Usoekin tirabiran

Gasteizek ez du arazo larririk uso kopuruarekin, baina hiriko zenbait gunetan gehiegi pilatzen dira. Udalak harrapatu egin nahi ditu, baina ekologistak kexu dira, neurriak gogorregiak direlako.

Usoekin tirabiran.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
BirdLife erakundeko Lucia Peña ornitologoaren esanetan, hiriak oso gune aproposak dira usoentzat, hainbat arrazoirengatik: klima erosoa, habiak egin eta atseden hartzeko leku ugari, jana eta ura erruz, etainguruan harraparirik ez. Egia esan, usoek milaka urte daramatzate gizakien bueltan: batzuetan obiparoak baliatu dira ugaztunez, eta beste batzuetan, alderantziz. Bainaarazoak ere sortzen dituzte hiritarren artean. Gasteizen, esaterako, horrelako zerbait gertatzen da. Espainiako Ornitologia Elkarteak egindako azken txostenaren arabera, Arabako hiriburuan 7.500 uso inguru dago; batez beste, hektarea bakoitzeko lau. «Ez da gehiegizko datua, baina batezbestekoekin arretaz jokatu behar da. Izan ere, gune jakin batzuetan uso asko pilatzen dira», argitu du Peio Lopez de Muniain Gasteizko Udaleko Osasun Publikoko zinegotziak. Leku jakin horietako bizilagunak kexu dira usoek sortzen dituzten zikinkeria eta eragozpenengatik, eta udalari arazoa konpontzeko irtenbideak eskatzen dizkiote.

«Irtenbidea sekula santan ezin da izan usoak sakrifikatzea: izaki bizidunak direlako, arazoa ez delako konpontzen, eta ilegala delako», adierazi du Andres Illana Ekologistak Martxan taldeko kideak. «Irtenbideak ekologikoa, integrala, zehatza, ekonomikoki jasangarria, iraunkorra, etikoa eta alde guztien artean adostua izan behar du», gaineratu du.

2014. urtean onartu zen animalien babeserako udal arautegiak zehaztu zuen espezieren bat gehiegi ugaritzen bada populazioa kontrolatzeko neurriak hobetsi behar direla, sakrifikatu beharrean. Ordura arte, sistematikoki, usoak harrapatu eta sakrifikatu egiten ziren, baina Ingurumenaren Babes eta Ikerketarako Arabako Taldearen ikerketak frogatu zuen eraginkortasun antzua. «Egun, jasotako kexen arabera, inguruan ikuskatze bat egiten dugu, eta larritasun maila zehazten dugu. Horren arabera, neurri batzuk gomendatzen dizkiegu bizilagunei: arantzak jartzea, sareak, habiak kentzea...», argitu du Lopez de Muniainek. «Baina batzuetan ez da nahikoa».

BirdLife erakundeak dio usoak harrapatzearen eragina «bizkorra baina motza» dela. «Hilabete barru berriz ere bueltan izango dira». Horregatik, haien ustez, jana eta atseden hartzeko guneak mugatzea da neurririk egokiena. Horretarako, kontzientziazio lan handia behar da, jendeak lurrera jan hondarrik bota ez dezan eta hiriko eraikinak egoera onean zaindu ditzaten.

Ekologistak Martxan taldekoak, berriz, kexu dira usoak harrapatu eta hilez gero urte hasieran Elkargunean hartutako erabakia apurtzen dela. Elkargunea Gasteizko Udalak martxan jarritako egitasmo bat da, gai baten inguruan herritarrak, udaleko teknikariak eta alderdi politikoetako ordezkariak elkarrekin bildu eta denen artean akordioak lortzeko. Han onartu zen, besteak beste, usoak sistematikoki sakrifikatu beharrean kexen arabera lan egitea, hegaztien elikadura iturriak kontrolatzea eta usategien bidez populazioa kontrolatzea. «Gasteizen moduko hiri batean ehun usorentzako jana eta babesa badago, nahiz eta gizakia uso gutxiago egotearekin tematu, beti egongo dira ehun. Lortu behar duguna da usoak kontrolatuak edukitzea herritarrei ahalik eta kalte gutxien egiteko», argudiatu du Illanak.

Elkarguneko akordioekin, ziklikoki usoak hil beharrean, une oro kontrolpean eduki nahi dituzte. «Usoei jana botatzen dietenei isunak jartzea ez da justua. Pertsona horiekin hitz egin behar da pentsu jakin bat eman diezaieten, eta uso asko ez dagoen guneetan soilik», jarri du ekologistak adibide modura. Pentsu antikontzeptiboez ari da Illana, usoek arrautza gutxiago jar ditzaten.

«Pentsu antikontzeptiboak oso arriskutsuak dira», esan du Peñak. Izan ere, beste hegaztiek ere jan dezakete, eta albo kalteak sortu. «Gainera ez dakigu zerez eginak dauden, eta ez dakigu gizakiei eta ingurumenari zer kalte egiten dieten uretara iritsiz gero», azaldu du adituak. Halaber, zinegotziak gaineratu du Bilboko Udalak eskatu ziola Bizkaiko Foru Aldundiari pentsu antikontzeptiboen erabilera onartzea, baina azaldutako arrazoiengatik ez zietela baimenik eman. «Aukera hori guretzat ez da balizkoa», azaldu du Lopez de Muniainek.

Usoek urtean lau bider jar ditzakete arrautzak, eta txanda bakoitzean bi arrautza jartzen dituzte. Arrautzek hemezortzi egun behar dituzte kraskatzeko; sei hilabeteren ondoren, kumeak heldu bilakatzen dira, eta haiek ere arrautzak jartzen dituzte. Azkar ugaltzen diren animaliak izaki, jaiotza kopurua kontrolatzea proposatu dute ekologistek. «Usategiak behar ditugu arrautzak bertan jar ditzaten. Horrela, gizakiok eskura ditugu, baten bat zulatu behar bada ere», azaldu du Illanak. Habiak gune ezkutuetan egiten dituzte usoek, sarri etxeetako zuloetan eta erlaitzetan, edo dendetako markesinetan.

Lopez de Muniainek gogoratu du martxan dela usategiak jartzeko plana. Halere, usoen populazioa kontrolatzeko neurri horien emaitzak jasotzeko urte batzuk igaro behar dira, eta, udalaren ustetan, konponbideak premia handiagoa du. «Bereziki eskola inguruetan pilatzen dira usoak, jan hondar asko egoten direlako. Haurrei esan diegu janik ez botatzeko lurrera, eta usoak izutzen saiatu gara. Baina ezer ez. Eta tristea da haurrek jolas ordua ezin gozatzea halako arazoengatik». Emaitza azkarren bila, dagoeneko eskatu dute usoak harrapatzeko baimena aldundian. «Ekintza puntualak dira, une jakin batean toki jakin batzuetan. Neurria ez da hiri osoan betiko zabalduko», argudiatu du zinegotziak.

«Urte guztian usoak harrapatzeko kaiolak genituenean, kontrolpean genuen egoera. Hori egiteari utzi diogunean ugaritu dira. Izan ere, oso habitat egokia dute, eta harrapakaririk ez», esan du Lopez de Muniainek. Haren hitzetan, orain arteko kontrolaren inguruko neurriak ez dira erabat eraginkorrak. «Izutzen saiatu gara, baina azkar ohitzen dira, eta eraginkortasuna galtzen du sistema horrek. Arantzak jarri arren, inguruan ibiltzen jarraitzen dute; beti izango dute etxeren batean atseden hartzeko tokia, eta jendeak jana ematen jarraitzen du, legez kanpokoa izan arren».

Ekologistak Martxan eta BirdLife erakundeek, baina, uste dute arazoak saihesteko nahikoa dela kontzientziazioa. «Usoek ez dute errurik. Jana gertu badute, haraxe joango dira. Umeek ikas dezatela janik ez botatzen lurrera, eta kaleak gehiago garbitu beharko dira», dio Illanak.

Peñak Santanderko (Espainia) kasua ekarri du gogora. «Kontzientziazio lan handia egin zen, eta emaitzak oso positiboak izan dira». Halaber, nabarmendu du ez dela egokia esatea uso gehiegi daudela. «Ezin da esan gehiegi daudenik. Dituzten baliabideen arabera daude usoak. Leku jakin batzuetan besteetan baino gehiago izango dira, baina gehiegi ez».

BirdLifeko kideak kexu dira alarmismo handiegia sortu delako. «Usoek sor ditzaketen kalteak ez dira horren handiak. Osasun publikoarentzako ez dira arriskutsuak, oso zaila delako usoek gaixotasunak zabaltzea», dio Peñak. Udalak ere onartu du usoak ez direla arriskutsuak gizakiaren osasunerako, baina enbarazu handia egiten dutela diote.«Udala arinkeriaz ari da jokatzen. Arazoaren errora joan beharrean, nahiago dute saihestu daitekeen sufrimendu bat erabili eta usoak akabatu», salatu du Illanak.

Hotzak etortzean hegaztiek alde egiten dute. Baina usoen tirabirak ez dira sekula joaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.