Kontsumitzaileen matxinada

Produktu ekologikoak aberatsentzako bakarrik dira? Kontsumitzaile askok banaketa kateetatik askatu nahi dute, eta inguruko ekoizleei dagokiena ordaindu. Supermerkatu kooperatiboak zabaltzen ari dira Euskal Herrian, baina badira 25 urte bete dituztenak ere.
<b>Landare.</b> David Garnatxo ?ezkerretik bigarrena?, Iruñeko Landare supermerkatuko hainbat lankiderekin.
Landare. David Garnatxo ?ezkerretik bigarrena?, Iruñeko Landare supermerkatuko hainbat lankiderekin. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren

2017ko apirilak 7
Eider Aranburuk ez du arnasteko tarterik izan azken egunotan. Joan zen astean zabaldu zuten, Oiartzunen (Gipuzkoa), Labore Oarso supermerkatu kooperatiboa, eta han dabil geroztik, lanean, elikagaiak eta bestelako produktuak jasotzen, apaletan jartzen eta bezero-bazkideei arreta eskaintzen.

«Lehen eguna eromena izan zen; ez genuen espero halako erantzunik, eta erdi biluzik harrapatu gaituzte», esan du Aranburuk. Berrehun bazkiderekin zabaldu zuten denda, eta, lehen astea amaitu aurretik, beste ehun zituzten. Bazkidea da hitz gakoa. Izan ere, horietan oinarritzen da supermerkatu kooperatibo bat. Ezin da edonor sartu eta erosi. Bazkide bihurtzeko, sarrera kuota bat ordaindu behar da hainbatetan. Laboren ez dago halakorik; bai, ordea, urteroko kuota bat (50 euro).

Bazkideek aisialdian muntatu dute Labore Oarso kooperatiba. Laster ikusi zuten langile profesional bat beharko zuela supermerkatuak, eta Aranbururekin hitz egin zuten, dena «oraindik kea» zenean. «Bi haur ditut, eta galdetzen zidaten: ama, palmondo olioa txarra bada, zergatik botatzen diote janari?». Halako galderek bultzatuta egin zuen bat egitasmoarekin.

Hirietan denda biologikoak eta halakoak agertzen hasten direnean, gentrifikazioaren lehen seinaleetako bat izaten da: alokairuak ere garestituko direla esan nahi du, jende aberatsagoa heltzen ari delako. Denda biologikoa aberatsentzako prezioekin lotzen duen ekuazioa hausteko helburua dute, ordea, supermerkatu kooperatiboek. Nola lortu ekoizleei prezio duina ordaintzea eta, aldi berean, eroslea ez zamatzea? «Irabazi asmorik gabeko erakundea gara», erantzun du Aranburuk. Edonola ere, kalitatezko produktuak saltzen dituztela ohartarazi du, eta, normala denez, marka zurikoak baino garestiagoak izaten direla. «Ekoizleekin hitz eginda, asko ikasten da; hobeto ezagutzen da produktua, eta erosleei ere aukera hori eman nahi diegu». Lehen sektorean lanpostuak sortzen ere lagundu nahi dute.

Laborek ez ditu bazkideak lan egitera behartu nahi. Dena den, auzolanerako deialdiak egiten ditu. Horrela atondu dute Ihurrita bideko lokala, esaterako.

Aitzindariak, Iruñean

Labore supermerkatuen bultzatzaileek abantaila handi bat dute: badute eredu bat, halako egitasmo batek arrakasta handiz funtziona dezakeela frogatzen duena. Iruñeko Arrotxapea auzoko Landare supermerkatu kooperatiboa da.

«Iruñerriko biztanleen %3 inguru etortzen dira, gutxienez urtean behin, Landarera erosketak egitera», kalkulatu du David Garnatxo supermerkatuko bazkide eta langileak. Landare kooperatibak 25 langile ditu orain.

Salneurri merkeak dira sekretuetako bat, Garnatxok azaldu duenez, baina «justizia komertzialarekin lotuta». Artekaria kendu dute horretarako, eta zuzenean erosten diote ekoizleari. Lankideen arteko berdintasuna ere zaintzen dute: soldatarik txikiena 1.100 euro da, eta, handiena, 1.500, arduren arabera. Astean 35 orduko lanaldia egiten dute. Langile guztiak ez dira euskaldunak, baina euskalduntzen ari dira. Filosofia sendo eta argi bat du atzean kooperatibak.

Landareren arrakastaren arrazoia zein den galdetuta, erantzun harrigarria eman du Garnatxok: «Ez dugu uste arrakasta dugunik». Azaldu duenez, arrakasta supermerkatu kate handiek dute, haiek «baldintzatzen dutelako kontsumoa eta gizartean janaren banaketaren inguruko eztabaidarik ez egotea». Bai, Landare egitasmo bideragarria da, aitortu du, «baina sistemari buelta ematen diogunean helduko da arrakasta». Europan kontsumitzen diren elikagaien %80 sei kateren artean banatzen dituzte, azaldu duenez. «Arrakasta izango dugu kontsumitzaileak aukera duenean erabakitzeko zer-nolako harremana izan nahi duen arrantzalearekin eta nekazariarekin».

Kontsumo taldeekin konparatuta, supermerkatua hiriari eta gaurko bizimoduari hobeto egokitzen zaiola uste du Garnatxok. «Beste sekretua profesionalizazioa da, besteak beste barazkiak kudeatzeko orduan», gaineratu du.

Baionan, maiatzerako

Garnatxo eta Landareko jendea gidari izan dira Baiona inguruko Otsokop taldearen inguruan bildutako 450 familiarentzat. «Egiazko anaitasuna izan dugu haiekin, eta izugarri lagundu digute», esan du Ixabel Cassan Otsokopeko bazkideak. Supermerkatua zabalduko dute maiatzean Baionan, geltokitik gertu, De Lattre de Tassigny etorbidean. «Ekonomia berriz hona ekarri nahi dugu», adierazi du Cassanek. Saskien sistemarekin aritu dira orain arte: bazkideek produktuak aukeratzen zituzten Internet bidez, eta, hamabostean behin, bila joaten ziren. «Orain, beste koska bat igo nahi dugu».

Besteak bezala, inguruko ekoizleekin lan egiten saiatzen dira. Muga 250 kilometroko tartean jarri dute: «Ez dugu urrunagoko produkturik ekarriko, ahal den bitartean». Nafarroako hegoaldetik, batez ere kontserbak hartuko dituzte, eta, hurbilagotik, elikagai freskoak, haragia eta gaztak. «Komuneko papera ez dakigu nondik atzeman, zeren hemen ez baita ekoizlerik». Izan ere, supermerkatu kooperatiboan ez dituzte bakarrik elikagaiak saldu nahi. «Ez da praktikoa Otsokopen erosketak egin ondoren beste batera joan behar izatea behar duzuna erostera. Emeki-emeki, dena behar dugu izan».

Supermerkatu kooperatiboen nazioarteko erreferentzietako bat New Yorkeko Brooklyn auzoko Park Slope Food Coop da. 1973. urtean hasi zen lanean. 17.000 bazkide ditu. Horietako bakoitzari hilean bi ordu eta 45 minutuz lana egiteko eskatzen diote. Derrigorrezkoa da, eta bazkideek lanaren %75 egiten dute. Langile gutxi eta dirua irabazteko asmorik ez dituenez, supermerkatuak merke eskaintzen ditu produktuak: haien datuen arabera, bazkideek %20-40 aurrezten dute asteroko erosketetan.

Frantzian, orain hasi dira egitasmoak gauzatzen. La Louve da horietako bat, eta laster zabalduko dute Parisen. Oraindik ez dute egun ofizialik, Audrey Dauman bazkideak azaldu duenez. 4.800 inguru bazkide dauzkate. «Probatan ari gara, baina dena espero bezala doa», esan du. Salgaiak biltzen eta langileak trebatzen ari dira egunotan. New Yorkeko ereduari jarraitzen diote: «Bazkideek ere dendan lana egitea ez da garrantzitsua, ezinbestekoa baizik; hori da ideiaren funtsa».

Iruñea, Oiartzun, Baiona, Bilbo... New York, Paris. Mundu mailako mugimendua da, eta abiada hartzen ari da. «Orain, sare moduan zabaldu nahi ditugu halako egitasmoak», esan du Daumanek. «Eta guk lagundu egingo diegu, Brooklyngoek guri lagundu diguten bezala».

Fruta kutxak atontzen dabil Aranburu Oiartzunen. Sagarrak, mandarinak, laranjak, kiwiak... Fruta eta barazki guztiak ekologikoak dira. Zenbatean dago kiwia? 2,68 kiloa. Sagarra? 2,17 kiloa. «Ez dago alde handirik azoka bateko prezioekin, guk gutxi kargatzen dugulako».

SUPERMERKATUAK

Hiru belaunaldi bereiz daitezke Euskal Herriko supermerkatu kooperatiboetan: lanean aspaldi dabiltzanak, sortu berriak, eta datozen hilabeteetan sortuko direnak. Hona adibide batzuk:

LANDARE

Iruñea eta Atarrabia

Bi saltoki dituzte ?alokatuta?. 2.000 produktu baino gehiago eskaintzen dituzte, guztiak ekologikoak. 25 langile dituzte. 2016an 3.200.000 euroko fakturazioa izan zuten. Horretatik 1.917.000 euro gertuko 93 ekoizle, nekazari eta abeltzain txikiei erositakoa. Produktuen salneurritik: %80 ekoizlearentzat da; %20, Landareren gastuetarako. 2.857 familia ziren bazkide martxoaren 31n ?iaz baino 423 gehiago?. Sartzeko kuota 42 euro da; gero, urtekoa 36 euro. Urtean bi orduko auzolana egin behar izaten da ?diruz ere ordain daiteke?.

LABORE

Oiartzualdea eta Bilbo

Duela bi aste zabaldu zuten Oiartzualdeko denda Oiartzunen (Gipuzkoa). Ekainerako 400 bazkide eduki nahi dituzte, bi langile izan ahal izateko. Epe luzerako helburua 1.000 bazkide edukitzea da. Bilbokoa urriaren amaierako zabaldu nahi dute: bazkideak hartzen eta leku baten bila ari dira une honetan.

OTSOKOP

Baiona

Orain 450 bazkide dituzte, eta 200 saski banatzen dituzte hilero. Maiatzaren 6an denda zabalduko dute Baionan. Denda egunero zabalik eduki ahal izateko 1.000 bazkide behar dituzte. Orain, lan ia guztia bazkideek beraiek egiten dute. Langile bakarra dute. Supermerkatua zabaltzen dutenean, bazkide bakoitzak hiru orduz egin beharko du lan kooperatibarentzat hilero.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna