Arrankudiagan azaroaren 2an egin nahi dute independentzia galdeketa

Herri plataforma zabal bat sortu dute kontsulta antolatzeko.

Euskal Herriko bigarrena izango da
Etxarri Aranazko herritar bat apirileko galdeketan bozkatzen.
Etxarri Aranazko herritar bat apirileko galdeketan bozkatzen. IDOIA ZABALETA / ARP

Enekoitz Esnaola -

2014ko ekainak 24
Etxarri Aranazko (Nafarroa) galdeketak segida izango du, Arrankudiagan ere (Bizkaia) egingo baitute, herritar talde batek deituta. Azaroaren 2rako jarri dute, BERRIAk jakin duenez, eta, Etxarri Aranatzen bezala, Euskal Herriaren independentziari buruz galdetuko dute. Halako bigarren herri kontsulta izango da, beraz; bestea apirilaren 13an egin zuten.

Arrankudiagako «sentsibilitate politiko ezberdineko» herritar batzuk duela bi hilabetetik ari dira biltzen. Ostiralean herri batzar bat antolatu zuten, Gizarte Etxean, egitasmoaren jendaurreko lehen aurkezpena egiteko: 25en bat lagun azaldu ziren, eta ontzat jo zuten proposamena.

Beste herri batzuetan ere hasiak dira galdeketa egiteko ideiaz hizketan, batik bat ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kateaz geroztik. Arrankudiagako taldeak dio Euskal Herri mailan galdeketei batasun bat ematea erabakitzen bada, aintzat hartuko duela. Oraingoz, baina, azaroaren 2ko data jarri dute.

Katalunian, adibidez, lehendabiziko herri galdeketa egin ostean —2009ko irailean, Arenys de Munten—, Kataluniako kontsulten koordinakundea sortu zuten, eta urte hartako abenduan 167 egin zituzten aldi berean. Etxarri Aranazko galdeketaren behatzaile eta Kataluniako koordinakundeko Josep Manel Ximenis Euskal Herrian kontsultak bateratzearen alde azaldu zen. «Komeniko litzateke galdeketak segida izatea Euskal Herrian. Baina garrantzitsua litzateke modu koordinatu batean egitea, ez soltean. Indar handiagoa izango du».

Arrankudiagako taldean, besteak beste, garrantzia ematen diote Europako testuinguruari: Eskozian datorren irailaren 18an egingo dute independentzia galdeketa, eta Katalunian azaroaren 9rako dago deituta. Frankismoaren ondoren Arrankudiagako Udala Euskal Herriaren independentziaren alde agertu izana ere nabarmentzen dute; aho batez hartu zuen erabakia, eta hura izan zen independentziaren alde agertu zen lehen euskal udala.

Oso kontuan dute, halaber, Etxarri Aranazko herri galdeketa, eta aste honetan hango plataformarekin biltzeko asmoa daukate, «entzuteko eta ikasteko». Galdera bakarra egin zuten han: «Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?». %42,7ko parte hartzea izan zen; «ona», antolatzaileen ustez. Emaitza, garbia: independentziaren alde %94; aurka, %2,1; boto zuriak, %3; eta baliogabeak, %0,3. «Guk galdeketan izan den errespetua azpimarratzen dugu», esan zuen plataformako bozeramaile Manu Gomezek.

Etxarri Aranazko taldeak galdeketarako protokolo bat egin zuen, eta prest daude besteen esku uzteko. «Gurea antolaketa aldetik ondo ateratzen bada, protokolo hau ondorengo balizko galdeketetarako erabiliko da», iragarri zuen Gomezek. Galdera bakarra egiteaz gain, hiru boto aukera eman zituzten —bai, ez eta zuria—; 16 urtetik gorako herritarrek eman zezaketen boza; bozkalekua toki pribatu bat izan zen; agiri identifikatzaileak zehaztu zituzten; eta behatzaileak aritu ziren —Euskal Herriko lau eta nazioarteko hiru—.

Joan den maiatzaren 30ean, Nafarroako Lurralde Auzitegiak Guardia Zibilaren Altsasuko kuartelera lekuko gisa deklaratzera deitu zituen plataformako Manu Gomez eta Mikel Mundiñano, eta galdeketan erabili zuten lokalaren jabe Jose Luis Erdozia. Antolaketaz galdetu zien fiskaltzak. «Badirudi, ordea, galdeketak kriminalizatzeko saio bat dela hau», adierazi zuen Gomezek.

Ezker abertzale eta EAJkoa

Arrankudiagan, Jose Aspiazu alkate ohi (1987-2002) eta jeltzalea eta Joseba Martin ezker abertzaleko kidea hasi dira galdeketaren ideia lantzen. Antzeko adina daukate biek —50 urte pasa—, eta, urteetan politikoki urrunduta egon ondotik, azkeneko urteetan euren umeen jarduerak elkartu ditu batik bat: futbol taldeak... «Pixkanaka, konfiantza lortuz joan gara. Biok bat gatoz herritarrok erabakitzeko eskubidea daukagula eta gauzatu beharra dugula», dio Martinek. «Ondorioz, pentsatu genuen aukera bat izan daitekeela gure herrian ere galdeketa bat antolatzea. Jende gehiagori azaltzen hasi ginen, eta batzorde bat osatu genuen».

Herritik kanpo ere politikan aritutakoak dira biak. Aspiazu Udalbiltzaren sorreran aritu zen, nazio mailako bileretan eta. Orain ere indar abertzaleen batasunaren alde dago, eta Euskal Herria nazioa dela eta euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela aldakarritzen du; hala idatzi zuen, kasurako, duela bi urte Arrankudiagako ezker abertzalearen Ezkurra hilabetekarian. «ETAk jarduera armatua utzi du, eta ez dago eragozpenik alderdi abertzaleek Udalbiltza batzeko oinarriak jartzeko», zioen, besteak beste. Martin, berriz, HBko Mahai Nazionaleko kide izana da; 1995ean hautatu zuten, Bizkaiko arduradun. 2007an alkategai aurkeztu zen, baina zerrenda baliogatu egin zuen Espainiako Justiziak.

Etxarri Aranatzek 2.500 bizilagu ditu; Arrankudiagak, 2013ko datuen arabera, 963. Arratia-Nerbioi Bizkaiko hego-mendebaldeko eskualdean dago, Bilbotik 35 kilometrora eta Arabarekin mugan. Legealdi honetan Bildu dago alkatetzan. Lau hautetsi lortu zituen 2011ko hauteskundeetan, botoen %52 jasota. EAJk ditu beste hirurak —botoen %46—. 1987tik 2007ra, alkatea EAJkoa izan zen. 1979tik 1987ra, hautagaitza independente batekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna