Sormena, nahi duten neurrian

Bertsolari Txapelketa Nagusia modu berezian bizitzen ari dira Txakur Gorria sormen taldeko kideak; astero, Berria TBren 'Txapelpekoak' saiorako sorkuntza lan bat egiten dute. Iaz eratu zuten taldea, autosorkuntza eta autoekoizpenerako. Durangoko Azokan, bi lan berri aurkeztuko dituzte.
Malen Amenabar, Mariñe Arbeo eta Ane Labaka, joan den astelehenean, BERRIAren Andoaingo egoitzan.
Malen Amenabar, Mariñe Arbeo eta Ane Labaka, joan den astelehenean, BERRIAren Andoaingo egoitzan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Maite Alustiza

2017ko azaroak 23
Zirkuko aurkezle izan nahi zuen Malen Amenabarrek. Nerea Ibarzabalek ez du udan gidatzen, autoarekin tximeletak harrapa ditzakeelako. Bularkia, atuna eta urdaiazpikoa jaten dituen begetarianoa da Mariñe Arbeo; Ane Labaka, berriz, txokolate beltza janez biziko litzateke. Txakur Gorria sormen taldeko kideak dira laurak, eta hala aurkezten dute euren burua taldearen webgunean.

Astelehen goizez, BERRIAren Andoaingo (Gipuzkoa) egoitzan elkartu dira Amenabar, Arbeo eta Labaka, Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko Txapelpekoak saiorako sorkuntza lana egiteko: bezperan Amurrion (Araba) entzundako bertso batetik abiatuta, irudi bat egiten dabiltza Amenabar eta Arbeo. Belarriekin ikusia marrazten. Hilekoaren usaina hizpide zuen bertsoa aukeratu dute; bertso hori, hain justu, Txakur Gorriako kide duten Ibarzabalek abestu zuen, kartzelakoan. Horrek inspiratuta, Labakak dagoeneko prest du irudia janzteko erabiliko duten testua.

Txakur Gorriaren sorkuntzarekin batera, beste hainbat atal ere izaten ditu Txapelpekoak saioak, astero: saioetako bertsoen azterketa, Oihana Elduaien eta Miren Garate kazetariekin; asteko elkarrizketa bat, eta umorezko esketxak. BERRIAk asteazkenero sareratzen du atal berri bat; finalaren ostean izango da azkeneko programa berezia.

Txapelketa non, Txakur Gorria han. Bi koadernorekin ibiltzen dira Berria TBren asteroko programarako ideiak apuntatzen. Amenabarrentzat, txapelketa berezia izaten ari da; batetik, berez oso gertu sentitzen dutelako, eta bestetik, «beste perspektiba batetik» ikusten ari direlako: «Saioetara joaten garenean, normalean ez diegu bertso bisualei erreparatzen. Gu ari gara bertsoan irudi posible bat ikusten». Saioak aurrera egiten duen heinean, beti ateratzen zaizkie pare bat ideia, gero aukeratzeko. Beste batzuetan, ordea, oso argi ikusten dute, bertsoa entzun eta berehala.

Bertsoa paper gainean irudikatzerakoan ere, ados jarri beharra izaten dute. Izan ere, Arbeo eta Amenabar aldi berean aritzen dira marrazten. Biren artean egite hori izaten ari da berezia, Arbeorentzat: «Oso ohituta gaude elkarrekin lan egitera, baina sekula ez genuen egin paper igualaren gainean eta une berean». Behin bertsoaldia aukeratu eta irudia pentsatu ondoren, bi elementu horiekin testu bat osatzen du Labakak. Ez zuten jatorrizko bertsoaren interpretazio soil bat egin nahi; sortu egin nahi zuten.

Txakur Gorria bertsoen pausora doan arren, ez du bere bidea txapelketarekin hasi. 2016ko martxoan abiatu zuten proiektua. Arte Ederrak elkarrekin ikasi zituzten Amenabarrek eta Arbeok, eta «zalantza batetik» sortu zuten proiektua: «Ikasketak bukatzean, zer?». Gazteei etorkizuna beltz samar marrazten bazieten ere, eurek aurkitu dute bidea. Hala azaldu du Amenabarrek: «Krisia-eta jada ez da hainbeste aipatzen, baina ematen zuen dena bukatu zela gazteentzat, ez geneukala etorkizunik; gure ikasketak daukan ona da ez daukazula irteera bat, eta hori suerte bat da». Eskulangile azoka baten harira, zerbait egitea bururatu zitzaien. Ibarzabal laguna Erasmus egiten zebilen, Istanbulen (Turkia), eta istoriotxo bat zeukan idatzita, han ikusten zuen txakur bati buruzkoa. Hura ilustratu, eta Txakur Gorria liburuxka atera zuten. Hura izan zen taldearen sorrerako lana, eta izena eman ziena. Bidean, Labaka batu zaie, aurten, Xixili ikuskizuna egiteko. «Burutik jota zegoela esaten zioten emakume baten histeria» kontatzen dute emanaldian.

Burutik inprentara

Autosorkuntzarako, autoediziorako eta autoekoizpenerako eratu zuten Txakur Gorria. Labakaren iritziz, proiektuaren alderik politena da beraiek egiten dutela buruan ideia bat sortzen zaienetik inprentarainoko bide guztia: «Sortzaile gazteak nolabait kondenatuta gaude norbaiten zain egotera; literatur sariak, bekak eta abar daude, baina beti beste batek jarritako parametroen barruan sartu behar duzu». Amenabarrek nabarmendu du beraiena oso lan kolektiboa dela, eta prozesua, oso konpartitua: «Askotan, sortzaileen mundua oso indibiduala izaten da, eta niretzat oso inportantea da kolektiboan lan egiten ikastea, pila bat ikasten delako beste diziplinetatik». Iaz abiatutako proiektuak indar handiagoa du orain: «Aurten eta gure bizitzan garrantzi handiagoa eman diogu Txakur Gorriari, eta aurrerapauso nahiko handi bat eman dugu». Astero geratzen dira, eta «hori ere emaitzan islatzen da».

Orain arte, ordea, ez diote denbora asko eskaini zabalpenari. Autoekoizleen azoketan-eta jardun dute, sare sozialetan eta ahoz ahokoan. Txakur Gorria liburuxkarekin eta Xixili emanaldiarekin batera, beste bi liburu eta Hartza zu ikus-entzunezkoa plazaratu dituzte. Durangoko Azokari begira, beste bi liburu aterako dituzte, baita hainbat irudi eta postal ere. Liburu bat kolektiboa izango da, 21 lagunen artean egina; beste liburuan, Xixili emanaldia komikira pasatu dute. Bertsolari txapelketa eta Durangoko Azoka pasatuta, Xixili emanaldiari heldu nahi diote berriro. Taldeaz hausnartzeko eta laurek batera lan egiteko ere baliatu nahi dute urte hasiera, garai lasaiagoa izango delakoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna