Museo bat aire zabalean

Londresko 'Widewalls' atariak 2017ko mural politenen zerrenda argitaratu du, eta denen artean politena Deih artistak Baionan egindakoa da; 'Are you ready?' lanarekin mendebaldeko gizarteak teknologiarekiko duen menpekotasuna islatu nahi izan du.

Baiona
2018ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Muralik ederrena Ulysse-Darracq karrikan dago, Baionan, bai behintzat 2017koa. Halaxe erabaki dute Instagrameko ia 700 artezalek. Londresko Widewalls arteari buruz informatzen duen Interneteko atariak antolatzen eta kudeatzen du muralik politenen zerrenda, kalean egindako 55 artelanen zerrenda argitaratuz.

Iazko muralik politenaren egilea Deih artista da, kataluniarra, eta bere lanari Are you ready? (Prest al zaude?) izena jarri dio. «Guk jaka bat eta kasko bat daraman emakume bat ikusten dugu, guztia kablez eta gailuz inguratuta. Entxufatzeko puntuan dago, baina zer gertatuko da egiten badu? Muralak mendebaldeko gizartea du erdigunean, kosta ahala kosta teknologiaren menpe gaudela adierazten digu eta teknologiak berak gidatzen gaituela», azaldu du Angie Kordic Widewalls atariko erredaktoreburuak. Iazko urrian egin zuen artista kataluniarrak murala, Baionako Spacejunk zentroak antolatutako Points de Vue (Ikuspuntuak) jaialdiaren barruan. Zentroko zuzendari Alban Morlotek ere galdera batekin deskribatu du murala: «Zer gertatuko litzateke bi kableak konektatuko balitu? Erantzuna zabala da, eta, obra honen bidez, jendeari libre utzi behar zaio horren erantzuna pentsatzen eta erabakitzen zein izango den istorioaren etorkizuna».

Kordicek eta Morlotek bat egiten dute artistaren ibilbidea azaltzeko garaian: «Deih artistaren unibertsoa komikietan inspiratuta dago batik bat, Metal Hurlant [zientzia fikziozko istorioak biltzen dituen aldizkaria] edo Jean Giraud Moebius bezalakoetan. Haren obrek giza psikologiari egiten diote erreferentzia».

Bestelako zerrendetan ere agertu da Deih, baina Widewalls atarian azaltzeari garrantzia eman dio Morlotek, aspalditik existitzen den atari bat izateagatik, eta egiten duen lanagatik «seriotasuna eta sinesgarritasuna» ematen diolako. «Gainera, Spacejunk zentroari publizitatea egiten dio, ez dago gaizki jaialdiaren lehen aldi batentzat!», esan du irri artean. Horrelako zerrendek, bestalde, artistei eta euren obrei aitortza ematen dietela nabarmendu du.

Gaur egun Widewalls-ek arte moderno eta garaikideari eskaintzen badio ere lekurik handiena, ez ditu bere hastapenak ahazten, eta horren lekuko da kaleko arteari eskaintzen dion tarte hori. «Arte modu hori bete-betean bizi dugu, eta, horregatik, gure Instagrameko kontuan jartzen ditugu hilabetean hamar bat muralen argazkiak. Ez dugu irizpide zorrotzik, soilik obren berezko kalitate bisuala», azaldu du Francis Berthomier Widewalls-eko zuzendariak.

Artez arte hiria ezagutu

Points de Vue festibala egin aurretik, hamabost bat kaleko artelan zeuden Lapurdiko hiriburuan; guztiak Spacejunkek antolatutako erakusketara etorritako nazioarteko artistek eginak. «Etorritako artista horiek Euskal Herrian euren arrastoa utz zezaten nahi genuen, eta, pixkanaka, herritarrek iritzi bat eduki zezaten kaleko arteari buruz», esan du Morlotek. Eta zein da iritzi hori? Spacejunkek argi du: «Jendea oso pozik dago; ez dugu kontrakorik entzun. Proiektuak oso harrera ona izan du publikoaren artean, eraikinen jabeen artean... Artistek, gainera, ikusi dute inoiz gauzagarri izango ez ziren proposamen kulturalek tokia badutela».

Baionako zentroak hamar urte daramatza herritarrak sentsibilizatzen, eta, horrelako festibal batekin, toki artistikoetara joateko ohiturarik ez duen jendeari artelanak hurbiltzen dizkiote: «Festibalaren helburua kaleko artearen dibertsitatea eta kalitatea erakustea da, eta espero ez den tokietara iristea». Arte mota hori nolabaiteko klandestinitatean zegoen lehen, eta, denborarekin, modan jarri da. Morloten hitzetan, «Internetek ekarri du artistek aukera izatea inongo bitartekaririk gabe beren lanak erakusteko. Ordutik, publikoak zuzenki baloratzen ditu artelanak, adituen abalik gabe».

Baionako Spacejunk zentroak, Lyonekoarekin eta Grenoblekoarekin batera, eskuragarri jarri nahi du artea, batik bat gazteentzat. Kaleko artea, lowbrow eta pop surrealism arte mugimenduak lantzen dituzte gehienbat. «Artearen tokia liberalizatu nahi dugu, gure mugimendu artistikoak publikoarekin partekatu eta artistak ezagutarazi», azaldu du Morlotek.

Aurten ere gogotsu daude «abenturarekin jarraitu» eta jaialdiaren bigarren aldia antolatzeko, aire zabaleko museoari pieza gehiago eransteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.