Akuilu lana egiteko tenorea

Herri Urratsek 35. aldia ospatu du Senpereko lakuan, 'Prefosta!' lelopean, Larzabalgo Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko zuberotarrei begi kliska eginez. Aldarrikapen kutsuko eguna izan da, eta, akademia ikuskariak postuak ukatu dituenez, mobilizazio tresnak martxan jarri ditu Seaskak.
Aurtengo Herri Urratsen kantua egin duen 2zio taldearen kontzertua arrakastatsuenetako bat izan zen igandeko festan.
Aurtengo Herri Urratsen kantua egin duen 2zio taldearen kontzertua arrakastatsuenetako bat izan zen igandeko festan. AURORE LUCAS

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko maiatzak 15
Beste urtetan baino jende aise gutiago izan da, baina, hala ere, uste dut jendeak egin duen ahalegina eskertu behar dela, eta bazela jende multzo polit bat. Alde horretatik, kontent izaten ahal gara». Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria baikor azaldu da Herri Urrats festaren balorazioa egiteko garaian. Eguraldi nahasia izan zen Senpereko lakura (Lapurdi) jende gutxiago azaltzearen arrazoia, eta, horren ondorioz, diru sartzeak ere txikiagoak izan dira: «Atzoko helburu ekonomikoak ez genituen bete, eta beharrezkoa izango dugu hainbat proiektu ditugulako esku artean». Hala, Herri Urratseko lantaldeak eskura jarri ditu hainbat kontu korronteren zenbakiak, Paypal plataformaz gain.

Jendearen sostenguaren aldetik kontent. Ez hainbeste, ordea, Senpereko Ur Hegia etxean egin zen ekitaldi ofizialean entzundako guztiarekin, batik bat Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak esandakoarekin. «Barrierek sekulakoak erran zituen, hautetsi guztien aitzinean frogatu zuen guk sarri erraten duguna: ez duela ideiarik ere zertaz mintzo den. Bada bost urte hemen dela, eta ez du konprenitu ikastolak zer diren, euskararen irakaskuntza zer den eta murgiltze eredua zer den», adierazi du Gorostiagak. Azken urteetan hautetsiekin eraman duten garapen politikari «sekulako kolpea» eman ziola salatu du. Akademia ikuskariak Seaskak galdegiten dituen 25 postuetatik lau baino ez dituela emango berretsi zuen atzoko ekitaldian, esperantzarik bazen arren.

Barrierek irtenbide gisa ikastola txikiak batzea ikusten du, horrela irakasle kopurua handitu beharrik ez delako izango. «Uste dut hautetsiak ere haserretu zirela», aipatu du Gorostiagak. Jean-Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak argi erantzun zion bere jarrera errespetu falta zela, «euskara ez bada errespetatua, lurralde hau ez da errespetatu», esanez. 2018ko sartzea «konplikatua» ikusten du Etxegaraik, kontuek ez dutelako ematen: «Ez dugu onartuko estatuaren engaiatze falta hain garrantzitsua den gai batean. Kontu politiko bat da, eta espero dut kontratua ez dela hautsia eta laster mahai baten bueltan izanen garela aterabidea atzemateko eta ikastolen garapena laguntzeko».

Mozio bat aurkeztu zuten ekitaldian bertan, eta, horren bidez, herrietako, Euskal Hirigune Elkargoko, Pirinio Atlantikoetako departamenduko, Akitania Berria eskualdeko eta Ipar Euskal Herriko hautetsi eta parlamentariei haien sostengua eskatuko diete. Mozioak dioena laburra eta argia da: Seaskaren, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Hezkuntza Ministerioaren arteko hitzarmena errespetatzea eta hura berritzea. Atzoko ekitaldian zeuden hautetsiek «berehala» izenpetu zuten, hala nola Etxegaraik, Pirinio Atlantikoetako lehendakari Jean-Jeaques Lasserrek, Akitania Berriko ordezkari Matthieu Bergek, auzapezek, departamenduko ordezkariek... «Orain, asmoa herriko etxeetara helaraztea da, eurek ondoko bilkuretan gaia aipa dezaten eta sinadurak ministeriora bidaltzeko», esan du Seaskako zuzendariak. Horrez gain, bertan ziren parlamentariek Parisen bilkura bat eskatuko zutela adierazi zieten Seaskako kideei, eta Vincent Bru diputatuak engaiamendua hartu zuen Parisen bilkura bat erdiesteko, Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroarekin. «Guk eskaera hori babestuko dugu, baina akuilatu ere egingo dugu gauzak ez direla mugitzen ikusten badugu. Haiek mugitzen ez badira, gu mugituko gara», adierazi du Gorostiagak. Ikasturte bukaera gainean dela ikusirik, «presa» agertu du Seaskako zuzendariak; hortik akuilu lana egitearen garrantzia, eta esan du ikastola guztiak bilduko dituztela egoeraren berri emateko, eztabaidatzeko eta ondoko urratsak erabakitzeko.

Aldarrikapen eguna

Ikastolen festaren aurretik iragarri zuten bezala, aldarrikapen kutsuko eguna izan zen igandekoa. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak Ipar Euskal Herriarentzat akademia ikuskari baten beharra nabarmendu zuen: «DASENak [Hezkuntza Ministerioko zuzendari akademikoak] nahi ez duen hitzarmen bat baino gehiago, Ipar Euskal Herriko hezkuntzaren antolaketak akademia ikuskari propioa behar du, euskal hezkuntzaren beharrei erantzuteko eta ahalez euskalduna. Lurraldea antolatzen ari da azken urteotan —EEP, Euskal Hirigune Elkargoa...—. Hezkuntzan ezin dugu orain arte bezala segitu Pirinio Atlantikoetako antolaketarekin. Ipar Euskal Herriak berezko hezkuntza antolaketa behar du».

Era berean, hezkuntza sistema propioa ere aldarrikatu zuen Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen lehendakariak. Horrez gain, biak ala biak Euskal Herriak duen bake biderako egoera izan zuten mintzagai. «Seaskaren historian gatazka armatuak eragin zuzena izan du urte luzeetan. Seaskako lehen andereñoa eta lehen guraso batzuk iheslariak izan ziren. 1980ko hamarkadan GALen atzaparretatik ihes ibili behar izan zuten hainbat irakaslek. Orain orrialde berri batzuk itzultzekoak dira, eta bereziki, ikastoletako ikasle batzuen aitatxiak azken 30 urteetan preso edo deportaturik bizi direla oroitarazi nahiko genuke. Bada garaia orrialde hori ere itzul dadin», adierazi zuen Indok.

Aurten ere Seaska «larrialdian» bada ere, azken urteetan egindako lanaren fruituak aipatu zituen Indok; hala nola lizeo profesionala, lanbide heziketan eraikitako barnetegia, kirol gela, laugarren kolegioaren irekiera —eta bosgarrena martxan— eta Bokalen ikastola bat irekitzea —beste batzuk proiektuan dira, Lapurdin bereziki—. Aurten ere iaz erretreta hartu zuen irakasle bat omendu zuten, Baionako ikastolan eta azken urte luzeetan Amikuze eta Zuberoako ikastoletan ibili den Maite Etxeberria. Ustekabean harrapatu zuen omenaldi xumeak Etxeberria, eta esker ona adierazi zuen, irakaskuntza utzi badu ere Seaskako kide sentitzen dela esanez.

Bien bitartean, festa kanpoan hasia zen eta haur, gazte zein heldu festaz gozatzen ari ziren, denentzako bazen eta zerbait. Aurtengo Herri Urratseko kantua egin duen 2zio taldea izan zen kontzerturik jendetsuenetako bat, Mont-de-Marsango The Inspector Cluzorekin batera. Jendea harriturik utzi zuten bi gaskoiek. Euren LP berriaren aurkezpen bira, gainera, Senperetik abitu zuten.

Gainontzean ez ziren falta izan bertsolariak, haurrentzako jolasak, jan eta edatekoak, dantzak, lizeoko Txakatuk txaranga eta, batez ere, umore eta giro ona Larzabalgo Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa handitzen segi dezan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna