Gailuen alfa eta omega

Zaharkitze programatuaren aroan, bada ondo eginiko objektu suntsiezinekin amodio harremana duen jendea.
Mari Kruz Urkizuk «haurra koskortu» zitzaionean erosi zuen Eibarren eginiko gailua.
Mari Kruz Urkizuk «haurra koskortu» zitzaionean erosi zuen Eibarren eginiko gailua. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren

2018ko urtarrilak 12
Mateo Mancisidor, Durango inskripzioa dauka 100 urte baino gehiagoko erlojuak. Hodei Zenikaonandia Otzerinjauregi arkitektoaren ordulari kutuna da. «Amak bere aitonaren gelan zegoela gogoratzen du», esan du. Obako (Dima, Bizkaia) Artatza baserrian zen. Baina otzerinjauregitarrak maizterrak ziren, eta kalera jaitsi behar izan zuten. Pisu eta penduluarekin dabil gailua, eta hiru aldiz konpondu dute 50 urtean; azkenekoz, duela 30 urte. «Aitak pena du, erlojuak, orain, ez duelako orduetako soinua egiten». Maitasun eta gorroto harremana du Zenikaonandiak erlojuarekin. Txikitan bere gelan zeukan. «Lokartu ezinean nenbilenean, ez nuen batere gogoko haren segundoen orratzaren soinua». Haurrari segundoen hots hark piztu zion heriotzaren kontzientzia. «Denboraren iragatea, zahartzea eta hiltzea horrekin lotzen nituen». Alegia, Edgar Allan Poeren Bihotz salataria ipuinean bezala. Baina makina ez da gelditu, eta Zenikaonandia helduarentzat hotsak beste esan nahia hartu du orain: iraupena eta transmisioa. «Asko maite dut erlojua, irudikatzen duelako gurasoek transmititu diguten gauzak zaintzeko kultura hori, gauzak gordetzekoa, baina erabiltzeko». Izan ere, aitona Nikasio Otzerinjauregi esklabo izan zuten frankistek sei urtez, Langile Batailoietan. Esku hutsik itzuli zen, eta zapatari hasi zen Iurretan (Bizkaia). «Etxean aterkiak konpondu egiten ziren, eta ni harro negoen horretaz». Gaur, berriz, zaharkitze programatua da nagusi, eta gauzak denbora gutxira apurtzeko egiten dituzte, apropos. «Nolatan saritzen dugu jarrera txar hori? Nolatan gal daiteke alferrik hainbeste bizitza ordu gauzak nahita txarto egiten?», galdetu du Zenikaonandiak.

Soldata bateko telebista

Duela 23 urtetik telebista gailu beraren aurrean esertzen da gauero Jabi Markez. «Ez zen garestiena izango, baina gutxi gorabehera hilabete bateko soldata kostatu zitzaigun», gogoratu du. Logelan badu beste bat, baina egongelakoaren irudien kalitatea askoz hobea da, esan duenez. Aurki telebista berria erosiko du Markezek, baina ez 23 urtekoarekin nekatu delako, baizik eta egongelako altzaria aldatu behar duelako, eta gaurkoak pantaila lauentzat egiten dituzte, lekurik utzi gabe ipurdi handiko telebistentzat. Markezek argi du telebista berriak ez duela horrenbeste iraungo: «Teknikariak argi esan zigun, gustukoen artean, merkeena erosteko. Azken batean, gaur, telebisten pieza guztiak lantegi berdinetatik datoz».

Eibarko makinak

Mari Kruz Urkizuk 85 urte ditu, eta lantegian lan egiteaz gain, beti egin ditu konponketak eta bestelako jostun lanak, «etxerako». Alaba koskortu zitzaionean erosi zuen Eibarko (Gipuzkoa) Alfa enpresan eginiko josteko makina. Kalkulatu duenez, gailuak baditu 45 urte inguru.

Makina zaharrak erabiltzen dituztenek esan ohi dute berriak baino nahiago dituztela, puntada politagoa egiten dutelako. Ez dio arazo handirik eman makinak Urkizuri lau hamarkadotan, eta zer edo zer izan duenean, «konponketa txiki» batekin atera du aurrera. Alabari utzi nahiko lioke makina, baina ez du ematen hura oso prest dagoen oparia hartzeko. «Esaten diot gutxienez haria sartzen ikasteko... baina bokaziorik ez duela erantzuten dit».

Alfa eta omega esamoldea eternitatea adierazteko erabili ohi da, eta badirudi lehen gauzak betirako egin nahi izaten zituztela. Zaharkitze programatuaren aurreko filosofiaren adibidea da Eibar. Luistxo Fernandezen grapagailu kutunak baditu 26-27 urte. Garai hartako 3.000 pezeta (18 euro inguru) ordaindu zituen. Ez da edonolako tresna: Juan Sorozabalek eta Juan Olabek Eibarren 1935. urtean diseinaturiko M-5 grapagailua da. Armak egiten hasi zen bikotea El Casco enpresan, baina 1929ko krisiak hondatu zuen merkatua. Orduan, bulegoko tresnak egiten hasi ziren, baina armagintzaren filosofiarekin: «Grapa bat grapagailutik mugitu beharko litzateke bala bat errebolber baten kanoitik bezala», idatzi zuten orduan fabrikatzaile eibartarrek. Diseinu industrialean adituek «grapagailuen Rolls-Royce» gisa deskribatu dute M-5a. Fernandez bat dator: «Grapagailurik onenak dira. Kolpea eman, eta paperak tak, perfekto». Fernandezek lankideei beti ohartarazten die M-5a ez dela enpresarena, baizik eta berea, eta «kontuz ibiltzeko».

Josteko makina eta grapagailua, biak Eibarren sorturikoak. Arma bat hil edo biziko gauza izan daiteke erabiltzen duenarentzat, eta funtsezkoa da gailuak jabearen konfiantza irabaztea. Gauza fidagarriak eta irautekoak egiteko filosofia hori gainerako tresnei ezarri zieten Eibarren, Patxi Lejardik azaldu duenez. Eibarko Armeria Museoko arduraduna da Lejardi, kultur zinegotzia izanik. Eibarren eginiko tresnak ikusgai dituzte udal museoan. «Gauzak ondo eta kalitaterik onenarekin egiten irakasten zieten ikasleei Armeria Eskolan», esan du. Lau motor ditu Lejardik, baina egunero hirian mugitzeko, Eibarren eginiko 60 urteko Lanbretta erabiltzen du: «Hori da gogorrena».

Iñaki Sagredo inprimatzailea izan da beti, eta teknologia aldatzen ikusi du hamarkadak pasatu ahala. Kutunenak makina zaharrenak ditu. Horien artean, Heidelberg etxeko Minerva inprimagailu bat. XX. mendearen erdialdera arte asko erabili ziren inprimagintzan, offset sistemak ordezkatu arte. Baina Sagredok duela gutxi arte erabili du, batez ere numerazioa duten lanak egiteko: txeketegiak, esaterako. Inprimategia iaz itxi zuen Sagredok, erretiroa hartu zuelako, eta makina zaharrak zaharberritzen eta martxan jartzen dabil orain.

Minerva horietako bat erabiltzen ari dira Maite Martinez de Arenaza eta Tania Arriaga-Azkarate Bilboko Solokoetxe auzoko La Taller gunean. Horrekin, Minerva aldizkaria inprimatzen dute, modu artisau eta geldoan. Hizkiz hizki osatu behar dituzte inprimatzeko testuak. «Ez gaitu nostalgiak mugitzen, ez ditugu teknologia zaharrak berreskuratu nahi, motibazio garaikidea dugu», azaldu du Martinez de Arenazak. «Makina zaharrekin lan egiteak aukera ematen digu gure gizartean gertatzen diren aldaketei buruz pentsatzeko». Eskuz inprimaturiko papera balioz bete nahi dute. «Makinokin maitemindu egiten zara. Oso onak dira, irauteko eginak, zaharkitze programaturikoa nagusitu aurretik», esan du. Penagarria iruditzen zaio Martinez de Arenazari gailuok museoko pieza bihurtzea. Eurena lanean dute etengabe. Juan Luis Zabala idazleak testu bat sortu die makinarekin inprimatzeko. Maiatzerako argitaratuko dutela uste dute, baina oso zaila zaie kalkulatzea zenbat denbora beharko duten.

Teklatu «pornoa» ukitzen

Pertsona batzuek gailuekiko duten miresmen eta fideltasuna fetitxismoaren mugan dago. Horien artean badira, gainera, tresnarekiko atxikimendua termino sexualetan adierazteraino heltzen direnak. Iban Bilbao Barturen informatikariaren kasua da. Txikitan Fujitsu teklatu mekaniko bat erabiltzen zuen Bilbaok. 1980ko hamarkadako teklatu gehienak mekanikoak ziren. Malguki bat dute, eta, tekla sakatzean, klik ozena egiten dute. 1990eko hamarkadan, gomekin ordezkatu zituzten malgukiak, eta askoz teklatu merkeagoak (eta isilagoak) nagusitu ziren. Baina zaleek teklatu mekanikoen idazteko esperientzia bilatzen dute, oraindik ere. «Teklatumina nuen, baina lagun batek ganbaran topatu zuen gailu berdina. Egiten duen hotsa pornoa da informatikariontzat», adierazi du Bilbaok, eta «porno» hitza berriz nabarmendu du.

Etxean 1980ko Fujitsua du informatikariak, eta lanean, 1993ko IBM teklatu mekanikoa. Baina lankideek gustuko al dute Bilbaoren teklatuaren klik klik klik sarkorra? «Ez dakit, bada», esan du Bilbaok, «baina neuk ere ez ditut gustuko haien irrati eta telebista ozenak».

Oier Gorosabelek kontatu duenez, amaren sukaldeko Philips irratiak 50 urtetik gora ditu, eta egunero erabiltzen dute. Gailuak telebista ere badu, baina Gorosabelek apurtu zion amari duela 30 urte. «Amari irratia hondatu zaio orain, eta ez du etxean». Baina gailuak ez du oraindik bota azken hertza: «Konpontzen dauka».

Gorka Bikuñak kontatu duenez, gurasoek duela urte pare bat arte jarraitu izan zuten erabiltzen berak beti etxean ezagututako Otsein garbigailua. Bergarako (Gipuzkoa) MAYC enpresak merkaturatu zuen Hego Euskal Herriko lehen garbigailu automatikoa 1951. urtean, Otsein markapean. Ogi eta sein (haur) hitzen batuketatik dator hitza, Euskaltzaindiaren arabera, eta zerbitzari, morroi adierazi nahi du. Goitik sartzen zen arropa Otseinetan. «Zenbat buelta emango zituen ia 40 urtean!», esan du Bikuñak. «Askotan konponduta, osabak fabrikatik lortutako piezekin, azkenean pot egin arte».

Iñaki Alegriak duela 36 urteko musika ekipo bat du martxan, oraindik ere. «Pioneer, 1982 inguruan Hendaian [Lapurdi] erositakoa», esan duenez.

Leire Egigurenen amonak 1987ko mikrouhin labe bat du —faktura ere gordeta du oraindik, nahiz eta litekeena den bermea iraungita egotea dagoeneko—. «Iaz hondatu egin zitzaion, eta berria oparituko geniola esan genionean, konpontzera eraman zuen», kontatu du Egigurenek. «Hantxe dabil».

Bego Zubiak «AEK-ko lehen soldatarekin» 1986an erositako irrati-kasetea dauka. «Piztuta egoten da egunero gure etxeko sukaldean».

Patirke Belazak amonaren ogia txigortzeko gailua erabiltzen du oraindik: «Ez dut berria nahi», adierazi du.

Garai bateko eta gaurko gauzen kalitate aldea begi bistakoa dela uste du Andoni Lizeagak. Kontatu duenez, gurasoen etxeko hozkailuak 40 urte aise bazituen, eta oraindik ere bazebilen berria erosi zutenean. «Berriak ez ditu bost urte egin, eta Baionako etxean zazpi urteren buruan hondatu da. Ebidentea da».

Lejardi eibartarra baikor da, ordea: pasatuko dela gauza txar eta merkeak azkar kontsumitzeko bolada hau. «Ondo egindako gailuak hor geratzen dira. Urte askoren buruan ez duzu gogoratzen zenbat kostatu zitzaizun, bai, ordea, zelako zerbitzua egin dizun». Baina Alfak 800 langile zituen 2013an; 200 langile ditu orain, eta zuzendaritzak 135 kaleratu nahi ditu. Enpresaren «likidazioaren kontra» greban dira beharginak abenduaren 11tik. Agian, optimistei hondatu egin zaie etorkizuna ikusteko gailu merkea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna