Aire zabala ere euroen truke

Baionako besten kasuan bezala aurrekontu arrazoiak direla medio, edo Gaztelugatxen, Ultzaman eta Kakuetako arroilan bezala ingurumena tarteko, inguru libreko tokietara sartzea ordainarazten dute edo horretan pentsatzen ari dira.

2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Jai girorik ez Baionako Herriko Etxean. Apiril hasierarako Baionako bestak ordainarazi beharko diren edo ez erabaki nahi du Baionako Herriko Etxeak. 2015eko uztailaren 14an izandako Nizako (Okzitania) atentatuaren ondorioz, Baionako Herriko Etxeak 400.000 euro gehitu du bestetako aurrekontuan, Frantziako Gobernuak segurtasun neurriak gogortzeko agindu eta gero. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezaren iritziz, «ez da bidezkoa» gastua baionarren gain soilik izatea —Etxegarairen arabera, 2.400.000 euroko kostua dute bestek, eta horietatik 1.200.000 euro Baionako hiriak hartzen ditu bere gain—. Hori horrela, besten asteburuko hiru egunentzat bost euro kobratzea proposatu du. Denak ez dira ados, ordea.

BVO Bayonne Ville Ouverte (Baiona hiri irekia) oposizioko Henri Etxetok herriko etxeari adierazi dionez, BVOk ordaintzearen kontra egingo du. «Baionarrentzat kostu handia dela onartzen dugu, baina ordainpeko esparru bat egitea ez da irtenbidea», adierazi du. Izan ere, Etxegarairen proposamena Aturri ibaia eta Vauban harresien bidez hiria ixtea da, teknikoki zein juridikoki egingarria dela argudiatuz. Etxetok, bestalde, martxan jarri nahi den neurriaren kostu orokorra zein izango den galdegin du.

Baionako peñen elkartea ere ez dago bestak ordainaraztearen alde. Jokoan dagoena besten diruztatzea dela dio, eta ez sarrera ordainaraztea. Elkartearen iritziz, ekonomia adituak eta gizarte zibileko indar eragileak biltzen dituen gogoeta fase bati ekin behar zaio, baina erabakia apiril hastapenerako hartu behar izateak zaildu egiten du hori. Peñen elkarteak eta BVOk uste dute neurri horrek besten espirituan eragingo duela, eta festazaleak kontsumitzaile hutsak bihurtu.

Gaztelugatxeko inurritegia

Game of Thrones telesailean atera zenetik, Gaztelugatxek(Bermeo, Bizkaia) milaka bisitari izan ditu. Iazko udan, esaterako, 145.000 lagun baino gehiago bildu ziren. Interneten hainbat bideo ikus daitezke jendea etengabe Gaztelugatxera gora eta behera joaten, eta babestutako biotopoa izanik, hori zaindu eta ingurumena errespetatze aldera, hainbat proposamen dituzte eztabaidagai. Proposamen horiek guztiak, 85 hain zuzen, Deloitte kontsultorak Bizkaiko Foru Aldundiarentzat egindako Plan Zuzentzailean daude bilduta, eta heldu diren bi hilabeteetan hainbat alorretako pertsonekin eztabaidatuko dituzte; hala nola oposizioko taldeekin, Bermeo eta Bakioko udalekin, Euskal Jaurlaritzarekin, kofradiarekin, elizbarrutiarekin, ostalariekin eta merkatariekin. Bermeoko Udalak, gainera, apirilaren 18an bilera ireki bat egingo duela jakinarazi du, herritarren iritziak biltzeko.

Proposamenen artean, sarrera ordaintzearena dago, desadostasunak sortu dituen aukera. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenen esanetan, «ezin da kobratu ingurumen natural batera joateagatik; beste gauza bat litzateke zerbitzu gehigarriren bat eskaintzea, baina sartzeagatik bakarrik ezin da ordainarazi». Udalak foru aldundiari hainbat proposamen bidali dizkiola gogorarazi du, eta planean sar ditzan nahiko luke. Dena den, oraingoz, ez dute zehaztu balizko ordainketa sistema hori nola izango litzatekeen. Bien bitartean, Aste Santuan, doako txartel sistemaren bidez kontrolatuko dute bisitari kopurua. Hiru arreta gune jarri dituzte, eta bertan emango dituzte txartelak. Horrez gain, apirilaren 8a bitarte autobus bat egongo da Bermeo eta Gaztelugatxe lotzeko. Azken bi urteetan, Bermeoko Udalak autobus zerbitzu hori eskaini badu ere, aurten aldundiak finantzatuko du. Bestalde, Bakion, atzotik itxita dago Gaztelugatxera joateko kostako errepidea, udalaren aginduz. Bizilagunen ibilgailuak eta baimenduak bakarrik pasatu ahal izango dira.

Ingurumena babesteko

Gaztelugatxen bezala, gehiegizko ustiatzea saihesteko hartu diren beste adibideetako bat da onddoen lurraldea den Ultzama (Nafarroa). 2006an, hamabost egunez, ehunka autok Ultzamako bideak hartu zituzten, urte hartan izandako onddo oparotasunaz baliatzeko. Hori ikusita, neurri bat hartzea beharrezkoa zela ikusi zuten, eta ordutik gaur egun arte, baimenak eskatu behar dira, egunekoak zein urtekoak. Hainbat baimen mota daude, esaterako, eguneko baimenak bost euro balio du, eta urtekoak, 80 euro. Ultzaman ez ezik, Bertizko natur parkean ere neurriak hartu zituzten, eta bertako herritarrek soilik har ditzakete.

Nafarroan jarraituz, Urederra ibaiaren iturburua aipatu behar da. Lau urtean, 2009tik 2012ra,bisitari kopurua 53.000tik 74.000ra pasatu zen, eta hurrengo urtean, 103.000 izan zituen. Kopuru hori ikusita, aisialdia eta ingurumena babestea bateragarri izango zen neurri bat hartu zuten. Hala, gaur-gaurkoz, eguneko 450 lagunek bisitatu dezakete Urederraren iturburua, eta, horretarako, Internet bidez erreserbatu behar da. Hori bai, autoa Bakedano herrian dagoen aparkalekuan utziz gero, ordaindu egin behar da. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailaren arabera, bisitari kopuru handiak paisaiaren aberastasuna arriskuan jartzen du, baita iturburuaren ingurumen balioak ere, natura erreserba izateko bete behar diren balioak kolokan jartzeraino. Gainera, bisitariak ez daudela hain gustura dio.

Zuberoako Santa Grazin, Europako paisaia basati eta ospetsuenetakotzat hartzen dena dago: Kakuetako arroila. Eremu natural bat den arren, hori ere ordainpekoa da, 4,5 eta 6 euro artekoa, ingurumena babesteko arrazoiak medio. Euren oharretan ere behin eta berriz gogorarazten diete bisitariei ingurumena errespetatzeko baldintzei buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.