Mila lagunen indarra

Mila biztanle baino gutxiagoko herriek administrazioaren laguntza gutxiago jasotzen dute. Herritar bila ibili dira Gaubean milako langa gainditzeko. Lortu dute. Halere, Gaubeak 26 herrigune dituenez, oso sakabanatuta daude biztanleak, eta egunerokotasunean ondorioak ditu.

Kerman Garralda Zubimendi.
Gaubea
2018ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Lasaitu ederra hartu zuten Gaubeako herritarrek erroldatutakoak zenbatzean mila lagun bazirela ikustean. «2017 hasieran 1.005 herritar geunden erroldaturik, baina batzuk joan egin zitzaizkigun, eta mila baino gutxiago izan ginen. Zorionez, dozena bat lagun erroldatu dira, eta ez dugu arazorik izango», azaldu du Juan Carlos Ramirez Gaubeako alkateak. Arrazoi ekonomikoengatik da interesgarria mila biztanle edukitzea gutxienez, baina arrazoi gehiago ere badira: «Konturatu ginen herria zahartzen eta husten ari zela».

Herritar baten aldean, 70.000 euroko desberdintasuna egon daiteke. «Ez da horrenbeste, urteko aurrekontuaren %3 gutxi gorabehera». Alkateak dio, ohiko gastuez gain, herriaren egitura bereziak gastu gehiago eragiten dituela: «Sakabanaketagatik, beste edozein herrik baino hodi, errepide, kable... kilometro gehiago behar ditugu». Izan ere, 244 kilometro koadrorekin, Gaubea Euskal Herriko herririk handienetakoa da. «Arabak, batez beste, 107 pertsonako dentsitatea du kilometro karratuko. Gasteizek, 872. Gaubean bostekoa ere ez dugu».

Gaubea 26 herrigunetan dago banatua. Herritar gehien duena Espejo da, 250, baina badira hamar biztanle baino gutxiagokoak —Acebedo eta Quejo—; baita hutsik dauden guneak ere, esaterako, Ribera. Udaletxea, ordea, ez dago Espejon, Uribarri Gaubean baizik. Uribarri Gaubeak ditu herriko zerbitzu gehienak, hala nola posta bulegoa, liburutegia eta eskola.

«Eskola bakarra dago 26 herriguneentzat. Denera 65 ikasle daude, 49 familiatakoak», azaldu dute Alaitz San Roman eta Ainhoa Velez eskolako zuzendaritza taldeko kideek. Erdi brometan, oporrak baino eskolara joatea nahiago duten haur bakarrak gaubearrak izango direla diote: «Herrigune batzuetan haur bakarra dago, edo soilik anai-arrebak, eta aspertu egiten dira. Eskolan, bederen, taldean jolasteko aukera dute». Ia etorkinik ez dago ikastetxean, dozena erdi bat dira. «Etxeak merkeak direnez, atzerritar askok erosten dute hemen etxebizitza. Baina hemen bizitzeko autoa behar da, lan gutxi dago... eta azkar alde egiten dute», adierazi dute. Irakasleen artean Gaubean bizi diren bi besterik ez daude, gainontzekoek kanpoan egiten dute lo.

«Herria husten ari denez, eskola itxiko diguten beldur gara», aipatu du kezkatuta San Romanek, eta Velezek gaineratu: «112 ikasle ere izan gara. Lehen, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ere eskaintzen genuen, baina egun, ikasketak jarraitzeko kanpora joan behar dute».

Zerbitzuak mantentzeko mila biztanle izatea ezinbestekoa dela dio Ramirez alkateak. Herritarren artean, ongien baloratutako zerbitzuak eskola eta liburutegia dira: «Herriaren bihotza dira, ezinbestekoak», diote irakasleek. Oso zerbitzu erabilia garraioarena da, autobus eta taxi zerbitzu berezia baitago herriguneak lotzeko. «Adineko jendearentzat baliagarria da. Taxiaren eta autobusaren artean zerbitzu betea eskaintzen dugu. Uler dezaket garesti irten daitekeela jende gutxi mugitzen baita, baina inkomunikatuta ez gelditzeko bide bakarra da askorentzat», onartu du Ramirezek. Osasun zerbitzuei dagokienez, Espejon eta Uribarri Gaubean osasun zentroak daude, eta gainontzeko herriek kontsulta zerbitzuak dituzte, medikua joaten baita. «Pediatra asteazkenetan soilik egoten da. Haurren bat ostegunean gaixotzen bada, zer?», bota du Velezek. Suhiltzaileekin ere antzeko zerbait gertatu zitzaien: duela bi urte, Espejoko suhiltzaileen egoitza itxita zegoela, etxe batek su hartu, eta gizon bat hil zen. «Egun, une oro ditugu suhiltzaileak prest», azpimarratu du Ramirezek.

Bizi estiloak aldatuz

Mila herritar izatea ezinbestekoa da zerbitzuak mantentzeko, eta horien kostuari aurre egiteko diru laguntza gehiago jasotzeko. «Jendeari hausnarketa bat eragin nahi genion egindako deiarekin», zehaztu du Ramirezek. Gaubean, gehienbat, adineko jendea bizi da —herenak baino gehiagok 65 urte edo gehiago dituzte—, gazteak Gasteiz, Bilbo edo Miranda Ebrora (Espainia) joaten direlako. «Geroz eta kalekumeagoak gara, eta ez dugu herri txikien aberastasuna baloratzen», gaineratu du.

Jendearen jarrera ziklikoa dela konbentzituta dago Ramirez: «Gazte garaian, lan kontuengatik bereziki, kanpora joaten da jendea. Baina erretiroa hartzean, berriz itzultzen dira herrira». Inguruan industria askorik ez dago, herritar gehienek hirugarren sektorean egiten dute lan. «Tabernak nahiko ongi funtzionatzen du. Gure bezeroak bereziki beharginak dira, eta udan, turistak», argitu du Jasone Gartzia ostalariak. Hark nahiago du herri txikietako lasaitasuna hiri handietako erosotasuna baino. «Ezer behar izanez gero, Gasteiz gertu dugu». Uribarri Gaubeatik Miranda Ebrora ordu erdi dago; Gasteiz, berrogei minutura; eta Bilbo, ordubetera. «Mirandarako errepidea erosoagoa da, Gasteizerako errepidea estuagoa eta sigi-sagatsuagoa da», gaineratu du Gartziak.

Komunikazio txarrengatik uste du ez dagoela industria astunik herrian. Tuestan badago opildegi lantegi bat, baina gutxi gehiago. «Lehen, Garoña alboan genuen. Lana, baina, Burgos aldeko biztanleei ematen zien guri eman beharrean», dio Ramirezek. Herritar askok kanpinean egiten du lan, udan bereziki, populazioa nabarmen hazi egiten baita. «Valderejoko parke naturala hurbil dugu. Bisitatzeko oso inguru ederra eta lasaia da. Mendiko kirolari ugari etortzen dira».

Oporrak pasatzera herrira itzultzen diren lagun asko dagoela ere aipatu du alkateak. «Herrian erroldatzeko eskaria bereziki haiei egin genien. Gaubearekin inolako loturarik ez duenak ez du hemen emango izena, baina nolabaiteko lotura edukita, zergatik ez herriari lagundu?», aipatu du Ramirezek. «Zerbitzu batzuk edonon jaso ditzakezu. Gaubean horiek egoteko mila biztanle ezinbestekoak dira». Gasteizen nahiz Gaubean erroldatuta egonda, herritarrek eskura dituzten zerbitzuak berberak direla nabarmendu du alkateak, baina Gaubean zerbitzu horiek mantentzeko ezinbestekoa da mila herritar baino gehiago edukitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.