Etorkizun dosiak eraikuntzetan

Norman Foster arkitektoa sarituko du Bilbao Bizkaia Architecture plataformak irailaren 26an. Bilboko Metroaren egilea da, eta hiriburuan eragin zuen eraldaketa omendu nahi dute. 79 urte ditu, eta hainbat eraikin esanguratsu egin ditu mundu osoan.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko irailaren 17a
00:00
Entzun
MMunduko hirurehun herritan baino gehiagotan utzi du Norman Fosterrek bere arrastoa (Manchester, 1935). Ez, ordea, edonon eta edonola. Eraikin moderno eta berritzaileak dira haren marka nagusia. Nazioarteko arkitektorik handienen artean dago Foster, eta orain arte arlo horretan sari gehien jaso duena da. Datorren irailaren 26an beste bat gehituko du jasotako sarien zerrendara. Bilbao Bizkaia Architecture (BIA) plataformak emango dio. Arkitekturaren eta hiria eraberritzearen bitartez Bizkaiko gizartea lagundu duten egitasmoak ezagutaraztea da sariaren helburua. Eta, hain zuzen, bide horretan eraikuntza garrantzitsu baten diseinuaren egilea da Foster: Bilboko Metroa.

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko ordezkaritzak martxoan abiarazi zuen BIA egitasmoa, helburu argi batekin: arlo horretan lurraldean aritzen direnen esperientziak eta hausnarketak trukatzea, eta egiten duten lana ezagutaraztea. Horretarako, hainbat ekintza egingo dituzte. Aste honetan bertan, arkitektura erakusketak jarri dituzte metro geltokietan. Eta astelehenetik ostiralera, hainbat ibilbide antolatu dituzte hiriburuan, Bilboren arkitektura ezagutzera emateko asmoz. Horretaz gain, munduan dauden hainbat eraikinen inguruko bideoak eskainiko dituzte BIAren egoitza nagusian. Bi urtez behin emango diote Bizkaiko lurraldean egindako lanarengatik saria norbaiti. Eta lehen saria arkitekturaren izen handienetakoa duen arkitektoari emango diote.

Bilboren eraldaketarako mugarritzat hartua dena eraiki zuen Fosterrek: «Hiri egituraren berrikuntzan eta Bilboren berrantolaketan egon den lanik garrantzitsuena eta handizaleena da Bilboko Metroa». Hala adierazi dute Patxi Garcia de la Torre eta Bernardo Garcia de la Torre arkitekto eta BIAko kideek. Bilbao nueva arquitectura liburuaren egileak dira, eta beste eraikuntza batzuen artean, metroak hiriburuan izandako eragina aztertu dute bertan. Patxi Garcia de la Torreren arabera, metroaren funtzionaltasunak eta estetikoki duen kalitateak eragin zuzena izan du Bilboren eraberritzean.

Bi orriko txosten batean laburbildu zuen Fosterrek Bilboko Metroa eraikitzeko proiektua, 1988an. Eta udalak abiatutako lehiaketa publikoan aurkeztu ondoren, epaimahaiak aho batez hautatu zuen hura garraio sarea eraikitzeko. Garcia de la Torreren arabera, proposamenean hiriburuko kale eta geltokien arteko harremana asko zaintzen zuen arkitekto britainiarraren lanak. Bilboko zirkulazioari irtenbidea emateaz gain, diseinuari eta bidaiarien ongizateari arreta jartzen zion, alegia.

Eraikuntzaren hiru elementu nagusi aipatu ditu: kobazulo forma duten metroko aho zabalak, lur azpian eraikitako komunikazio elementuak eta, azkenik, hiriburuarekin batzen diren kanpoaldeko kristalezko sarbideak. Horixek dira esanguratsuenak eta ezagunenak: sarbideak. Horren adibide da jaso duten izena: fosteritoak.

1995eko azaroaren 11n sakatu zen lehen aldiz metroa martxan jarri zuen botoia. Ordutik, asko aldatu da Bilboko arkitektura. Baina aldaketa horien guztien mugarritzat Fosterren lana azpimarratu du Garcia de la Torrek: «Guggeheim fundazioak Bilbo Europan duen egoitza nagusi gisa aukeratzeko orduan, metroak eragin handia izan zuen». Gaineratu duenez, Thomas Krens fundazioko lehendakariak fosteritoak ikustean hiri industrialetik hiri berrirako jauzia ikusi zuen. «Norman Foster bezalako nazioarteko arkitekto baten presentziak bultzatu zuen hautaketa». Baina hiriburuaren estetikotasunean egindako ekarpenaz gain, eraikuntzak sozialki izan duen eragina azpimarratu du arkitektoak: «Errekaren alde biak lotu ditu lurpeko garraioak. Eta zentroa eta periferia konektatu».

Futurista sortzez

«Zorroztasuna» da Fosterren lanen ezaugarri nagusia, Iñaki Begiristain EHUko irakaslearen arabera: «Egiten dituen eraikinetan nabaria da eraikuntza prozesu osoaren kontrola oso handia dela. Egiten duen lanaren kalitatea ikaragarria da, eta hori Bilboko Metroaren lanean ere ikus daiteke». Fosterrek goi teknologiako arkitektura egiten duela azaldu du EHUko irakasleak. High tech izeneko korrontearekin ezagutzen den ildoa, alegia.

Richard Buckminster Fuller arkitekto estatubatuarra aipatu du Begiristainek: «Fosterrek Fullerrekin egin zuen lan, eta hark eragin zion gehien. Fuller oso ameslaria izan zen, eta lan teoriko garrantzitsua egin zuen». Natura baliabideen mugak aintzat hartuz, zenbait proposamen egin zituen Fullerrek arkitekturan. «Gutxiagorekin gehiago egin», horixe da haren lelo nagusia.

Hain zuzen, arkitekto estatubatuarrak Fosterri egindako galdera batek aldatu zuen haren lanaren norabidea: «Zenbat pisatzen du zure eraikinak?». Geroago aurkitu zuen erantzuna Fosterrek: gehiegi. Horrela hasi zen aztertzen eraikuntzetan zein material erabili. Eta material birziklatuak erabiltzeaz gain, eraikuntzen morfologia garapen iraunkorraren ereduarekin lotzen hasi zen. Arkitektura, teknologia eta naturaren integrazioa proposatzen du Fosterrek. Eta hain justu, horretan ikusten du datorren mendeko eraldaketa: ekologiaren eta teknologiaren baturan. «Fosterrek teknologiaren erabilera muturrera darama diseinatzen dituen eraikinetan. Eta baliabide horiek garapen iraunkorraren ereduko arkitektura bultzatzeko erabiltzen ditu», adierazi du Begiristainek. Arkitektura bioklimatikoa da gehien lantzen duena. Lekuan lekuko klima aintzat hartzeaz gain, eguzki, haize eta landarediaz baliatzen da eraikuntza lanetan. Ingurumenean ahalik eta eragin gutxien sortzea da horren guztiaren helburua.

Bulegoak, liburutegiak, aireportu, zubiak eta eraikinen zaharberritzeak. Orotariko lanakegin ditu Fosterrek. Munduko zubirik garaiena ere hark diseinatu du: Frantziako Tarn ibaitik 243 metroko garaiera du. Eiffel dorreak baino 23 metro garaiagoa da. Pekinen ere munduko eraikinik handiena dena egin du: aireportua. «Arkitekturaz gain, kudeatzaile bikaina da Foster. Oso azkarra. Haren izena ezagutzen da, baina lantalde handia du berarekin lan egiten». Guztira, 20 bulego ditu munduan zehar. Eta haren estudio nagusian 1.000 langile baino gehiago aritzen dira harekin proiektuetan lan egiten.

Bernardo Garcia de la Torrek Fosterren lan gehienek ezaugarri komunak dituztela adierazi du: argitasuna, proposamen konplexuak eraikitzeko duen naturaltasuna eta goi teknologiaren erabilera. Baina bestelako ezaugarri bat gailentzen dela azpimarratu du: erabiltzailearen ikuspegitik egiten ditu lanak. «Oso arkitektura garatua egiten du, baina zintzoa era berean. Egiten duen lana eginda ere, diseinua beti dago erabiltzailearentzat pentsatua». Horren adierazle, eskuetan duen dozenaka proiektuetatik bat: ospitale bat eraiki nahi du britainiarrak Bath herrian, eta eraikina bera gaixoen sendagai bihurtzeko komunitate giroa sortu nahi du eraikinean.

Hiri utopikoa desertuan

Egiten dituen lanetan teknologiaren erabilera garatu hori dela eta, askok futuristatzat hartzen dute Foster. Haren eskuetan dago Abu Dhabin hiri utopikotzat definitu duten proiektua: Masdar City. Buruaskia izateko diseinatuta dago, eta karbonorik isurtzen ez duen lehena litzateke. Garapen iraunkorraren eredua eta energia berriztagarriak ikertzeko balioko du. Guztira, 50.000 pertsonarentzako lekua izango du, eta 1.500 ofizio izango dituela aurreikusi dute. Oinezkoek izango dute hirian lehentasun osoa. Ez dira autoak erabiliko, eta garraio gisa, hiriaren azpian eraikiko dituzten errailetatik joango diren bagoi txiki batzuk erabiliko dituzte. Abian daude hiriaren eraikuntza lanak, eta 2025erako espero dute hura inauguratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.