Bakalaoaren tenpluak

Hogei urte bete ditu dantzalekuen urrezko aroak. Asteburuero, ostiraletik igande goizera, milaka gaztek uko egiten zioten loari, eta erromesaldi anfetaminiko arriskutsuari ekiten zioten. Itxita daude gune haietako asko.
Itxita dago Debako (Gipuzkoa) Txitxarro dantzalekua. Euskal Herriko bakalaoaren ibilbideko geldialdi nagusietako bat izan zen.
Itxita dago Debako (Gipuzkoa) Txitxarro dantzalekua. Euskal Herriko bakalaoaren ibilbideko geldialdi nagusietako bat izan zen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Edu Lartzanguren -

2018ko urtarrilak 27
Iker Rodriguez bakalaoaren arkeologo moduko bat da. 1990eko hamarkadan pil-pilean zegoen bakalaoaren ibilbideko dantzalekuak erretratatzen ditu. Eraikinetako bakan batzuk zutik daude, baina gehienak itxita, edo hondakin multzo bat besterik ez dira. «Musikaren tenpluak ziren», esan du.

Irratigintzan hasi zenean zaletu zen Rodriguez dantzarako musika elektronikoarekin. Gainera, diseinatzailea izanik, orduko iruditeria biltzen du. «Kartelak, posterrak, flyer-ak maite ditut, eta baditut 20.000 inguru etxean», esan du. «Mugimendu haren atzean, drogez gain, diseinatzaile, artista eta kulturako jende asko egon ziren, eta kartel asko artelanak dira, horregatik biltzen ditut». 4.000 CD ere baditu.

Euskal Herrian, Irungo (Gipuzkoa) Jennifer dantzalekuan entzuten zen Valentziako (Herrialde Katalanak) «bakalao soinua» deituriko musika hura, larunbata arratsaldeetan, Jenny Power deituriko saioan, Rodriguezek gogoratu duenez. Debako (Gipuzkoa) Txitxarro geroago hasi zen, eta trance doinuak erabiltzen zituzten han. «Dantzalekuak bata bestearen atzetik irekitzen zituzten, eta horrela, ostiral arratsaldetik astelehen goizaldera arte bazegoen non dantzatu». Jaizaleek kilometroak egiten zituzten: Bizkaian, Nyx (Bilbo), Non (Lemoa); Gipuzkoan, Erne-Itzela (Oiartzun), Young Play (Hernani), Xoxote (Azpeitia), The Sound (Irura); Nafarroan, Malloak (Azpirotz), Matraka (Lakuntza)... Geltokien zerrenda osoa izugarri luzea litzateke.

Garai hura bizi izan zuen Ion Andoni Del Amo EHUko irakasleak, baina «urrutitik». Izan ere, Euskal Herrian aurrejuzgu handiz hartu zen mugimendu hura, eta irakasleak onartu du: «Neu aurreiritziak aireratzen zituen horietako bat nintzen». Del Amok Party & Borroka liburua argitaratu zuen 2015ean, Euskal Herriko azken 60 urteetako mugimendu sozialak eta musikaren arteko loturak aztertuta.

Zein aurreiritzi zeuden dantzalekuetako giroaren kontra? Esaterako: musika hori bazter auzoetako kontua zela, Basaurikoa, Barakaldokoa... Orain dela gutxira arte heldu dira uste horien oihartzunak; hor dago ETBko Vaya Semanita telebista saioak El Jonan de Baraka pertsonaiarekin jorratutako estereotipoa. «Aurreiritzi nazionala ere bazegoen», gaineratu du Del Amok: «Espainiatik etorri zenez, espainiarren musika zela esaten zen». Hirugarren aurreiritzia drogarekin loturikoa da: pilulak zirela bakalaoaren gauaren erregaia. «Hori punkaren gainean ere esan zuten hasieran», esan du Del Amok. «Eta halako epaiak egiten ziren gaztetxeetan, kalamua erretzen zen bitartean».

Aurreiritziak hausteko saio arrakastatsu bat egon zen: Hemendik At taldea. «Hibridazio saio bat izan zen: rock radikalaren espiritua hartu eta tekno musikarekin nahastu: euskal bakalao radikal antzeko bat». Heavy metalarekin antzeko zerbait gertatzen zen, Su Ta Gar heldu arte.

Euskara dantzalekuetara eramateko saio horren sustraian dago Iker Sadaba. Musikariak 18 urte baino ez zituen Hemendik At taldea sortu eta lehen maketa grabatu zuenean, 1995ean. Bakalaoa baino gehiago, eurodance estiloa maite zuen, erritmoa ez ezik, melodia ere lantzen zuelako. Iruñeko San Fermin ikastolako bi kiderekin osatu zuen taldea, txantxa gisa, ezer grabatzeko asmorik gabe.

«Jendeak uste du garai gozoa izan zela guretzat, baina, hasieran, gogorra izan zen». Bi urte kostatu zitzaien lehen diskoa argitaratzea. Gor diskoetxean ere ez zekiten oso ondo zer egin Hemendik At taldearen proposamenarekin, eta, disko osoa egin beharrean, zer gerta ere, 1997ko Aurtengo Gorakada bilduman sartu zuten haien Goazen! kanta. «Kaleko garraxia/ zer da demokrazia?/ Hemen guk nahi duguna/ gure askatasuna. Jeiki! Euskaldun guztiok/ haur, zahar, neska eta mutilok/ Goazen! Guztiok batera Ikurrina askatzera».

Orain kontrakoa ematen badu ere, Goazen! kantak ez zuen aho bateko oniritzia jaso plazaratu zutenean. «Lehen kontzertuetan, rock taldeen ondoren jotzen genuen, gure musika ordu txikitako giroarekin lotzen zelako, eta kontzertu batzuetan botilak botatzen zizkiguten». Gorroto horren lekuko zuzena izan zen Del Amo. Askotan Hemendik At taberna batean jartzen zutenean, parrandazale askok «hau ez da gure estiloa!» oihukatzen zuten. «Gaur, txosnetan, Hemendik At taldearen Goazen kantak sekulako arrakasta du», gaineratu du. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.

Hedonismoa, drogak eta errealitatetik ihes egiteko musikari buelta bat eman zioten Sadabak eta lagunek, eta abertzaletasuna eta erreibindikazioa sartu zituzten. «Arrakasta ezin da bilatu, heltzen da beste zeozer egiten saiatzen zarenean, eta gu dance musikan gizartearen inguruko mezuak sartu nahi genituen».

Erasoak

Eraso zuzenak jasan zituzten bakalaoaren hainbat tenpluk. 2000. urteko irailaren 10ean, Txitxarro leherrarazi zuen ETAk, 25 kilo lehergaiz. Dantzalekua «droga trafiko sarean begi garrantzitsua» zela adierazi zuen ETAk, egun batzuk geroago. Narciso Korta zen diskotekaren jabea. Haren anaia Jose Maria Adegi enpresaburuen elkarteko presidentea hil zuen erakundeak, hilabete bat lehenago.

Urtebete geroago, irailaren 9an, Lakuntzako Universal dantzalekuaren kontra jo zuen ETAk. Matraka zuen izena, aldatu aurretik, eta, Txitxarrorekin batera, Euskal Herriko bakalaoaren ibilbidearen erpinetako bat zen. Batzuek Txitxarron hasitako parranda Matraka-Universalen amaitzen zuten, dantzalekuak igandeetan irekitzen zuelako, 08:00etatik 15:00etara. 1.200 gazte inguru hartzen zituen igandero; Lakuntzak 1.000 biztanle inguru zituen orduan. Askotan, diseinuko drogak atzemateko operazioak egiten zituen Poliziak han. Nafarroako Gobernuak ixteko agindua eman zien dantzalekuaren jabeei uztailean, ez zuelako segurtasun arauak betetzen, baina haiek helegitea jarri zioten erabakiari.

Lendakaris Muertos taldeak ETA, deja alguna discoteca kantan islatu zituen eraso haiek, punk-rock doinuekin, betiere, baina bakalaozaleen extasí, extano —MDMA drogaren apologia— ETA sí, ETA no bihurtuta.

Beste hainbat kasutan ere, ez dira errazak izan dantzalekuetako bezeroen eta herritarren arteko harremanak. Donibane Garazin instituzio bat zen Le Gin Fizz dantzalekua. 2006. urtean, US Nafarroa errugbi taldeko jokalariak garaipen bat ospatzen ari ziren han. Alkoholaren eraginpean, 19 eta 22 urte arteko gazte batzuek hiru ahuntz lapurtu zituzten inguruko larre batetik, eta igerilekura bota zituzten. Ito egin ziren animaliak. Antton Luku idazleak antzezlan batean kontatu zuen gertaera. «Ikuskizunaren hirugarren partean agertzen zen ahuntzena», esan du. «Baina lehenago ere ikusten ziren ahuntzak uretan pasatzen, hankak estekaturik». Errugbilariek haka bat egiten zuten, «ahuntzak lapurtzera joan aurretik». Hilabete bateko kartzela zigorra eta gizarte lanak egitera zigortu zituzten sei errugbilari, animalien kontrako gehiegikeriengatik, besteak beste. Le Gin Fizz itxita dago gaur.

Donibane Garazi eta Maule inguruan, dozena erdi bat dantzalekuk lehia egiten zioten elkarri, 1990eko hamarkadan inguru horretan. Baina errepide kontrolek eta populazio galtzeak gainbehera ekarri zuten. Zuberoako azken dantzalekua da Urdiñarbeko Coucou des Bois. Historia luzea du. Niko Etxartek aipatu zuen Euskal Rock And Roll kantuan (1973): «Izan gira Euskal Herrin/ rock&rollin/ Gaüa heldü denin/ adiskidiekin/ juiten g(ar)ela bestaka.../ Bal-en urhentzin/ene maitea/ eneki jin zite 'au Coucou des Bois'». 2016an salgai egon zen dantzalekua, eta haren etorkizuna, kolokan. Asteburuetan zabaltzen dute orain.

DJren duintasuna

«Mugimendu popularra izan zen bakalaoaren hura, klase apalekoa», esan du Del Amok. Zer bihurtu da orain? Irakaslearen arabera, bazter auzoko estigma galdu du, azkenean, disko jartzailearen figurak «duintasuna» eman diolako.

Gauaren tenpluak ez dira gaur garai batean izan zirena. Zabaldu dira batzuk, «beste izaera batekoak», del Amoren arabera: Fever (Bilbo), Sonora (Erandio, Bizkaia), Revolution (Gernika, Bizkaia), Nicolette (Iruñea)... «Aisialdirako jarrerak ere aldatu dira, eta eremu berri batzuk ere sortu dira: formatu txikikoak —gazte lokalak— edo handikoak, tenplu efimeroak: festibalak».

Sadabak jarraitzen du musika sortzen: Yogurinha Borovarentzat kantak egiten ditu, eta erremixak Alemaniako ekoizle batentzat. Iruñean, hiriaren inguruan zeuden dantzalekuak ixten joan dira, gaur tabernetan eta diskoteketan musika bera jartzen dutelako, eta inor gutxiri bururatzen zaiolako autoa hartzea parrandan ateratzeko, Sadabak esan duenez. «Zuhurragoak gara orain».

Dantzalekuen urrezko aroko materiala biltzeaz gain, disko jartzaile lanak egiten ditu Rodriguezek. «Bakalaoaren ibilbidea droga zen, azken batean: hori jarraitzeko, derrigorrean drogatu beharra zegoelako. Mugimendua asko handitu zenean eta eskuetatik joan zitzaienean, agintariek moztea erabaki zuten». Erraz gelditu zuten, gainera: aski izan zen trafiko kontrolak jartzea bakalaoa lehortzeko. Txitxarro itxita dago, eta hari ere argazkia egin dio Rodriguezek. Tenpluz tenplu ibiltzen da oraindik ere, baina dantzan barik, mugimendu hartatik geratzen diren aztarna arkeologikoak jasotzen. «Gauaren maitalea naiz, azken batean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna