Gau mota asko, bakarrean

Jendetza biltzen du Donostiako gauak, Donostiako Piratek antolatutako ekitaldietan, egitarau ofizialaren barrukoetan eta kale bazterretakoetan. Jai giroak zipriztindutakoak hirian festarako prestatutako guneetan banatzen dira, hainbat eskaintza eta giroren bila.

Gonbidatu eta guzti, kontzertu berezia egin zuen Orioko taldeak, bere 25. urteurrenean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Donostia
2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Egunotan askoren ahotan dabilen turismo ereduak ala Aste Nagusiak; zaila da neurtzen bietako zerk erakartzen duen, batez ere, hainbeste jende Donostiara, abuztuko hirugarren astean. Edonola ere, hiriaren erdigunean kale bazter gutxi topa daitezke egun hauetan, jende uholdeaz salbu direnak. Gauez ere ez du ematen jendea etxeratzen duenik. Asteazkengauean, su artifizialak hasteko gutxi falta zela, jendez lepo ziren hiriko karrikak.

Euren momentua zela jakitun, izozki saltzaileak ilara desordenatu baten eskariari erantzun nahian zebiltzan gelditu gabe, Bulebarreko izozki denda batean. Antza, suak esku betearekin eta mihi hotzarekin ikusteko erritualak ondo errotuta jarraitzen du, oraindik, Gipuzkoako hiriburuan. Suak hasi zirenerako hustu egin ziren Parte Zaharreko kaleak. Beste inguru batzuetara jo zuen jendeak ikuskizuna ikustera, etxeek bista tapatzen ez zuten lekuetara.

La Flamenkan ere, basoari helduta, gora begira ari ziren hainbat, azken traka noiz iritsiko zain. Hala ere, han elkartutako gehienentzat, suak gero zetorrenaren aurreko tramitea besterik ez ziren. Las Tea Party DJ bikoteak oholtza noiz hartuko esperoan ziren hainbat kuadrilla. Emanaldia ikustera propio etorritako zumaiar kuadrilla batek hartua zuen bere lekua, eta emanaldiaren amaierara arte ez zuten haien espazioa libre utziko. Aldiro, euretako bi arduratzen ziren gainontzekoei edariak ekartzeaz. «Zalantza izan dugu Azkoitiko [Gipuzkoa] jaietara joan edo Donostiara etorri. Azkenean, Las Tea Party ikustera animatu gara», zioen haietariko batek. Eva Gutierrez eta Lorea Argarate Las Tea Partyko kideei ez zitzaien asko kostatu han bildutakoak dantzaraztea. Aurretik, baina, piraten mugimenduko bi kidek hartu zuten oholtza, asteartean Urgull-en gertaturiko eraso sexista gaitzetsi, eta erasoen aurrean erantzuteko dei eginez.

Ohiko moduan, indartsu hasi zuen emanaldia Las Tea Partyk, eta azkar bete ziren jendartean geratzen ziren zulo gutxiak. Donostiako Piraten gauak bazituen beste bi interes gune, gutxienez. Sardiñerak kofradiako kideek Guardetxea Sardiñerri bilakatu zuten, jaiaren eta gozamenaren bidez «gizarte heteropatriarkal honen kontraesanak azaleratu eta muturrera eramateko». Guardetxeko ateak zabaldu aurretik, ilara luzea egin zen atarian. Trinitate plazan, berriz, Tajon Prieto y los Kuajalotesbertsio taldeak kontzertu bihurria eman zuen, ohi duen moduan.

Elektronikatik trikitira

La Flamenkatik Sagues alderako pasealekuan jendetza zihoan oinez, kontrako bidea zihoazenak eta Bulebarreko ekitaldietan pilatutako jendetza saihestuz. Kursaal kanpoaldean, musika elektronikoaren erritmora, gazte asko ari ziren dantzan. DJ Gaua egin zuten bertan. DJ gazteek haien musika jendaurrean erakutsi ahal izan zuten lehenik, eta, haiek bukatutakoan, George Bk hartu zien txanda. Argi more deigarriz inguratuta, hark bereganatu zuen inguratutakoen arreta.

Handik metro batzuk aurrera egitea nahikoa zen, oso bestelako giro bat usaintzen hasteko. Izan ere, Gozategi taldea bere 25. urteurrena ospatzen ari zen Sagueseko agertokian. Adin guztietako jendea elkartu zuen Orioko taldeak, eta banatu ere desberdin egin ziren publikoan zirenak. Gazteenek hartu zituzten lehen lerroak, eta, atzerago, adin nagusiagokoak zeuden, urteetan taldearen ibilbidearen lekuko izan direnak. Kontzertu hasierako hoztasuna gainetik kendu zuen taldeak, bizpahiru abestiren buruan. Iñigo Goikoetxea baxu jotzailea arduratu zen abestien arteko tarteetan entzuleak berotzeaz, eta behekoen erantzuna Porru Patata kantuarekin batera iritsi zen. Elkarri eskutik helduta entzuleen artean ilara luze bat eratu zen, eta, dantzatu bitartean, jende gehiago batu zuten kalejirara.

Atzetik etorri ziren jada askoren ereserki bilakatutako abesti gehiago ere: Nor-Nori-Nork, Don Jose, Gogoratzen... Hitzordu bereziak hala eskatuta, gonbidatuak eta lagunak ere igo ziren oholtza gainera: Garikoitz Mendizabal, Xabi Solano eta Iker Galartza, beste hainbaten artean, ikuskizunari ekarpena egiten ahalegindu ziren, norbera bere moduan.

Ekitaldiek erakartzen dute jende gehien Aste Nagusiko gauetan. Ordu horietan kalean dabiltzanen artean denetik dago, ordea. Baita, jendetza biltzen den lekuetatik ihesi, hiriko beste txoko batzuetako lasaitasuna aprobetxatzen dutenak ere. Asmo horrekin, kuadrilla bat Ikatz kaleko tabernetan zebilen, tragoa hartzeko ia itxaron beharrik gabe. «Oraintxe dago ondo parrandarako. Igarriko dugu aldea, hemendik gutxira», bota zioen haietako batek besteari. Lasai zegoen kalea, baina, ekaitzaren aurreko barealdia bezala, hauteman zitekeen, gero, lasaitasun hori desagertuko zela. Easo plazan ere ez zen itsas bazterreko guneetan adinako jendetzarik. Adin nagusikoak gustura ari ziren elkarrekin dantzan.

Las Tea Party bikoteak emanaldia bukatu zuenean, erromesen gisan abiatu ziren asko Parte Zaharreko tabernetara, dantzan botatako izerdiaren ondoren, gorputza berriz hidratatzera. Hurrengo egunean eginbeharren bat zutenek, aldiz, hortzak zorroztuta etxerako bidea hartu beharrean aurkitu zuten euren burua. Hortik aurrerako gertakaririk gogoangarrienak, oholtza handietan gertatu beharrean, txosnetako eta tabernetako barren aurrean jazoko ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.