, Galiziakoak Teixeiro eta Lama, eta, pasoan, beste dozena erdi bat.

Urrutien, non egon zara preso?

Granadan. Hemendik 725 kilometro daude hara. Lamara, 714.

Gertuen?

Martutenen. 1978an.

Ingurukoen errepide ezbeharrik-edo izan al duzu?

Ez. Zortea izan dut. Baina etxean bizi guztian presio bat izan dute, Guardia Zibila noiz etorriko bila.

Espetxean jaso duzu erasorik?

Ez. Urte asko bakartuta pasatu ditut, bakarrik. Bestalde, euskaldunok preso sozialekin arazo gutxi izaten ditugu, haiekiko gure jarrera laguntzekoa delako. Gure gizatasun hori ezin dute ikusi espetxe funtzionarioek.

Torturatu al zaituzte?

Bai. Bost aldiz, eta beste lautan, tratu txarrak. Torturaren eta tratu txarren arteko aldea da, nire ustez behintzat, torturarako instrumentuak erabiltzen dituztela. Ikaragarriak eta bi ikusi ditut komisarietan. Guardia zibilek ahoz ahokoa egin izan didate bizirik segi nezan. Beste behin, Carabanchelen sartzean, funtzionarioek ez zuten nitaz kargu egin nahi izan, ez nintzelako gai zutik egoteko; preso katalan batzuk niri begira egon ziren, beste mundura joango nintzelakoan. Bereziki gogor hartu izan naute. Tortura saioetan burua estali gabe ibiltzen zirenean, behin salatu egin nituen eta irabazi egin nuen epaiketa, baina horrek gero eragina izan zuen beste atxiloaldietan.

Bestelako erasorik jaso al duzu?

1995ean, Rosa Zarra hil zuten egunean, militar bat auto azpian zerbait jarri nahian harrapatu nuen. Ni hankaz gora botatzeko zen. Lekukoak ditut hori esateko. Autobidearen garaian ere sekulako presioak izan nituen.

Euskal Herrian biktima pila bat daude. Nola sentitzen zara zeu?

Nik biktima hitza ikaragarrizko errespetuarekin erabiltzen dut. Kontakizunaren borroka bat dago gaur egun, eta dauden bi edo hirurak ez dira bateratuko inoiz. Errespetua diet aurrean daudenei, baldintza bat jarriz: haiek gu errespetatzea. Izugarri sufritu dut, baina borroka honetan boluntario bat izan naiz ni. Euskal Herria maite dut. Gure lerroetan biktima ikaragarri ikusi dut. Lagun eta kide asko lurperatu ditugu, HBko Mahai Nazionaleko kide moduan hileta askotan parte hartu dut. Ez dugula enpatizatu beste biktimekin? Egia da, aitortzen dut. Gatazka gori-gori dagoenean zu zure lerroetan zaude.

Nola jorratu biktimen kontua?

Denbora gehiegi ari gara galtzen biktimez eta kontakizunaz hizketan. Hau plano politikoan hartu behar da, eta ziklo zahar hau atzean utzi, baina estatuak zergatik ez du nahi? Ez da bakarrik mendekua nahi duelako; gure indarrak ziklo zaharrean izatea nahi du, eta ez prozesu independentistan.

Egia, justizia eta erreparazioa eskatzen dira. Zer da egia?

Norberak daukana. Ez dago egia bat. Denbora beharko da. 1936ko gerraren historia orain ari da idazten beste era batera, garai bateko gudariak orain ari dira omentzen, eta, hala ere, estatuak ez du onartzen. Guk ez dauzkagu historia idazteko nahikoa tresna; haiek bai, baina herri honek asko bizi izan du, eta galdera bat: Euskal Herriak zenbat greba orokor egin ditu ETAko militanteengatik eta zenbat bestaldera? Hori historia da, hori errealitatea da. Urte batzuetara ikusiko du jendeak.

Erreparazioaz zer espero duzu?

Etsaiaren aldetik, batere ez. Bati mina eman badiote, hori nola errepara daiteke? Ezin da.

Eta justizia zer da?

Hemen ez da ematen. Espainiako Estatuari ez diote inolako sinesgarritasunik ematen.

Argitu gabeko kasuak argitzearen alde zaude zeu?

Ez naiz mendekuaren aldekoa. Herri hau aske nahi dut, eta aurrera begiratzea. Ahalegin guztiak egingo ditut gure seme-alabek guk bizitakoa ez bizitzeko.

Biktimen elkarte batzuek politika egiten al dute?

Berriro diot: biktimekiko, errespetua. Baina biktimen elkarteek ez dezatela baldintzatu politika. Momentu honetan Covite gehiago da indar eskuindar bat, biktimen elkartea baino. Dena ezbaian jartzen du, eta PPri egundoko markajea egiten dio. Unionismoa indartu nahi dute horrela.

ETAren bukaeraren ostean aldatu al daiteke espetxe politika?

Benetan zaila dago, Espainiako Estatua inboluzio batean sartua baitago. Uste zuen Kataluniako azken hauteskundeak irabazi egingo zituela, baina galdu egin ditu, eta epailetzak, Ibexak eta hedabideek erabaki bat hartu dute: festa bukatu da katalanentzat, euskaldunontzat eta edozeinentzat. Horrek ekarriko du hurrena Kongresuan unionismoak gehiengo osoa izatea. Guretzat momentu ez hain onak helduko dira, presoen arloan une zailak egongo dira. Madrildik ez dut ezer espero. Gure indarraren arabera lortuko dugu ala ez zerbait.

Paristik ezer espero al zenuen?

Diferentzia bat dago: ikuspegi europarra du Parisek, eta hori Ebrotik behera ez dago. Frantziak badaki gerra egiten eta badaki fronteak ixten. Orain borroka armatuaren ondorioen frontea ixten joateko erabakia hartu du.

Hego Euskal Herrian zergatik ez dago elkarlan hori?

Hegoaldean lubakiak daude. ETAk jarduera armatuaren bukaera eman zuenean, EAJk ere ikusi zuen herri honetan egundoko ilusioa sortu zela, baina ohartu zen EH Bilduk indar handia hartu zuela eta dena geldiarazi zuen. Bere interesei begiratu zien EAJk, ez herri interesei. Espainiaren laguntzaile ibili da. Hori herriak sufritzen du. ETA ekinean zenean intxaur batzuk jasotzen zituen EAJk, baina hori bukatu zaio. Orain ikusiko dugu Madrilen ura bukatzen zaion: hau da, bere diputatuek ez dute laster Madrilen pisurik izango. Beraz, arazo latza izango du. Orduan, agian, Madrilera begiratu beharrean, Euskal Herrian bere ezkerrera begiratuko du, unionismoaren aurka egiteko bat eginda. Hor dago joko politikoa. Ikusiko dugu hori, ez oso denbora askora, eta arlo horretan baikorra naiz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna