Ibon Aburuza. Gipuzkoako Sagardogileen elkarteko presidentea

«Merezi duen duintasuna eman nahi diogu sagardoari»

Urtea hastearekin batera hartu du presidente kargua Aburuzak. Sektorea ondo ikusten du, eta gazteak sagardoaren kulturara erakartzearen garrantziaz ohartarazi du.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2016ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
«Arduraz, errespetuz eta ilusioz». Halaxe hartu du Adunako Aburuza sagardotegiko Ibon Aburuzak (Aduna, Gipuzkoa, 1975) Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko presidente kargua. Orain arteko lan ildoei jarraitzeko asmoa du, eta uste du erabakigarria izango dela sor-marka izendapena lortzea. Horretarako egingo du lan, besteak beste.

Urtea hastearekin batera hartu duzu Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko presidente kargua. Zer moduz heldu diozu ardura berriari?

Ardura handi xamarra hartu dut oraingoan, eta errespetu pixka bat ematen du. Baina, batik bat,ilusioz hartu dut kargua.

Zein erronka dituzu kargu berrian?

Oraindik finkatu gabe ditugu lan ildoak. Baina bidea jarrita daukagu. Lehendik zuzendaritza batzordean geunden lau kidek jarraitu egiten dugu, eta orain arteko lanari jarraipena ematea da gure asmoa. Merezi duen duintasuna eman nahi diogu sagardoari. Izan ere, egungo salmenta prezioekin ez dugu etorkizun handirik. Hortxe ari gara ostalariekin eta saltokiekin lanean, bide berriak zabaldu nahirik. Bestalde, turismoaren sektorearekin hasitako proiektuei jarraipena eman diegu. Gainera, lau-bost urte daramatzagu sor-marka lortzeko borrokan, eta ea datozen hiru-lau urteetan lortzen dugun.

Urrats garrantzitsua litzateke sor-markarena ezta?

Bai. Sagardoari duintasuna emateko prozesu horretan lorpen handia litzateke. Eta hemengo sagastien aldeko apustua indartuko luke. Hemengo sagardogile eta baserritarrak ari gara sagasti asko jartzen. Alferrik galtzen ari diren lursail asko daude, sagastiak jartzeko oso aproposak direnak. Horiek aprobetxatu behar ditugu. Sagardoaren kalitatean ere beste urrats bat egingo genuke.

Sektorea nola dago?

Txotxak pisu handia dauka, eta asko laguntzen du. Baina kontuan hartu behar da soilik sagardoaren %10 edaten dela txotxetik. Gainontzekoa botiletan saltzen da. Hori ahalik eta prezio onenean saldu behar dugu. Botilen salmentan izan ditugu bi edo hiru urte jaitsiera izan dena, baina orain ematen du pixka bat finkatu dela.

Ostalariekin eta saltokiekin kexu agertu izan zarete alor horretan.

Ostalarien kasuan, marjina handia dago guk saltzen dugun prezioaren eta haiek saltzen dutenaren artean. Ez dut esango haiek kobratzen dutena gaizki dagoenik, baina ezin du hainbesteko aldea egon. Supermerkatu eta dendekin ere bide horretan ari gara lanean. Sagardoari duintasuna emate horretan, tabernetan eta saltokietan ematen zaien tratamendua ere badago. Sagardoa produktu fresko bat da, tratamendurik ez du. Jatetxe eta taberna batzuetan, hamabost egun uzten dute hozkailuan, lau-bost gradutan. Ateratzerako, sagardo hori ez dago hartzeko moduan. Nekatuta dagoen sagardo bat da. Hori gure produktuaren irudia da, eta kezkatzen gaitu.

Esportazioak zer moduz doaz?

Sagardotegiak enpresa txikiak gara. Baina ari gara pixkanaka bide horretan eragiten. Argi dago banaka-banaka eginez gero zaila izango dugula. Gu, adibidez, bederatzi sagardotegi batu gara, izen berarekin sagardoa esportatzeko. Bestela, ekonomikoki ezinezkoa da. Batez ere, Ameriketako Estatu Batuei begira gaude, han sagardoaren kontsumoa gora egiten ari baita. Merkatu handia dago han.

Eusko labelaren aldeko apustua egiten ari zaretenak gero eta gehiago zarete, ezta?

Bai pixkanaka ari gara. Pozik gaude, gora egiten ari delako bai ekoizpena, baita salmenta ere. Hemengo sagarrekin egindako produktua izanda, jendeak estimatzen du.

Aurtengo txotx garaia nolakoaaurreikusten duzue?

Jende asko ari zaigu galdetzen noiz irekiko dugun, eta erreserbak egiten ere hasi dira. Ohi bezala, hasiera mantso joango da, eta inauterietatik Aste Santura bitarteko asteek esango digute nola joango den. Izan ere, aste horietan egiten dugu lan gehien. Itxaropentsu gaude. Egoera ekonomikoa hobetu da, eta jendea animatuago dabil. Iaz, eguraldi txarra egin arren, antzeman genuen hobekuntza txiki bat, eta aurten ere hala izatea espero dugu. Jende gaztea erakarri nahi dugu sagardoaren kulturara.

Gazteek sagardoaren inguruan duten kultura, ordea, garai bateko sagardozaleen oso bestelakoa da. Nola lortu erakartzea?

Garrantzitsuena da gazteei erakustea zer den sagardoaren kultura. Horretarako aukera paregabea dira sagardo festak edo sagardo egunak, adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.