Jostun geldiezinak

Milaka lagun bildu dira Euskal Eskola Publikoaren Jaian, Gasteizko Zabalgana auzoan, eguneko tarte askotan euria gogotik egin arren. Goizean goizetik jai girorako tartea izan dute hara joan direnek, eskaintza zabala izan baitute; halaber, eskola publikoaren aldeko aldarrikapenek ere toki garrantzitsua izan dute.

Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Milaka lagun bildu zituen Euskal Eskola Publikoaren Jaiak, igandean. Euria gogotik egin bazuen ere, jendetzak parte hartu zuen Gasteizko Zabalgana auzoko guneetan prestatutako ekintzetan. Batzuek aterkia eskuan, txikienak anorakarekin babestuta; Josi ta josi lelopean, jaia eta aldarrikapena uztartu zituzten euskal eskola publikoaren alde.

Euria egingo zuela espero zen, eta iragarpenak ederki bete ziren. Goizean goizetik euriak protagonismo handia izan zuen, eta, horrek parte hartzea baldintzatu bazuen ere, ez zituen izutu egun osoan guneetara bildu zirenak. Sonia Martinez Zabalganako bizilagunak aitortu zuen jaira joateko «beharra» zuela. «Batetik, funtsezkoa da eskola publikoari babesa ematea, azken urteetan egondako murrizketak kontuan hartuta; bestetik, auzoan bertan bizi naizenez, eguraldia ez da arazoa», azaldu zuen, alaba aurpegia margotzeko tailerretik atera bitartean.

Jaiaren izaera aldarrikatzailea hasieratik bertatik geratu zen agerian. Jaiari hasiera emateko ekitaldian hitza hartu zuten guztiek ideia bera berretsi zuten: aniztasuna aberastasuna da, eta, hori baliatuta, hezkuntza publikoak gizarte kohesionatua sortzen laguntzen du. Ordea, hori lortzeko bideaz hausnartzean heldu ziren iritzi ezberdinak. Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ikuspuntu baikor batetik aztertu zuen egoera: «Gizartea azkar aldatzen ari da, eta guztion artean egoera berriari erantzun behar diogu». Ildo horretan, gogora ekarri zuen Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Ikasle Etorkinen Arreta Plana.

Egoeraren analisi kritikoagoa egin zuen Usoa Urbieta EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko presidenteak. Euskal eskola publikoak hezkuntza sistema «egituratuko duen ardatza» izan behar duela esan zuen. Ordea, gaineratu zuen gaur egun ez dela hori gertatzen. «Hezkuntza publikoa eta itunpekoa errealitate ezberdinak dira, eta publikoak izan beharko luke lehentasuna». ELAk, LABek eta Steilasek ere baliatu zuten testuingurua hezkuntza publikoko langileen aldarrikapenak gogorarazteko. Uriartek ere azken hilabeteetako mobilizazioak aipatu zituen. «Ahal diren gaiak» adostearen alde egin zuen, baita eskatu ere «desadostasunek» ikasleengan eraginik izan dezatela.

Barreak, perkusioa eta jana

Inaugurazioa amaituta, ehunka lagun hasi zen Zabalganako hainbat bazterretako ekintzetan parte hartzen: batukadak eta perkusio tailerrak; hamaika motako eskulanak... Bastida plazak eguneko ikuskizun jendetsuenetako bat hartu zuen. Bertan, eguerdi partean, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek irri bana margotu zuten ikusle bakoitzaren aurpegian, bai ikuskizunean, bai taulatik jaitsi zirenean.

Eguerdi partean, euriak atseden hartu zuen, baita eman ere, zer bazkaldu bilatzen ari zirenentzat. Labeldun haragia dastatzeko parada izan zuten, baita paella bero platerkadak ere. Hain zuzen ere, antolatzaileek egitaraua goitik behera betetzeko ahalegina egin zuten. Hala egin zuten eguneko ordu eta gune gehienetan. Ordea, ezin izan zioten eutsi egitarauaren azken txanpako musika eskaintzari. Ze Esatek eta hirugarren guneko kontzertu batzuk ere bertan behera geratu ziren. Horrek egun amaierako plana baldintzatu zien hainbat gazte talderi. Mikel Markinez16 urteko gazteak hala agertu zuen: «Ze Esatek taldearen kontzertua amaiera paregabea zen, baina... Tira, uda osoa izango dugu dantza egiteko!», hausnartu zuen, irribarre egiten zuen bitartean.

Beste mota bateko dantza nahi zutenek zorte handiagoa izan zuten. Hain zuzen ere, Patxi Perez eta Konpainia musika taldearen kontzertua mantendu zuten. Horrela, dantza plazarekin amaitu zituzten ospakizunak.

Datorren urtean, Lekeition

2018an, Lekeitiok (Bizkaia) hartuko du Euskal Eskola Publikoaren 27. Jaia. Herriko eskola komunitateko ordezkariak ez ezik, Koldo Goitia Markuerkiaga alkatea ere Zaramagan izan zen, lekuko aldaketa irudikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.