Baionako bestak 

Haurrak protagonista

Animazio andana izan da hiri guzian zehar Baionako bestetan egin duten haurren egunean. Segurtasun neurri zorrotzak jarri dituzte Poterne parkera sartzeko. Herri kiroletan, lasto altxatzean, arpana jotzen eta tokan aritu dira

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2017ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
«Beste haur talde bat dator korrika, baina zezenak oraindik ez ditugu ikusten». Goizeko 11:00ak pasatxo dira Baionako Jacques Lafitte karrikan. Bertara iristen da Entzierro Txikia. Bizkarreko horiak eta urdinak soinean, korrika eta oihuz ari dira haurrak karrikan zehar, zezenak atzetik dituztela. Zezenak, noski, kartoizkoak dira, gurpil gainean barre algaraz ari diren antolatzaileek bultzatuak. Handiek bezala besta egitea proposatzen diete haurrei Baionako bestetako haurren egunean, egitarau ofizialeko hitzordu andana haien neurrira antolatuta. Larrialdi egoera zela eta, bertan behera utzi zuten iazko bestetan; aurten, segurtasun neurri zorrotzekin antolatu dute.

Lasterketa bukatuta, Leon erregearen iratzartzera joan dira gehienak, eta, handik, Poterne parkera. Han bazkaltzen dute familia gehienek, eta animazio andana ere antolatzen dute. Aurten, kirol ekitaldi nagusietan izan ohi diren Fan Zone guneen gisara prestatu dute, sarrera guziak itxi eta zaindariak jarrita.

Bestazale guziak miatzen dituzte xuri eta gorriz jantzitako segurtasun zerbitzuek. Familia bat pasatu da; senar-emazteak seme-alabekin. Aita sartu da lehenik; besoak altxatu, eta gorputz osoa ukitu dio zaindariak, eta poltsa begiratu. Haurrek ere protokolo berdina segitu behar izan dute bere gibeletik: eskuak altxatu, eta miaketa. «Normala iruditzen zait», aitortu du amak. «Zapi gorriarekin dira, ez dute txakur itxura, lasaitzen du». Haurrari zertarako den ba ote dakien galdetu dio; ezetz buruarekin. «Armarik ba ote duzun jakiteko da. Baduzu armarik?». Ezetz berriz ere umeak, konfeti poltsa erakutsiz. Iritzi berekoa da Aurelie Boutevin ere. Bere bi alabekin etorri da. «Biziki inportantea da segurtasun neurri horiek hartzea. Iaz ez nintzen etorri bestetara, beldur handia eragiten dit testuinguruak».

Gunean berean ere handia da Poliziaren presentzia. Batzuentzat beharrezkoa, besteentzat gehiegizkoa. «Nire ustez, sobera da, jendea psikosi batean sartzen du. Frantzian, ideia zabaltzen ari da terrorismoaren aurrean bat egin behar dela. Pitokeria bat da. Aitzakia bat besterik ez da beste gauzei ez begiratzeko», salatu du Peio Dufauk. Bera ere haurrekin eta beren lagunekin etorri da. «Denak ez dituzte miatu, haatik, batek diabetesa du, eta material guzia zakuan daramagu. Horrekin kakinarazi gaituzte». Ez dago biziki gustura inguruan ikusten duenarekin: «Biziki giro frantsesa iruditzen zait, musika ez dut jasaten. Haurrak usatuagoak dira, hedabideetan ez dut besterik entzuten».

Hip hop talde bat igo da agertokira, dantza emanaldia eskaintzera. Helduenek akrobazia ikusgarriak egiten dituzte, hankak airean gorputzari birak emanez; txikienek, ahal duten gisan, baina guziek jaso dute txalo zaparrada. Urrunago, Baionako Klub Olinpikoak antolatutako jokoak daude: judoa, borroka librea... Mutiko bat eta neskato bat ari dira pistan, hortzak estutu eta indarrez, parekoa bizkar gainera erorarazi nahian. Bost aldiz galdu du neskak; «xehatu du», ondoko mutiko kuadrilla baten komentarioa. Ez dirudi bera iritzi berekoa denik, irribarrez atera baita joko zelaitik, poz-pozik.

Idoki ekoizle elkartearen gunea da euskararen presentzia bermatzen duen leku bakarra. Leloak erakusten du helburua: Gure etxaldeetatik zuzenean, gure laborantza iraunkorra. Hara hurbildu da Olivier Parra, haurrekin. «Garrantzitsua da haurrak txikitatik heztea. Nireek ez dituzte ezagutzen ez Mc Donalds ezta Coca Cola ere. Kalitate txarreko janaria saihesten saiatzen naiz, tokiko produktuak lehenesten. Herri guzietan hala eginen balute...».

Herri kirolak Patxan

Pozik da Fabien Mendiburu Gaia elkarteko kidea Patxa plazan antolatu dituzte herri kirol jokoekin:«Baziren bizpahiru urte gazte asanbladarekin hau antolatu nahian ari ginela; aurten, azkenean, lortu dugu, eta giro bikaina dago». Lasto altxatzea eta botatzea, arpana jokoa, toka; denetik dago. Eta joko bakoitzaren ondoan, esplikazioa, euskaraz eta frantsesez. «Joko bakoitzak badu iturburu bat, historia bat. Guretzat, garrantzitsua da pedagogia hori egitea; nondik heldu den eta garai hartan zergatik egiten zuten azaltzea».

Okzitaniatik etorria da Christophe Egiziano. «Herri kirol ikusgarri batean egonak ginen, baina ez genuen sekula parte hartzeko aukera izan». Semearekin arpana jokoan aritu dira. Bi minutu pasatu behar izan dituzte hontza bat mozteko. «Lehen aldia zen, zaila da. Antolatzaileek erran digute hobetze tarte handia genuela», kontatu du barrez. Sabina Mokorrearen alaba lastoa altxatzen ari da gogotsu. Bukatzean, elkarri bostekoa eman diote. «Gaia elkartea ezagutzen nuen, eta Interneten ikusi nuen gaur Patxan zirela». Biziki pozik da Saratik (Lapurdi) etorritako familia. «Lehen Poternera joaten ginen, baina nahiago dut hau bezalako zerbait, txikiagoa. Gainera, hemen euskara entzuten da». Indar berezia egiten dute Gaia elkartekoek hizkuntzarekin, ahal den guziez euskaraz, eta ez dakitenekin ere, hitz batzuk eginez. Jostetan ari direnei begira dira hiru lagun. «Biziki ideia polit eta interesgarria da; besta egiteko, jostatzeko. Besta jolasa da, adin guzietako jendea elkartzeko parada; Euskal Herrian, betiko ohitura izan da», dio haietako batek. Bide beretik ari da Mendiburu. «Pasatzen zen jendea gelditzen da, trago bat hartzen du. Hor haur bat lastoan ari da, eta bost heldu berari txaloka». Ondoko urteetan errepikatzeko asmoa erakutsi du. «Zinez bikaina da Patxan hori egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.