Gorenak Segirekin lotuta zigortutako zazpi gazteetatik bost absolbitu ditu

Ez du frogatutzat jo «militantzia aktiboa».

Bina urtera murriztu die zigorra Esteban eta Villaverderi
Maiatzean, Gasteizko herri harresian atxilotu zituzten Zaldibar —irudian—, Robles eta Esteban.
Maiatzean, Gasteizko herri harresian atxilotu zituzten Zaldibar —irudian—, Robles eta Esteban. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena -

2015eko azaroak 25
Bart bete ziren sei urte Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita 34 gazte atxilotu zituztenetik. Haren ondorio izan dira 40 gazteren aurkako auzia, aurrena, eta beste 28ren aurkakoa, gero —aurreko auziaren segidatzat jo zuten akusazioek—. Atzo kaleratu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak azken horien inguruko epaia: Auzitegi Nazionalak zigortutako zazpi gazteetatik bost absolbitu dituzte: Igarki Robles, Marina Sagastizabal, Bergoi Madernaz, Xabat Moran eta Aiala Zaldibar —azaroaren 4an askatu zituzten—. Ibon Estebani eta Ainhoa Villaverderi, berriz, bina urtera murriztu die zigorra. Hilabete inguruan beteko du zigor osoa Estebanek, eta hiru hilabeteren bueltan Villaverdek.

«ETAren harrobiari burua moztu diogu», esan zuen duela sei urte Espainiako Barne ministro ohi Alfredo Perez Rubalcabak. Gorenaren azken epaiarekin, gutxienez deigarria da Segiren aurkako bi polizia operazio handiek utzitako emaitza juridikoa. 68 gazteetatik 66 jo dituzte errugabetzat. Denera, 408 urteko zigor eskaera egin zuen fiskaltzak, eta lau urteko zigorrean geratu da azkenean. Emaitza erreala, ordea, bestelakoa izan da. 51 gaztek salatu dute torturatu zituztela. Denera, 85 urtetik gora egin dituzte preso, «behin-behinean», sakabanatuta. Kalean, epaiketaren zain, baldintzapean aske egon dira; besteak beste, astero edo astean bitan sinatu behar izan dute auzitegian, eta gehienak ezin izan dira irten Espainiako Estatutik.

Auzitegi Nazionalak maiatzean zigortu zituen azken 28 gazteetatik zazpi —beste bederatzi absolbitu zituen, eta gainerako hamabiei epaiketan bertan erretiratu zizkieten karguak—. Haietako bosten helegiteak onartu ditu orain Gorenak. Epaileen esanetan, Robles, Sagastizabal, Moran, Madernaz eta Zaldibarri ez zaie errespetatu errugabetasun presuntzioa.

Epaileek azaldu dutenez, «ETAren erakunde sateliteen» kasuan, beharrezkoa da auzipetuak «militante aktiboak» zirela frogatzea. Hau da, Segiko kidetza hutsaz gain, frogatu behar da auzipetuek «indarkeria jarrerak» zituztela eta «kale borroka» ekintzak gauzatu zituztela, edo «zuzendaritza edo ardura jarduerak» egiten zituztela Segiren barruan. Absolbitutako bosten kasuan, epaileek ebatzi dute ez dela halakorik frogatu.

Villaverderen eta Estebanen kasuan ere ez dute ikusi «indarkeriarekin» lotutako jarduerarik; bai, ordea, «zuzendaritza edo ardura jarduerak». Horregatik ebatzi du Gorenak frogatuta dagoela Segiko «militante aktibo» zirela, baina «larritasun eskasa» dutela egozten zaizkien jarduerek. Horregatik murriztu diete zigorra bina urtera, uztailean indarrean sartutako lege bat aintzat hartuta.

Defentsako abokatuek eskatu zuten lege moldaketa aintzat hartzeko. Horren arabera, «erakunde terroristako kide» izatea egotzi izanagatik, ez da zertan beti sei urteko zigorra izan gutxienekoa. Epaitutako egitatea «larritasun gutxikoa» bada, epaileek aukera dute zigorra gradu bat edo bi jaisteko.

Ernai: «Lotsagarria»

2010eko urrian eta 2010eko abenduan egindako bi sarekadatan atxilotu zituzten 28 gazteak. Ernai gazte erakundearen esanetan, «gazteria konprometitua» izateagatik zigortu zituzten. «Lotsagarritzat» jo du orain Gorenak sententzia hori ateratzea, gazteak «atxilotu, torturatu, epaitu eta espetxeratu ostean». Gasteizko herri harresian atxilotu zituzten azkenengoz Robles, Esteban eta Zaldibar, eta hori ere ez dute ahaztu Ernaikoek: «Beste behin, EAJk espainiar justizia ustelarekin bat egin eta polizia bidali zuen gu jo eta gazteak atxilotzera».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna