Datozen urteetako ildo estrategikoak aztertu dituzte BERRIA Berri taldean

Hamabosgarren urteurrenaren jiran, kazeta gogoetan ari da, «salto kualitatiboa» emateko asmoz

BERRIA Berri taldeko kideek bilera egin zuten atzo Andoainen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Aurten du hamabosgarren urteurrena BERRIAk, eta geroari buruzko hausnarketa betean dago. Komunitateak indar handia hartu du azken urteetan, eta BERRIAlagunen ekarpena ezinbestekoa da proiektuak aurrera jarrai dezan. Geroa zugan lelopean ari dira mezua zabaltzen han eta hemen. Eta ez BERRIAko kideak soilik: BERRIA Berri taldea osatu zuten udazkenean, BERRIAren «bidelagun» diren pertsona ezagunen taldea. Ehun lagun baino gehiago daude taldean. Taldearen bilera egin zuten atzo, eta hizpide izan zuten BERRIA datozen urteei begira egiten ari den gogoeta estrategikoa.

Komunikabideen arloan izaten ari diren aldaketen erdian, BERRIA gazi-gozo iritsi da hamabosgarren urteurrenera. Batetik, audientziei dagokienez, inoiz baino jende gehiagorengana heltzen da, baina, bestetik, diru aldetik ez dago egoera onean, publizitatearen jaitsieraren eta Interneteko diru sarrerarik ezaren ondorioz.

Hain justu, hori ere bada Geroa zugan lelopeko egitasmoaren xedea: Interneten BERRIAren edukiak erabiltzen dituztenei ardura eskatzea, finantzaketan lagundu dezaten, BERRIAlagun eginda. Helburu jarri dute 5.000 lagunek ematea pausoa; ia 1.400 BERRIAlagun egin dira hilabeteotan. Denera, 14.000 BERRIAlagun daude.

Erakundeekin

Horrekin batera, BERRIA Berri taldeak administrazioari dei egin dio, ekarpen «are garrantzitsuagoa» egin dezan euskarazko hedabideetan. Norabide horretan, Hekimen euskarazko komunikabideen elkartean lanean ari dira finantzaketa publiko «egonkorra eta sendoa» lortzeko. Mahai bat osatu dute Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Diputazioarekin.

BERRIA bera etxe barruan ere ari da datozen urteei begira. BERRIAk hausnarketa estrategikoa abiarazi du datozen urteetan jorratu beharreko ildoari buruz: eginkizuna, edukiak, finantzaketa, antolaketa eta berrikuntza... Hainbat arlori buruzko azterketa ari da egiten. Datorren urtean «salto kualitatiboa» emateko helburua jarri dio egunkariak bere buruari.

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=22FLr8iLllw[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.