Zirrara, abiadura handian

Entzierro azkarra eta arriskutsua egin dute Torrestrellako zezenek.Adarkatu bat izan da, eta beste lau lagun ere erietxera eraman dituzte, kolpeen ondorioz

Zirrara, abiadura handian.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2014ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ziztu bizian. Halaxe egin zuten atzo Torrestrella ganadutegiko zezenek aurtengo sanferminetako lehenengo entzierroa; bi minutu eta hogeita bost segundo eskasean osatu zuten ibilbidea. Lasterketan ez zen gatz eta piperrik falta izan. Zirraragarria izan zen, hasieratik bukaeraraino; arin atera ziren animaliak, eta korrikaldi politak egiteko parada eskaini zieten lasterkariei. Adarkatu bat izan zen, eta lau pertsona eraman zituzten ospitalera, kolpeak hartuta. Traumatismoak direla eta, artatutako bik pronostiko larria dute. Horrez gain, isuna jarri zioten korrikalarietako bati, aurten ezarritako entzierroaren araubidea ez errespetatzeagatik: korrikaldia hasi aurretik zezenak xaxatzeagatik.

Berezia izan zen entzierroa, izan ere, bost zezenek osatu zuten saldoa, eta ez seik, ohi bezala—igandean, animalietako bat zauritu egin zen ukuilura bidean, eta ezin izan zuen korrika egin—.

Adarra sartuz hasieratik

Beldurra zabalduz egin zituzten aurreneko urratsak. Ukuilutik atera bezain pronto, Santo Domingoko maldaren ezkerraldera hurreratu zen zezen zuri-beltz bat, eta ipurmasailean adarkatu zuen korrika egiteko betarik ere izan ez zuen lasterkarietako bat. Segundo gutxi behar izan zituen Cadizko (Espainia) ganadutegiak entzierro lasaia ez zela izango iragartzeko.

Maldan gora erritmo azkarrean ekin zion korrikari adardun taldeak, batuta. Zezenak pasatu bitartean, lasterkari batzuk erori ziren, baina ez zen ezbehar larririk izan. Sintonia berean igo zuten zezenek Santo Domingo, sinkronizatuta kasik: antzeko erritmoan eta elkarrengandik oso gertu. Zezen saldoak talde moduan funtzionatzen zuen orduan. Horrela iragan zuen Udaletxeko plaza, baita Mercaderes kalea ere. Garbia izan zen lasterketa ordura arte, Mercadereseko bihurgunean, baina, dena aldatu zen.

Bustita zegoen lurra, irristakor. Ondorioz, bihurgunean zezenetako batek irrist egin, eta lurrera erori zen. Une horretan, korrikalarietako bat zapaldu zuen, eta zauriak eragin zizkion. Orduan, zezen saldoa bereizi egin zen, eta hiru multzo osatu zituzten. Taldetxotan hartu zuten Estafeta. Kale hori izan zen ibilbideko tarte korapilatsuena. Hantxe zauritu zituzten gero erietxera eraman zituztenetako bi. Dena dela, arriskuaz gain, zati horrek eman zien bertaratutakoei gozamenerako tartea, korrika egin ahal izateko txokoak zabaldu baitziren.

Zezen plazara heltzean, ez zenarazorik izan, ezta kailejoian ere. Buruan zeuden hiru zezenak kortara sartu ziren zuzenean, eta beste biak segundo gutxiren buruan heldu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.