Mozketak errotik moztuak

Otsailaz geroztik debekatuta dago helburu estetikoengatik animaliei belarriak edota isatsa moztea. Adituek «pozik» hartu dute «beharrezkoa» den legea, baina berandu datorrela gogorarazi dute. Animalien mantenuaren inguruko heziketa falta dagoela ohartarazi dute.
<b>Belarriak. </b>Doberman arrazako txakurrei mozten dizkiete.
Belarriak. Doberman arrazako txakurrei mozten dizkiete. SANJEEV GUPTA / EFE

Aitor Biain -

2018ko martxoak 2
Ohiko praktika izan da urteetan, baina iragan otsailaren 1az geroztik debekatuta dago helburu estetikoengatik animaliei belarriak eta isatsa moztea. Ez dago baimenduta, halaber, ahots kordak ebakitzea edota azazkalak eta hortzak erauztea. Europar Batasunak 1987an onartutako Etxeko Animalien Babeserako Hitzarmenak jasotzen ditu aipatu debekuak. 30 urte behar izan dira, ordea, Hego Euskal Herrian dokumentua aintzat hartzeko, eta hilabete baino ez da debekuak indarrean direla.

Izan ere, orain arte ez zegoen jarduera horiek arautzen zituen lege orokorrik Espainiako Estatuan. Autonomia erkidego, lurralde eta hiri bakoitzaren esku egon da horren inguruko erabaki oro. Kepa Tamames ATEA elkarteko kideak nabarmendu duenez, «oso desberdinak» dira legeak elkarrekin alderatuta. «Bada, metro gutxiko kontua da legezkoa izan ala ez». Euskal Autonomia Erkidegoko 1993ko legeak, esaterako, ez du ezer esaten animaliei belarriak edota buztana moztearen inguruan. Beste erkidego batzuetan, aldiz, debekatuta daude jarduera horiek. «Lege berri honekin oinarri finko bat ezarriko da Espainiako Estatu osoan, gutxieneko batzuk jarriko dituena, eta guztiek berdin bete beharko dutena».

Tamamesen arabera, garrantzi handiko «lorpena» da legea onartu izana, baina «hamarkadaz hamarkada» alboratua izan den gaia da, eta berandu dator, beste behin: «Pozik gaude, bai, eta aurrerapauso bat da animalien ongizaterako, noski. Aldarrikapen amaiezina izan da urte askoan kontu hau guretzat. Uste dugulako helburu estetikoekin gorputzeko edozein zatiren anputazioak ondorio oso larriak dituela animalientzat. Baina 30 urte behar izan dira onartuta zegoen hitzarmen bat aintzat hartzeko».

Adituek ere irudipen bera dute, eta «beharrezkoa» zen araua dela berretsi dute. Hala adierazi du Ana Barajuan Gasteizko Pets klinikako albaitariak. Aitortu du berak «inoiz» ez duela halakorik egin, bere printzipioekin bat ez datorrelako: «Ez dut inoiz ezer jakin nahi izan». «Animalientzako oso minkorra da, eta ez da beharrezkoa halakorik sufriaraztea. Belarriak edota isatsa moztea anputazioa bat da, finean, gorputzeko zati bat kentzea. Eta hori, estetikoki ederragoa izateko? Ez dauka zentzurik».

Mozketak «egunero» egiten zituen albaitari batekin egin zuen lan Barajaunek Ameriketako Estatu Batuetan. Ikasketak amaitu eta Kaliforniako albaitaritza klinika batean eman baitzituen lehen urteak. Han, «oso ohikoa» den jarduera bat dela azpimarratu du: «Horren ohikoa zen, normala zela pentsatzera iritsi nintzen». Pare bat hilabete egin zituen albaitari harekin lanean, beste klinika batera joan aurretik. Beste klinika hartan, ordea, ez zuten halakorik egiten. «Hango albaitariak argi zuen ez zuela halakorik egingo. Oraindik gogoan daukat zer esan zidan: 'Zuk nahi duzuna egin dezakezu zure klinikan, zure hautua da: moztu ditzakezu edo ez. Baina nahikoa da mina animaliengan ikustea erabaki zentzudun bat hartzeko'». Orduz geroztik, ez dio animalia bati belarririk edota isatsik moztu helburu estetikoengatik.

Nolanahi ere, ez dago horren urrutira joan beharrik. Europan ere, «praktika oso ohikoak» baitira mozketak. Txakurrak izan dira, bereziki, sufritu dutenak, Barajaunen arabera: «Belarriak halabeharrez moztu behar zaizkien txakur arrazak izatera iritsi gara, estandar bat sortu dutenak». Besteak beste, boxer eta doberman arrazako txakurrei ebaki izan zaizkie belarriak. «Isatsa duen eta belarriak moztu gabe dituen boxer arrazako txakur bat ez da boxer bat bere osotasunean, askore ustetan. Estetika eta itxura jakin bati jarraitu behar diote txakur mota horiek, eta, halakorik egin ezean, baztertu egiten dituzte», adierazi du Tamamesek.

Isatsaren mozketari dagokionez, hain zuzen, ehiza txakurretan egin izan dira gehienbat. Buztana kendu izan dizkiote, adibidez, terrier arrazako txakurrei. «Helburu praktikoekin moztu izan dira buztanak kasu horietan. Baso itxia denean, sasi asko egon badaiteke, txakurrak buztana alde batera eta bestera mugitzean sasi horiekin korapilatzeko arriskua izan dezake, eta min hartu», zehaztu du albaitariak. Antzeko helburuak izan ohi dituzte doberman arrazako txakurrekin ere: Izan ere, beste txakur batekin borrokatuz gero, belarritik edota isatsetik ez heltzeko moztu izan dizkiote. «Jarduerak helburu jakin bat izan du beti mozketek. Beste kontu bat da ados gauden ala ez», erantsi du.

Legea onartu aurretik, salbuespen bat onartzekotan izan ziren kongresuan ehiza txakurren kasuendako. Ez zuten halakorik hobetsi azkenean, baina. Gogor kritikatu du ATEA elkarteko kideak gertakari hura. «Lobby-ek zer esan handia izan zuten, ehizako txakurren salbuespena onartzearen aldeko presioa egin baitzuten. Argi esan behar da: ez da ehiza txakurrik, ehizarako erabiltzen diren txakurrak dira. Ehiza txakurra ez da arraza bat».

«Kalte handia» ekar liezaioke animaliari halako anputazio batek, bi adituen hitzetan. Barajaun: «Ahaztu egiten zaigu askotan buztanak helburu bat duela, praktika bat: txakurrak komunikatzeko duen tresna bat da isatsa. Gora, behera, mugitu, geldi mantendu... komunikatzeko helburu batekin mugitzen dute. Tresna hori kenduz gero, ez du horretarako gaitasunik izango. Mutilazio garrantzitsu bat da, eta nabaritzen dute, gainera».

Tamamesek ere gauza bera azpimarratu du: «Ondorio oso larriak ditu animaliarentzat: psikologikoki nabaritzen dute zerbait falta zaiela. Horrez gain, belarririk gabeko animalia batek infekzioak eta gaixotasunak hartzeko erraztasun handiagoa izango du».

Beste jarduerak

Nolanahi ere, ez dira txakurrak mozketa horiek jasaten dituzten animalia bakarrak. Katuei azazkalak moztu izan dizkiete, besteak beste, etxean kalterik ez eragin edota inori minik ez emateko. «Katuentzako oso tresna garrantzitsuak dira azazkalak. Ulertzeko, katuei kentzea gizakioi kentzea bezala da». Falangearen zati bat ere moztu izan zaizkie katuei halako kasuetan, azazkalak berriz haztea ekiditeko.

Albaitariak argi du jarduera horien atzean gizartean errotuta dagoen uste faltsu bat dagoela, eta «gehienek» ez dutela animaliei «izorratzeko» egiten. «Baina ez dira jabetzen sufritzen dutenarekin, eta hori da gakoa: animaliak hezi eta bigundu nahi izan ditugu, panpina bihurtu». Tamamesek, animaliaren jabearen «egoismoa» ere jo du praktikaren erantzule zuzentzat.

Indarrean sartu den lege berriak, halaber, etxeko animaliekin lotura duten beste hainbat kontu ere arautzen ditu. Hala nola: ikuskizunetan eta publizitate jardueretan erabiltzeko eta erakusleihotan ikusgai jartzearen debekua. Zezenketak, ordea, ez ditu aintzat hartzen, eta salbuespenak dira.

Izan ere, «ikuskizun mota asko» daude Tamamesen hitzetan, eta ezin dira alderatu asto lasterketak eta zezenketak, adibidez. Haren irudikoz baina, galdera ez da zein den jarduera larriagoa, baizik eta jarduera horiek burutzeko beharrezkoak diren animaliak edo ez. «Gasteizen kasuan, zorionez, asto lasterketarik ez da egiten dagoeneko. Zezenketei dagokionez, aldiz, esku hartu beharko da egunen baten hor ere. Ez baitu zentzurik hemen legezkoa dena egiteagatik Herbehereetan kartzelatua izateak», ohartarazi du.

Animalien sakrifizioari buruz ere ari da hitzarmena, eta «argi eta garbi» dio albaitari edo aditu batek egin behar dituela halakoak. Ziurtapen batekin, betiere: animaliak ahalik eta gutxien sufritu behar du. Barajaunen arabera, «oinarrizkoa» da hori.

Heziketa beharra

Animalien osasunaren, mantenuaren eta ongizatearen inguruko kontzientziazio lan handia egin dela berretsi dute bi adituek. Tamamesen hitzetan baina, «pozik egoteak ez du esan nahi nahikoa denik». «Beti hobetu daiteke», erantsi du. «Zorionez, asko aldatu da azken 30 urte hauetan, eta legea onartu izana horren erakusgarri da».

Iritzi bera du Ana Barajaun albaitariak ere. Hala ere, heziketa beharra dagoela azpimarratu du: «Animaliekin bizi nahi baduzu, ezagutu behar dituzu. Uste dut oinarrizkoa dela hori. Urtean behin albaitariari bisita egitea derrigorrezkoa da, ingurukoei gaixotasunik kutsa diezaiokeen jakitea... Tratu txarra ez da soilik jaten ez ematea, animaliaren osasun egoeraz ez jabetzea ere izan daiteke». Gaineratu du, ordea, komunitate batean bizitzeak elkarbizitzarako arauak eskatzen dituela «nahitaez», eta, horrenbestez, heziketa berdin-berdin behar dutela animalien jabeek eta animaliarik ez dutenek ere. Gauza bat argi utzi nahi izan du: «Animaliak ez dira objektuak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna