Gurpila gelditzeko karabana

'Mugak Zabalduz' karabana Euskal Herrian ibiliko da larunbatetik astelehenera bitartean. Hendaian hasiko da karabana, eta migratzaile nahiz errefuxiatuek izaten dituzten mugak identifikatu eta salatuko ditu geldialdiak egingo dituen leku bakoitzean.

2016ko udan Greziara egindako Mugak Zabalduz karabanako une bat. ECUADOR ETXEA.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Bi urte beteko dira aurten Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Mugak Zabalduz karabana lehen aldiz egin zuenetik. Europako Batasunaren migrazio politikak salatzeko asmoz, 2016ko udan Greziara egin zuten lehen bidaia; izan ere, Siriako gerratik ihes egiten ari ziren errefuxiatuek Mediterraneoko herrialde hura zuten lehen helduleku. Iaz, berriz, Melillara joan ziren (Espainia), hango mugako polizien jarrera salatzeko. Aurten Italiara joango dira uztailean, baina, aurrez, Euskal Herrian ibiltzea erabaki dute. Bertan egingo dute Mugak Zabalduz karabana; larunbatean ekingo diote, Hendaian (Lapurdi), eta astelehenean amaituko dute, Bilbon.

«Gurean ere oztopo galantak ditugulako» egingo dute karabana Euskal Herrian, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kide Itziar Fernandezen arabera. Haren esanetan, Mugak Zabalduz egitasmoa Euskal Herriko «puntu beroenetatik» igaroko da. Besteak beste, karabana Hendaiako pertsona migranteentzako zentrora, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia arteko mugara eta Andoaingo Sapa arma fabrikara (Gipuzkoa) joango da lehen egunean; gainerako egunetan bisitatuko dituzte, besteak beste, Tuterako Bardeako Batzordea eta Bilboko portua. Antolatzaileen ustez, «oso garrantzitsua» da Euskal Herrian egiten diren praktika politikoak eta ekonomikoak salatzea, baita praktika horiek pertsonengan dituzten ondorioak ere.

Euskal Herriko erakundeekpraktika ekonomiko eta politiko horiek «mantentzeko» duten joera azalarazi nahi dute: «Politika horiei esker sortzen dira CIE berriak, esaterako». CIEak atzerritarrak barneratzeko zentroak dira; Fernandezen ustez, «kartzela modukoak dira, nahiz eta barruan daudenek inoiz deliturik egin ez». Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideak azaldu du migratzaileak edo errefuxiatuak direlako soilik sartzen dituztela zentro horietan. Halaber, «erakundeek gizendutako zakuan»sartu du tiro poligonoak eta armagintza fabrikak mantentzea, portuak armen trafikoari zabaltzea eta pertsonen fluxuaren itxieran duten partaidetza.

Jarduera horiek gurpil batekin alderatu ditu Ignacio Robles suhiltzaileak. Robles iaz egin zen ezagun, uko egiteagatik Santurtziko portutik (Bizkaia) Saudi Arabiara bidaltzekoak ziren bonba kargamentu bat ontziratzeari: «Armak salduz negozioa egin, eta herriak bonbardatzen ditugu. Eta gero ez diegu aterik zabaltzen bonbetatik ihesi datozen errefuxiatuei ». Halere, uste du kontzientziak piztu dituela bere ekintzak: «Plataforma askok heldu diote gaiari; adibidez, errefuxiatuen gaia lantzen duten gobernuz kanpoko erakundeek. Arma salmentaren gaiak eta errefuxiatuenak oso lotura estua dute. Hemendik armak bidaltzen ari dira Ekialde Hurbileko zenbait herrialdetara. Herritarrok erantzukizuna dugu gai horretan».

Roblesek baztertutako kargamentua Saudi Arabiarako bazen ere, Roblesek duela gutxi jakin du Santurtziko portutik Saharaz hegoaldeko herrialdeetara ere bonbak bidaltzen ari direla. Hedabideen lana giltzarri iruditzen zaio horrelakoez ohartarazteko, baina orain artean gaia isilpean eduki dutela deritzo: «Hedabideek bazekiten zer gertatzen ari zen; hemendik Saudi Arabiara armak saltzen ari zirela, eta hango armada Yemen bonbardatzen ari zela bonba horiekin. Egun munduan dagoen giza hondamendirik handiena Espainiak saldutako bonbekin ari dira egiten. Komunikabideek bazekiten hori guztia, baina haietako askok ez zuten informazioa haizatzen».

Gurpil horren parte dira armagintza enpresak Fernandezentzat ere. Haren esanetan, enpresa horiek diru publikoa jasotzeak «sarraskien konplize» egiten ditu erakundeak eta herritarrak. Hori salatzeko beharra azpimarratu du. Roblesek antzerako iritzia du; suhiltzaileak adierazi du erakundeak estu hartzeko beharra dagoela: «Ez da presiorik existitzen, eta ezjakintasunagatik da hori. Adibidez, esan ohi da armagintzak lanpostu asko sortzen dituela, eta hori erabat faltsua da». Armagintza industria «dozenaka milioi euro» jasotzen dituen «hondorik gabeko zakutzat» jo du, eta diru hori bestelako industrietan inbertituz gero ere lanpostu asko sortuko liratekeela dio.

Roblesek salatu du Euskal Herriko enpresa garrantzitsu askok armak egiten dituzten adarrak dituztela. Badaki enpresa horiek lan asko sortzen dutela, baina azaldu du horrek ez duela esan nahi armak egiten dituztenean alde hori defendatu behar denik: «Enpresen arlo zibila bai, baina beste aldeari indarra kendu behar zaio; adibidez, giza eskubideak urratzen dituzten herrialdeei armak saltzea debekatuta». Urraketa horien berri jakitea erraza dela deritzo, argudiatuta Oxfam eta gisako elkarteek badutela urraketak egiten dituztenen zerrenda.

Bilboko portua giza eskubideen puntu beltzetako bat «izan daiteke», Roblesek dioenez. Zehaztu du portuak ez duela hori nahi izan, baina ez duela esfortzurik puntu beltza ez izateko: «Pertsona migratzaileen kasuan Zierbenan ematen ari diren erantzunak gauzak okertu besterik ez ditu egiten. Beste aldera begiratzen ari dira, baita arma garraioari dagokionez ere. Esaterako, informazioa ezkutatuz, itsasontzien jatorria azaltzen duten banderak web orrialdeetatik kenduz, eta abar. Gauzak ez dira ondo egiten ari». Roblesek uste du Zierbenako hesia mundu ikuskera jakin baten ordaina dela. Haren esanetan, negozioentzat ez dago mugarik, nahiz eta negozio horiek «heriotzarekin zerikusia» izan. Aldiz, salatu du pertsonek ezin dutela askatasunez mugitu.

Elkartasun aktiboa xede

Karabanak iraungo duen hiru egunetan, hamaika ekintza egingo dituzte Mugak Zabalduz egitasmoan parte hartuko dutenek. Fernandezek zehaztu duenez, asko dira migratzaileek aurre egin beharreko zailtasunak, eta beste hainbeste salatu beharreko ertzak: «Irun eta Hendaia arteko kaleratzeak, NATOren eta Espainiako Armadaren babesa duen Bardeako tiro poligonoa, Zierbenako hesia...». Alabaina, migratzaileek egunero topatzen dituzten oztopoei buruz kontzientziatzea ere badu xede larunbateanabiatuko duten egitasmoak. Oztopoen artean jarri ditu atzerritartasun legediak erakusten duen «arrazakeria instituzionala» eta egunero herri eta hirietan egiten diren identifikazio «arrazistak», deportazioak, eskubide urraketak eta lan esplotazioak.

Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean salatuko dute hori, Gasteizen. Igor Muñoz Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidearen esanetan, migratzaileek ez dituzte arazoak mugetan soilik aurkitzen : «Badaude bestelako arazoak. Guk eskolaren gaia landuko dugu Gasteizen, integrazioaren oinarria hezkuntzan datzalako». Muñozek ezinbestekotzat jo du erakundeen parte hartzea, eta adierazi du rol aktiboa jokatu behar dutela migratzaileen baldintzak eta arazoak konpontzeko. Muñozek adibide gisa esan du Gasteizen ikastetxe publikoetan aritzen direla migratzaileen seme-alaba diren ikasleen %92: «Horrek erakusten du eskola segregazioaren gaia jorratu beharra dagoela».

Hain zuzen ere, karabanako antolatzaileek azpimarratu dute pertsona migratzaileen protagonismoa ikusarazi nahi dutela: «Alde batetik, eurekin bat eginez esplotazioaren kontrako borrokan, eta, bestetik, pertsonen zirkulazio askea aldarrikatuz, eskubide unibertsala baita». Hala, agintarien «politika hiltzaileen» konplize ez izateko beharra azpimarratu dute, eta oroitarazi dute ez dutela «bizitzak apurtzen dituztenen» alde egingo. Karabanaren antolatzaileek ezjakintasunaren muga apurtzeko beharra dagoela uste dute: «Errudunak seinalatu eta elkartasuna eta babesa adieraziko diegu gure auzokideei».

Horretarako, herrien artekoelkartasun sareak indartzeko beharra dagoela diote: «Euskal Herriko pertsona zein kolektibo guztiak animatzen ditugu askatasunean, justizian eta elkartasunean oinarrituriko gizarte baten eraikuntzan parte hartzera». Fernandezek oroitarazi du hainbat profiletako jendea batu zela Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma sortzeko: «Ideologia ezberdinetako jendea elkartu eta manifestazio xume bat antolatu genuen». Lehendabiziko manifestazio hark izandako erantzunak hauspotuta abiatu zuten plataforma. Ordutik, jendea gehitzen joan zaie, eta, gainera, bestelako elkarteekin harremanetan daude: «SOS Arrazakeria, Gurutze Gorria, Ellakuria... Gu orain hasi gara, baina aurretik lan asko egindakoak ere badaude». Euskal Herriko koordinakundeak antolatu du aurtengo karabana, eta herrialdeka banatu dute. Lagun askok hartu dute parte antolakuntzan; izan ere, Bizkaian soilik 400 kidetik gora dira, eta sindikatuak, elkarteak eta bestelako elkarteak bildu ditu.

Haietako asko egongo dira larunbatean karabanaren hasiera ekitaldian, Hendaian. Euskal Herria zeharkatuko dute hiru egunez, nahiz eta bidean zailtasunak aurkitu ditzaketela jakin: «Gero eta errepresio gehiagorekin tratatzen dituzte ekintzaileak», adierazi du Roblesek. Halere, oztopoak gainditzeko prest daude, mugak zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.