Bakerako bidean, txinparta

Bakea eta adierazpen askatasuna bultzatzea helburu duen 'Cartooning for peace' erakusketa Donostian dago ikusgai, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta. Munduko marrazkilari ospetsuenetakoek gai horien inguruan egindako marrazkiak biltzen ditu erakusketak.

ainara arratibel gascon
2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Marrazki batek mundua alda dezakeela uste izatea pedantea eta faltsua da; ezertarako balio ez duela pentsatzea, berriz, bihotzik ez edukitzea da. Beraz, gure helburua argia da: pertsonak hausnartzera eramango dituen txinparta bat sortzea. Hausnarketa horrek eramango gaitu mundu hobe eta zoriontsuago bat egitera». La Vanguardia egunkariko Jaume Capdevilla Kap marrazkilariaren hitzak dira. Capdevilla Cartooning for peace (Biñetak bakerako)erakusketan parte hartzen duen marrazkilarietako bat da, eta hala laburbildu du marrazkilariek bakearen eta giza eskubideen inguruan egin dezaketen lana. Bat datoz horrekin Asisko Urmeneta, Cesar Oroz eta Iñaki Martiarena Mattin Euskal Herriko marrazkilariak, eta arkatzarekin egindako irudien indarra eta balioa defendatu dute, ez bakarrik umorea egiteko, baita kritika zorrotz eta serio bat egiteko ere.

2006. urtean intolerantziari buruzko mahai-inguru bat egin zuten New Yorken. Hizlariak ez ziren bake prozesuetan adituak diren pertsonak edo politikariak, baizik eta oso ikuspegi desberdin bezain aberasgarria eman zezaketen hamabi marrazkilari. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Kofi Annan eta Le Monde egunkarikomarrazkilari Jean Plantureux Plantu izan ziren sustatzaileak.

Helburu argi bat zuten: bakea eta adierazpen askatasuna sustatzea, kulturen, iritzi politikoen eta erlijioen arteko errespetutik abiatuta. Artean puri-purian zegoen gaia, Danimarkako astekari batean Mahomari buruz argitaratutako karikatura batzuek sortutako zalapartaren ondorioz. Mahai-inguru hartatik sortu zen Cartooning for peace proiektua eta erakusketa. «Marrazkiak pentsamendu lerratu eta zurrunen aurkako botikarik onena dira», adierazi zuen Plantuk.

Egun 40 herrialdetako 130 marrazkilarik parte hartzen dute proiektuan. Haien marrazkiak biltzen ditu erakusketak. Mundu osoan ibili ostean, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean dago ikusgai, urriaren 2 arte. Jatorrizko erakusketako 22 panel daude ikusgai. Bertan, mundu osoko gatazka kultural, politiko eta erlijiosoak aztertzen dituzte: Palestinatik hasi, eta Euskal Herrira. Marrazkilarien ikuspegi zorrotz, kritiko, hausnartzaile eta umorezkoa kontuan hartuta.

Gai serioak edo umorezkoak nahiago dituzten galdetuta, lau marrazkilariek argi dute biak direla uztargarriak. «Gauza guztiez egin daiteke negar eta trufa, gakoa errespetuan dago», dio Urmenetak. Cartooning for peace moduko erakusketen garrantzia nabarmendu dute. Izan ere, egungoa ikus-entzunezko gizarte bat dela onartu arren,bakearen nahiz giza eskubideen inguruan hausnarketa bultzatzerako orduan marrazkilarien eta marrazkien balioa defendatu du Mattin- ek. «Gure indarra xumetasunean eta menpekotasun ezan dago. Ikus entzunezkoekin gertatzen ez den bezala, periferiatik egiten dugu kritika, ez dugu inongo botererekiko menpekotasunik. Halako gatazken berri izaterako orduan, hori da jendeak nahi duena. Ez zure iritzia ematea. Hori, ziurrenik, ez zaio axolako. Nahi duena da, zure marrazkia tresna bat izatea bere iritzi propioa eratzeko eta izateko»,uste du Mattinek. Lehen kolpean irudi batek duen indarra baliatu behar dutela uste du Orozek. «Gure kasuan, gainera, ikus entzunezko irudiekin gertatzen ez den bezala, egiten duguna argitaratzen dena da. Hori oso inportantea da sentsibilizazioa eta pedagogia egiterako orduan». Urmenetak, gainera, beste elementu bat jarri du mahai gainean. «Kritikarako eta azalpenerako ez ezik, oroimenerako ere elementu garrantzitsuak dira marrazkiak, eta halako gatazketan ezinbestekoa da hori. Tabuak alde batera uzteko ere balio dute».Kap-en ustez, euren lana «txikia eta apala» da. «Baina abantaila bat du: edonork ulertzen du, zerbait unibertsala badago hori marrazkiak baitira».

Askatasunari trabak

Oroimen eta sentsibilizazio hori lortzeko, «arduraz» jokatzearen garrantzia berretsi du Orozek. «Bestela, Mahomaren karikaturekin gertatutakoa ikustea besterik ez dago». Hori dela eta, halako gaiak jorratzean gorrotoa eta amorrua alde batera uztearen garrantzia defendatu du. «Onaren eta txarraren paperak alde batera utzi behar ditugu, hori baita halako gatazketan egiten ez dena. Guk ezin dugu ibili etiketak jartzen. Hori ez da gure lana. Hori lortzeko distantzia bat hartu behar dugu guk geuk, eta gatazkak urrutitik aztertu». Ados dago horrekin Mattin, eta halakoak saihesteko ezinbestekoa ikusten du egun dagoen «zarata mediatikotik» aldentzea. «Informazioaren gizartean egonda, gehiegizko estimulazioa dugu. Leku guztietatik jasotzen ditugu irudiak: telebistatik, Internetetik...». Ez dago horrekin ados Urmeneta. «Beti bizi izan gara irudiaren gizarte batean, prehistorian kobazuloetan egiten ziren marrazkiak gogoratzea besterik ez dago. Irudien bidez funtzionatzen dugu. Baina gaur egun gainbehera bat ematen ari da idatzizko informazio eta elementuetan, eta horrek eragin du irudiek dimentsio handiagoa hartzea». Prentsa idatzian lan egiten duten marrazkilarien kasuen, distantzia hori hartzea zaila dela uste du Kapek. «Aktualitateak jan egiten zaitu».

Adierazpen askatasunaren ikur ere badira bakeari eta giza eskubideei buruzko irudiak. «Halako erakusketek balio behar dute, beren marrazkiak egiteko eta zabaltzeko zailtasunak dituzten marrazkilariei laguntzeko. Herrialde batzuetan arazo handiak dituzte», esan du Orozek. Urrutira joan gabe, Euskal Herrian ere hori geratzen dela gogorarazi du Urmenetak. «Hemen ere gai batzuk ukituz gero arriskua duzu etxera furgoneta bat etorri, atxilotu eta zulora eramateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.