Hegan jarraitzen duten misterioak

Berriki egindako ikerketa forentse baten arabera, 1940an Pazifikoan aurkitu zituzten hezurrak Amelia Earhart hegazkinlari estatubatuarrarenak dira. 1937an desagertu zen, munduari itzulia egiten ari zela. Historian, bestalde, badira airean jarraitzen duten beste hainbat desagertze.

B-24D bonaketaria.
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Amelia txikiari bere hegalak astintzen zituela eta hegan egiten zuela imajinatzea gustatzen zitzaion. Egun batean, familiak sorpresa bat prestatu zion, eta aire ikusgarri bat ikustera eraman zuen. Zur eta lur geratu zen. Biplano batera igotzea lortu zuen, etahainbeste gustatu zitzaion, ezen lurreratu zenean ez baitzuen jaitsi nahi izan». Horrela hasten da Amelia Earhart hegazkinlari estatubatuarrari eskainitako liburua, Alba editorialaren Pequeña&Grande (Txikia eta Handia) bildumakoa. Amets txikia istorio handi bilakatu zuen Earhartek, eta haren desagertzeak hipotesi asko sortu ditu. Berriki beste bat plazaratu da: Pazifiko mendebaldeko Nikumaroro irlan topatutako hezurrak harenak direla ziurtatu du Richard Jantz antropologo eta AEBetako Tennesseeko Unibertsitateko Antropologia saileko buruak.

Forensic Anthropology aldizkarian argitaratu du ikerketa —Amelia Earhart eta Nikumaroroko hezurrak izenburupean— eta bertan adierazten denez, %99an bat egiten dute hezurrok pilotuarenekin. 1940an aurkitu zituzten hezur horiek. Orduko hartan, garezur bat, zapata bat, itsas armadako tresna bat eta likore botila bat topatu zituzten. Hezurrak Fijira eraman zituzten ikertzera, eta bertako D.W. Hoodless zientzialariak ondorioztatu zuen gizonezko baten hezurrak zirela. Denborarekin galdu egin ziren. Jantzen arabera, baina, «XX. mende hasieran antropologia forentsea ez zegoen ongi garatuta, eta ziurrenik ondorio okerrera iritsi zen». Jantzek Fordisc izeneko ordenagailuko programa bat erabili du. Programa horrekin, Hoodlessek egindako neurketak konparatu ahal izan ditu, hau da, hezurraren neurriak eta Earharten garaierak bat egiten ote duten. Hezurrak galduta, ezin izan du zuzeneko ikerketarik egin, eta 1940an hartutako ohar teknikoak soilik erabili ahal izan ditu.

1937ko uztailaren 2an ikusi zuten azken aldiz Amelia Earhart bizirik, Papua Ginea Berriko Lae aerodromotik aireratzen, motor biko Lockheed Electra hegazkinean, Fred Noonan kopilotua alboan zuela. Ozeano Atlantikoa bakarrik zeharkatu zuen lehen emakumea izan zen, eta hurrengo helburua ekuatoreko lerrotik munduari itzulia egitea zuen. Aireratu eta hogei ordura, bere azken mezua igorri zuen, ipar-hego linean zihoazela esanez. Ez zuten gehiago haren berririk izan. Urteetan, hamaika hipotesi izan dira haren heriotzaren inguruan. AEBetako Gobernuaren hipotesi ofizialak dioenez, hegazkinak ozeanoan bukatu zuen arazo mekaniko bat tarteko edo erregai faltagatik, eta haren gorpua Pazifikoko uretan hondoratu zen. Zientzialari askok, baina, ez dute hipotesi hori onartzen, eta hainbat ikerketa egin dituzte gezurtatze aldera.

Earharten desagertzeaz gain, historian badira misterio bihurtu diren hainbat kasu, batzuk argituak eta beste batzuk oraindik ere airean jarraitzen dutenak.

1. B-24D BONBAKETARIA

Ia bere horretan

Bigarren Mundu Gerran, 1943ko apirilean, Ameriketako Estatu Batuetako Lady Bi Good edo B-24D bonbaketaria misio bati ekin zion Napolin (Italia), eta Libia ekialdean zuen basera ez zen sekula itzuli. Garai hartan Mediterraneoan erori zela aipatu zuten, eta barruan zeuden bederatzi kideko tripulazioa galdutzat eman zuten. Gerora egindako ikerketa batzuen arabera, hegazkina basean lurreratu ordez, aurrera jarraitu zuen arazo teknikoengatik, eta airean jarraitu zuen beste bi orduz, Afrika iparraldean sartuz. Tripulazioko kideek paraxut batekin hegazkinetik salto egin zuten, eta bizirik irtetea lortu zuten zortzi 150 kilometroz ibili ziren, beroarengatik eta ur faltagatik hil ziren arte. Hegazkina hamabost urte geroago aurkitu zuen Britainia Handiko petrolio enpresa batek. Hegazkina ia bere horretan zegoen topatu zutenean, eta metrailadoreek oraindik funtzionatzen zuten.

2. BERMUDAKO HIRUKIA

Bizirik dirauen mitoa

Bermudako Hirukia Puerto Rico, Florida eta Bermudako irlen artean dagoen eremu zabal bat da. Esan ohi da bertan hainbat eta hainbat ontzi eta hegazkin modu misteriotsutan desagertu direla; Deabruaren hirukia ere deitu izan zaio horregatik. Hipotesietan urrun joan denik ere izan da, bertan energia estralurtarra edo kausa natural arraro bat dagoela esanez. Bermudako Hirukia sortu zuen kondairak orain dela ia 75 urte gertatuko istripu batean du oinarria. AEBetako bost bonbaketarik Floridan lur hartu behar zuten, baina ez zuten ez hegazkinik eta ez tripulazioko kiderik aurkitu. Eguraldiaren baldintzak normalak ziren. Erreskate lanetan zebilen hegazkin bat ere desagertu egin zen.

Gertakari horretatik aurrera, beste hainbat istripu gertatu dira eremu horretan, eta hipotesiak ere hamaika argitaratu dira. 1975ean, Larry Kusche pilotuak The Bermuda Traingle Mystery: Solved liburua (Bermudako Hirukiaren misterioa: argituta) argitaratu zuen, aurretik idatzitako hipotesi horiekin guztiekin kritiko. Beste autore batzuek desagerpenak misteriotsuak zirela esan izana kritikatu zuen, errealitatean misteriotik ez zutela ezer argudiatuz. Gaia aztertuta, Kuschek ondorioztatu zuen Bermudako Hirukian izaniko desagertzeak ez zirela antzeko itsas edo aire trafikoa zuten beste tokietan baino gehiago izan. Hala ere, liburua argitaratu zela urteak pasatuta, oraindik ere bizirik irauten du mitoak.

3. TWAKO 800 HEGALDIA

Airean lehertua

1996ko uztailaren 17an, TWA Trans World Airlineseko 800 hegaldia New Yorketik abiatu zen ilunabarreko zortzietan. Minutu gutxiren buruan, airean lehertu zen, eta bertan zeuden 230 lagunak hil ziren. Atentatu terrorista bat izan zitekeela eta, FBIk ikerketa abiatu zuen, baina hamasei hilabete geroago, frogarik topatu ez zuela eta, ikerketa bide hori bertan behera utzi zuen. NTSB Garraioaren Segurtasunaren Batzar Nazionalak lau urte eman zituen kasua ikertzen, eta leherketa zirkuitulabur batengatik izan zela ondorioztatu zuen, ez oso ziur, hala ere. Teoria alternatibo asko sortu ziren hegaldi horren inguruan, gehien errepikatu dena misil baten ingurukoa da. Hau da, istripuaren arrazoia AEBetako armadak jaurtitako misil bat izan zela, eta gobernuak estali nahi izan duela. Hegazkina berriz eraiki zuten ikerketa lanak egiteko.

4. STAR DUST

Mendizaleek aurkitua

Star Dust British South American Airways konpainiako hegazkinaren izena zen, 1947ko abuztuaren 2an desagertu zena. Txile eta Argentina arteko mugan desagertu zen, Tupungato sumendiaren inguruan. Desagertze urtearen uztailaren 30ean aireratu zen Londrestik, bi bidaiarirekin: horietako bat Paul Simpson zen, altxor agentea, eta dirudienez urrea zeraman. Eskalak tarteko, guztira hamabi bidaiari zeuden hegazkinean. Bidaiaren azken zatia egiten ari zirela, hegazkinetik Morse kodean idatzitako mezu misteriotsu bat helarazi zuten: S.T.E.N.D.E.C. Bi aldiz errepikatu zuten, baina Txileko aireportuan ezin izan zuten deszifratu mezua. Hegazkina ez zen sekula iritsi. Abuztuaren 21era arte aritu ziren hegazkina bilatzen, baina emaitzarik gabe. Gerora, bidaiarien artean Errege Etxeko mandatari bat zegoela jakinarazi zuten, eta hark Erresuma Batuaren eta gobernu peronistaren artean zeuden harremanak biltzen zituen dokumentuak zituela esan zuten.

1998an, Pedro Reguera mendiko gidak hegazkin baten arrastoak topatu zituen, eta, argazkiak atera ondoren, erakundeei abisua pasatu zien. Pixkanaka gauza gehiago aurkitu zituzten, eta horrekin batera, arpilatzeak ere izan zirela ohartu ziren, urrea falta baitzen eta diru zorroak ere hutsak zeuden. Oraindik ez dakite zer pasatu zen.

5. AIR FRANCE, 447 HEGALDIA

2009ko istripurik larriena

Rio de Janeirotik Parisera zihoan Air Francen 447 hegaldia Ozeano Atlantikora erori zen. 2009ko ekainaren 1a zen, eta 216 bidaiari eta hamabi eskifaikide zihoazen bertan. Brasilgo erakundeak bilaketa lanetan hasi ziren, eta, bost egun geroago, lehen aztarnak topatu zituzten. Kutxa beltzak, ordea, bi urte geroago aurkitu zituzten. Ikerketaren arabera, hegazkina pilotu automatikoan zihoan, eta turbulentzia gune batean sartu zen. Nahiz eta arazorik ez zegoela jakinarazi, ordu batzuk geroago pilotu automatikoa deskonektatu egin zen, eta pilotuak hegazkinaren kontrola hartu behar izan zuen. Turbulentziengatik pilotuak hainbat maniobra egin zituen eta hegazkina jaisten hasi zen, itsasora erori zen arte. BEA Abiazio Zibilaren Segurtasunerako Analisi eta Ikerketaren Bulegoak egindako ikerketak istripuaren azken txostena jakinarazi zuen. Horren arabera, arazo teknikoak egon ziren, pilotuen kudeaketa txarraz gain.

6. STEVE FOSSET

Gorpurik ez

James Stephen Fossett Steve Kalifornian (AEB) desagertu zen 2007ko irailaren 3an. AEBetako abenturazale eta aberats bat izan zen. Globoan eskalarik gabe munduari itzulia eman zion lehen pertsona izan zen. Haren hegazkina itzultzen ez zela eta, bilaketa lanetan hasi ziren, baina ez zuten ezer aurkitu. 2008an mendizale batek bere txartel batzuk topatu zituen, eta hortik gutxira, hegazkinaren arrastoak aurkitu zituzten. Handik metro batzuetara, hezur batzuekin topo egin zuten, eta DNA probak egin ondoren harenak zirela baieztatu zuten.

7. MALAYSIA AIRLINES, MH370

Oraindik desagertua

Malaysia Airlinesen MH370 hegaldia 2014an desagertu zen, eta oraindik ez dute aurkitu. 239 bidaiari zihoazen, eta hegaldian ez zuten larrialdi mezurik igorri. Iazko urtarrilean bilaketa lanak bertan behera utzi zituzten, baina azken aukera gisa Malaysiako Gobernuak ontzi berezi batean inbertitu zuen. Itsasoan astebete zeramala, hori ere desagertu egin zen, eta hiru egunera agertu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.