Patxi Lopez izango da Kongresuko presidentea, PPren oniritziarekin

PPk ez du hautagairik aurkeztuko, baina Ciudadanosekin gehiengoa izango du Mahaian

jokin sagarzazu
2016ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Patxi Lopez izango da Espainiako Diputatuen Kongresuko presidentea, baina PPk eta Ciudadanosek gehiengoaizango dute Mahaian. PPk, PSOEk eta Ciudadanosek eginiko akordio bati esker izendatuko dute PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia Espainiako Kongresuko presidente. Patxi Lopezek bere alderdiko eta Ciudadanoseko diputatuen babesa jasoko du. PPk ez du hautagairik aurkeztuko, ezta Lopez babestuko ere. Podemos akordiotik kanpo geratu da, PSOEk azaldu duenez, Pablo Iglesiasen alderdiak lau talde parlamentario izateko «exijentziari» ez diolako uko egin. EAJk eta EH Bilduk ez dute jakinarazi euren botoa.

Gaur osatuko dituzte Espainiako Gorteetako Mahaiak, eta diputatuek euren karguen zina egin ostean, Espainiako gobernuburua hautatzeko prozedura jarriko dute martxan. Espainiako erregea Gorteetan ordezkaritza duten alderdiekin bilduko da datozen egunetan, eta hautagai bat proposatuko du gero. Orain arte, hamar eguneko epean egin du hori, baina ez du mugarik. Gorteak osatu ostean, alderdiek bi hilabete dituzte gobernuko presidentea hautatzeko; bestela, hauteskundeak egin beharko dira berriz.

Sozialistek esana dute ez dutela PPren hautagairik babestuko, eta gobernua osatzen saiatuko direla. Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak atzo esan zuen berak «nahikoa zume» ikusten dituela Podemosekin eta Ciudadanosekin akordioa egiteko. Katalunian erreferenduma egitea jarri du baldintza gisa Podemosek. Sozialistentzat, «marra gorri» bat da hori, baina Podemosen babesik gabe ezingo lukete gobernua eskuratu.

Geroko akordioak

Kongresuko Mahaia osatzeko negoziazioak eta gobernua osatzekoak bereizten saiatu ziren atzo PSOEko kideak. Patxi Lopezek esan zuen bera buru duen Mahaiak abenduaren 20ko bozek utzitako «pluraltasuna» islatuko duela. Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak, berriz, iragarri du gaur bertan eskatuko duela Rajoyren gobernuaren lan eta hezkuntza erreformak indargabetzeko.

Mahaiko kideen banaketa negoziatzen aritu ziren atzo arratsaldera arte PP, PSOE eta Ciudadanos. PPren nahia zen presidentetza hartzea, baina argitara eman ez dituzten arrazoiengatik ez da horrela izango. Horren ordez, PPk izango du kide gehien: bi presidenteorde eta idazkari bat. Eta Ciudadanosen babesarekin, gehiengo osoa izango luke Mahaian. Sozialistek, presidentea ez ezik, presidenteorde bat izango dute. Ciudadanosek, bi idazkari, eta Podemosek, presidenteorde bat eta idazkari bat.

Pedro Sanchezen arabera, sozialistek ezin izan dute Podemosekin akordioa egin haiek eskatutakoa —lau talde ezberdin izatea— Kongresuko araudiak ez duelako baimentzen. Pablo Iglesiasek ohartarazi du akordioa lortu ez izanak etorkizunean itunak egitea «asko zailduko» duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.