Mendiz, itsasoak lotzeko

Iruñeko Anaitasuna elkarteak antolatutako Pirinioetako zeharkaldiaren 30. aldia egingo dute aurten. Uztailaren 10ean abiatuko da, Orbaizetatik, eta abuztuaren 20an amaituko da, Banyulsen. Astebeteko sei etapatan egingo dute zeharkaldia.

Luchonen tontorreko Pico Royo ertzean, Benasquera jaitsi aurretik. ANAITASUNAREN PIRINIOETAKO ZEHARKALDIA.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Kantauri itsasotik Mediterraneo itsasorainoko bidaia sei astean egin daiteke oinez. Iruñeko Anaitasuna elkarteak antolatutako Pirinioetako Zeharkaldiak helburu hori du, 1987az geroztik; 30 urte mendiz mendi, itsasotik itsasora da 30. aldirako prestatu duten leloa. Astebeteko sei etapatan egingo dute ibilbidea. Orbaizetan (Nafarroa) hasiko da, uztailaren 10ean, eta Banyulsen (Rosello, Herrialde Katalanak) bukatuko da, abuztuaren 20an. «Guk eskaintzen duguna ez du beste inork eskaintzen», esan du Iker Gartzia zeharkaldiko gidarietako batek.

Eguna 07:30 aldera hasten da Pirinioetako zeharkaldian parte hartzen duten mendizaleentzat, eta arratsaldeko seiak baino lehen iristen dira hurrengo kanpalekura atseden hartzera: «Egun osoa ematen dugu ibiltzen. Egunero, 8-10 orduko ibilaldia egiten dugu, desnibelaren arabera. Dena den, erritmoa oso lasaia da», esan du Iban Gonzalez gidariak. 1999an hasi zen Gonzalez zeharkaldian lanean, eta, ordutik, hirutan baino ez du huts egin.

Iker Gartzia eta Xabi Paternain, berriz, 2008an hasi ziren. Sukaldari gisa hasi zen Gartzia, eta, 2015ean, gidari hasi zen: «Ongi gogoratzen dut nire lehenengo aldia. Janaria prestatzeaz eta garbitzeaz gain, kanpaleku guztia jarri eta kentzeaz arduratzen ginen. Lehendabiziko aste hura sekulako nahasmena izan zen».

Astebeteko sei etapatan banatuta dago ibilbidea, blokeka, eta atsedena hartzeko erabiltzen dute aste bakoitzeko azken eguna. Horrez gain, asteko azken egunean, hurrengo blokean parte hartuko duen taldea eta gidari berriak iristen dira kanpalekura, autobusez. Lehenengo zeharkaldian, sei asteak jarraian egin zituzten parte hartzaileek. Gonzalezek dio orain «gehienez» bi aste egiten dituztela jarraian: «Erokeria bat zen sei aste jarraian egitea, parte hartzaileentzat eta langileentzat».

Zeharkaldiko lantaldearen antolaketa ere aldatu dela esan du Paternainek: «Gidariok ez dugu dena jarraian egiten. Gehienez, hiru astez egiten dugu lan, eta ez dira jarraian izaten. Oso gustura joaten gara; gure bizitzeko modua da mendia». Aste bakoitzeko lantaldea lau gidarik osatzen dute: bi gidari ibilbidea egiteaz arduratzen dira; beste bi gidariak, berriz, alokatutako furgonetarekin ibiltzen dira, materiala garraiatzen, kanpalekuak muntatzen eta talde guztiarentzat janaria prestatzen.

Ibilbidea asteka egin badaiteke ere, ezinbestekoa da gutxieneko prestakuntza fisikoa eta mendiko irteeretan maiztasun batekin ibiltzea. «Normalean, jendeak ez du arazorik izaten; ongi ibiltzen dira», esan du Gonzalezek. Hala ere, Gartziak onartu du badagoela zeharkaldian sufritzen duen jendea: «Badaude lehenengo astean edo lehendabiziko egunetan zeharkaldia utzi dutenak. Lehenengo egunean konturatzen dira ez daudela egoera fisiko onean edo espero bezain ondo».

Paternainen aburuz, talde baten barruan indar desoreka handiak egotea da gidariek aurkitzen duten arazoetako bat: «Bi gidari joaten garenez, aukera ematen dugu bi ibilbide mota egiteko. Dena den, ahulenaren erritmora egokitzen gara, eta ez dugu arazorik izaten».

Era berean, blokeak oso ezberdinak direla jakinda, jendeak ere ezustekoak hartzen dituela esan du Gonzalezek: «Etortzen zaigu mendian asko ibiltzen den jendea. Belarretan ibiltzera ohituta daude, ordea, eta Pirinioetako harri artean sufritu egiten dute». Hortaz, Paternainek dio blokeak hautatu aurretik blokeen ezaugarriei ere erreparatu behar zaiela: «Pirinioetako erdialdeko blokeak gogorragoak dira. Desnibel handiagoa pilatzen da, eta harrien artean ibili behar da. Kostaldekoak, hasierako eta amaierako blokeak, luzeagoak eta lasaiagoak dira».

Aurtengo zeharkaldian, Euskal Pirinioetako blokea edo astea ez da egingo. Urtero, lehenengo astea edo azkena ez da antolatzen. Hala ere, Euskal Pirinioetako blokea antolatu denean ere ez dute lortu blokea ateratzea. Zeharkaldian parte hartzen duten mendizale ia guztiak euskal herritarrak direnez, lehen zati horrek ez ditu hainbeste erakartzen, gehienentzat ezaguna delako. «Bost urte daramatza Euskal Pirinioetako blokeak atera gabe. Ez dugu lortu inbertsioa justifikatzeko adina jendek izena ematea», esan du Gonzalezek. Gutxienez, zortzi pertsonako taldeak osatu behar dira blokea aurrera ateratzeko; ateratzen diren blokeetan 10-15 pertsona bildu ohi dira azken urteetan.

Eguraldia da zeharkaldia baldintzatzen duen beste aldagaietako bat. Hala ere, Gartziak dio ibilbidea ezin dela eten: «Egunero, kanpaleku batetik beste batera iritsi behar dugu. Ezin gara egun bat atzeratu euria edo elurragatik». Alta,Gonzalezek dio noizbait moztu behar izan dutelaegun bateko ibilbidea: «Gertatu zaigu eguraldi oso txarra egitea, eta autobusez kilometroak aurrera egin behar izatea. Azkenean, bi orduko ibilbidea egin genuen egun hartan». Eguraldia lagun dutenean, mendian denbora gehiago pasatzen saiatzen dira.

Zeharkaldian izena ematen dutenen profilari dagokionez, Gonzalezek dio emakumeak eta gizonak parez pare daudela: «Hasieran, gizonezko gehiago zeuden, baina azken urteetan asko orekatu da. Geroz eta emakume gehiago dabiltza mendi irteera eta txangoetan». Horrez gain, Paternainek esan du zeharkaldian parte hartzen duten gehienak 50 urteren bueltan ibiltzen direla:«40-50 urteko irakasle eta mediku asko joan ohi dira, eta gero Gipuzkoako beteranoak daude. Gazte gutxi ibiltzen da. Askok bakarka ematen dute izena, eta gero taldeak osatzen dituzte hurrengo urteetan bueltatzeko».

Astebeteko zeharkaldiak 572 euroko kostua badu ere, Iruñean jaiotako 16 eta 30 urte bitarteko gazteei matrikularen erdia ordaintzen die Iruñeko Udalak.

Lehengo zeharkaldietatik, izena ematen dutenen kopurua jaitsi egin da. Haatik, Gartziak uste du zeharkaldiari eutsi ahal izango diotela beste mota bateko txango batzuk gehituta eta talde txikiagoekin: «Azken bi urteetan, mendi itzuli zirkularrak antolatu ditugu zeharkaldiarekin batera. Pena litzateke zeharkaldia galtzea, bertan sortzen den giroa ez baita beste inon sortzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.